Agurrean ere eskas

Osasunak astindua jaso zuen ligako azken partidan, Sevillaren aurka (5-0). Lehiarako batere grinarik gabe zelairatu ziren gorritxoak, eta ez ziren nehoiz suspertu. Sevillak oso gutxi behar izan zuen Iruñeko taldea sarraskitzeko. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

osasuna1

Argazkia: Sevilla FC

Agur esateko hamaika modu daude. Badira modu egokiak, dotoreak, jendeari oroitzapen ona uzteko balio dutenak. Baina adio gisa traketsean ere esan daiteke. Galde diezaiotela bestela Osasunari. Atzo zuen azken partida Lehen Mailan, eta eliteko futbola era txarrenean agurtu zuen. Sanchez Pizjuanen aritu zen, Sevillaren aurka, eta noraezean izan zen hasi eta buka. Maila aldetik alde handiago dago bi taldeen artean, baina atzokoan diferentziarik handiena baten eta bestearen jarreran egon zen. Gorritxoek batere bizitasunik gabe jokatu zuten, aurkaria estutzeko inongo asmorik gabe, eta horren ordainetan, jipoia jaso zuten. Enegarrenez.

Sevillak ere ez zuen ezer jokoan –laugarren postua ziurtatua zuen, eta jada ez zuen aukerarik gora egiteko–, baina zaleak gozarazteko intentzioz irten zen soropilera. Helburua ederki asko bete zuen, denera bost gol egin baitzizkion Iruñeko taldeari, harmailen gozamenerako. Gorritxoak hauskor aritu ziren defentsan, sasoi osoko ildoari jarraiki, eta ezin izan zituzten Sevillaren erauntsiak gelditu. Intentsitate falta izugarria erakutsi zuten, jolastokian arituko bailiran, eta Sampaolirenei nahieran jokatzen utzi zieten. Nafarrek hiru gol jaso zituzten lehen zatian, eta beste bi bigarrenean, aurkariak galga sakatuta jokatuagatik. Azkenean, liga 94 gol jasota bukatu dute; hots, txapelketaren historiako hirugarren erregistrorik txarrenarekin.

Hala ere, gabeziak ez zituzten soilik defentsan erakutsi. Erasoan ere kamuts aritu zen Osasuna, Sevillaren areara iritsi ezinik. Ez zen gai izan baloia oinetan mantentzeko, datuek erakusten duten moduan: %30eko baloi jabetza izan zuen, eta 299 pase besterik ez zituen eman –751 eman zituen Sevillak–. Taldearen jokoa pizten saiatu ziren Alex Berenguer eta Roberto Torres, baina hauen ahalegina ez zen nahikoa izan. Jokalari gehienek burua beste nonbait zuten, eta, hala, ezinezkoa da Pizjuan bezalako zelai batean taxuzko ezer egitea. Bederen, albiste on bat izan zen: lehen taldearekin debuta egin zuen Kike Barja gazteak. Kostata, baina eman zion aukera Petar Vasiljevicek.

Nolanahi, horrek apenas gozatu zuen zale gorritxoen aho zaporea. Osasunak bere historiako sasoirik kaskarrena egin du Lehen Mailan. Akatsa akatsaren atzetik egin da klubaren ia esparru guztietan, eta elitean aritzeko ametsa sufrikario bihurtu da. Oso partida gutxitan izan da lehiatzeko kapaza, eta agurrean ere eskas aritu zen.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s