Taxoareren ordua

Harrobia berriz ere Osasunaren giltzarri bihurtuko da Bigarren Mailan. Lehen taldetik gutxienez zortzi jokalari irtengo dira udako merkatuan, eta badirudi hutsune hori batik bat haztegiko jokalariek beteko dutela. Horien artean daude, besteak beste, Aitor Buñuel, Miguel Olabide, Kike Barja, Jhon Steven, Alvaro Fernandez edota Miguel Diaz.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

14936386928535.jpg

Argazkia: Dani Fernandez, MARCA

Sasoi honetan, Taxoarek garrantzia galdu du Osasunaren lehen taldean. Guztira 14 jokalari etorri dira kanpotik, eta gehienek maila oso apalean jardun duten arren, usuki harrobiko jokalariek baino aukera gehiago izan dute. David eta Unai Garcia eta Alex Berenguer ez beste haztegiko gazteei nekez eman zaie abagunerik. Azken jardunaldietan Aitor Buñuel, Jhon Steven eta Miguel Olabide ere agertu dira, baina Nafarroako Taldeak jada esateko gutxi zuenean. Nolanahi, hori ez da gauza berria Osasunan. Azken garaietan, ziklo berberak errepikatu dira beti: Bigarren Mailan taldea harrobian oinarritu da, baina behin elitera igota, lausotu egin da gazteen aldeko apustua.

Hartara, joera horri jarraiki, aurki Iruñeko taldeak berriz ere Taxoare izango du ardatz. Bigarren Mailan ariko da datorren sasoian, eta udan irteera franko izango dela kontuan harturik, agintariek jada erakutsi dute hainbat gazte lehen taldera igotzeko asmoa. Horretan azken hitza oraindik izendatzeke dauden kirol zuzendariak eta entrenatzaileak izango dute, baina garbi dago haztegia atzera ere funtsezkoa izango dela Osasunarentzat. Taxoaren badago gaia talde sendoa osatzeko: lehen taldean jokatu duten hainbat gaztek maila polita erakutsi dute, eta beste hainbatek distira egin dute Bigarren B Mailan, Promesasekin. Gauzak hala, ondorengo jokalariek zeresana eman dezakete datorren sasoian.

Aitor Buñuel. Tafallako eskuin hegalekoak sasoi amaiera itzela izan du Lehen Mailan. Sasoi hasieran ere izan zuen jokatzeko aukera, Enrique Martin Monrealekin, baina hortik aurrera desagertu egin zen. Alabaina, martxoa hasieran berriz ere jokatzeko aukera eman zion Petar Vasiljevicek, Eibarren kontrako derbian, eta geroztik ia partidu denetan hasierako hamaikakoan izan da. Defentsa lanetan ondo aritu da, atzealdeak erakutsitako bataz besteko mailatik gora, eta erasoko jokoan ere ekarpena egin du. Jokalari bizia da, eta baloiak ondo erdiratzen daki. Datorren sasoian lehen taldeko fitxa izango du. Eskuin hegalak berea izan beharko luke.

Miguel Olabide. Sasoi amaierara arte apenas izan du aukerarik jokatzeko, baina azken partidetan Petar Vasiljevicen konfiantza izan du. Maila tekniko handiko jokalaria da, baina erregulartasuna falta zaio. Oso gutxitan eman du bere bertuteen berri. Leundu beharreko harribitxia da. Hamahiru partida jokatu ditu sasoi honetan –hamalau Sevillan jokatzen badu–, eta gol bat sartu du, Mestallan, Valentziaren aurka. Buñuelek bezala, badirudi fitxa profesionala izango duela datorren denboraldian. Eztanda eginez gero, zeresan handia eman dezake.

Kike Barja. Ezker hegalekoak maila aparta erakutsi du sasoi honetan Promesasen. Jokalari bizia da, aurkariei iskin egiten maisua, eta golak sartzen ere badaki –sasoi honetan zortzi egin ditu–. Azken urteetan hainbatetan entrenatu izan du lehen taldearekin, eta aurten deialdiren batean ere sartu da, ondoren jokatu ez badu ere. Gauzak hala, lehen taldean bere tokia egin du, eta datorren denboraldian Bigarren Mailan ariko da. Noaingoaren etete klausula 350.000 eurotik lau milioi eurora igoko da. Askorentzat harrobiko harribitxi distiratsuena da. Bere maila eman ezkero, zaleak gozaraziko ditu.

Jhon Steven. Duela bost jardunaldi egin zuen debuta, Sportingen kontra, Vujadinovicek partida hasi eta berehala min hartu ostean. Neurketa txukuna osatu zuen, eta geroztik beste lau partida jokatu ditu. Defentsa sendoa eta indartsua dela erakutsi du, kikiltzen ez den horietakoa. Gainera, bi gol sartu ditu. Erdiko defentsaren kontratua amaitzear da, baina Vasiljevicek eman dizkion aukerak primeran profitatu dituenez, datorren sasoian lekua izango du lehen taldean.

Alvaro Fernandez. Atezainak norgehiagoka bat besterik ez du jokatu aurten lehen taldean, baina datorren sasoiari begira lehen taldera igotzeko aukera asko ditu. Mariori kontratua aurki bukatuko zaio, eta Sirigu PSGra itzuliko da. Egoera horretan, atezain bakarra geldituko zaio Osasunari, Nauzet Perez, eta hutsunea betetzeko gizon aproposa izan daiteke Alvaro Fernandez. Atezainak etorkizun oparoa dauka. Internazionala da Espainiako 19 urtez azpiko selekzioarekin, Buñuel eta Otegirekin batera.

Miguel Diaz. Hainbat denboraldi daramatza Promesaseko jokalari garrantzitsuenetako bat izaten, baina oraindik ez diote lehen taldera jauzi egiteko aukera eskaini. Abagunea orain iritsi dakioke. Zuzendaritzak begi onez dakusa Diaz multzo profesionalera igotzea. Orain ala inoiz ez, bere zikloa amaitu baita Promesasen –23 urte ditu, eta kontratua bukatzear dauka–. Nortasun handiko erdilaria da Diaz. Promesaseko kapitaina da, eta badu gaia lehen taldean aritzeko. Ondobidean, datorren sasoian ere elastiko gorritxoa defendatuko du, kasu honetan Bigarren Mailan.

Aipaturkoez gain, badira datorren sasoian lehen taldean lekua izan dezaketen beste zenbait gazte: kasurako, Antonio Otegi, Imanol Garcia, Ivan Marquez edota Luis Perea. Lauek izan dute aurten Lehen Mailan jokatzeko aukera, eta Bigarren Mailan ere izan dezakete abagunerik. Zernahi ere, printzipioz arestian aipaturiko seikotearen atzetik daude.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s