Jipoiak, ohitura

Osasuna Espainiako Ligan gol gehien jaso dituen taldea da. Guztira 88 jaso ditu, azken 60 urteetan beste inork baino gehiago. Eta oraindik zifrak okerrera egin dezake, gorritxoei oraindik bi partida gelditzen baitzaizkie. Txapelketaren historian arrastoa uzten ari dira, eta ez onerako preseski. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

_VALENCIAOSASUNA23191880_ab4326e3.jpg

Argazkia: EFE

Gauza jakina da: Osasuna bere historiako denboraldirik makalena ari da osatzen Lehen Mailan. Makina bat zio daude horren aztean, baina soropileko jardunari erreparatuta, Iruñeko taldeak defentsan izan ditu gabezia handienak. Aurkariak ezin eutsi aritu da sasoi osoan zehar, eta ezin izan du odol-hustea eten. 88 gol daramatza jasota, eta hori ligaren historiako laugarren markarik txarrena da. Soilik 1950-51 denboraldiko Lleida (134 gol 30 partidatan), 1949-50eko Nastic (99 gol 26 partidatan) eta 1950-51ko Alcoyano (92 gol 30 partidatan) ditu aurretik.

Azken 60 urteetan, aurtengo Osasuna da saretik baloi gehien atera behar izan dituen taldea. Marka horretara iristeko, astindua astinduaren atzetik jaso du. Alegia, jipoiak ohitura bihurtu zaizkio talde gorritxoari. Orain arte jokatutako 36 lehietatik 16tan (partiden %44an, alegia) hiru gol baino gehiago jaso ditu. Hots, ia liga erdia gol zaparradak jasotzen eman du, eta aterkirik ez du nehongo unetan aurkitu. Sasoia hainbestean hasi zuen alor defentsiboan, baina geroztik arrakala zabaldu egin da, batez ere Vasiljevicekin. Harekin, nafarrek bataz beste 2,7 gol jaso dituzte partidako (Caparrosekin 2,6; eta Martinekin 1,9).

Hartara, arerio askok gozatua hartu dute Osasunaren kontra. Astindu franko jaso dute gorritxoek, baina badira batzuk bereziki potoloak direnak; esaterako, Kanaria Handia estadioko 5-2koa Las Palmasen aurka, Camp Nouko 7-1ekoa Bartzelonaren kontra, Vila-realen aurkako 1-4koa Sadarren… Eta azken jardunaldiko porrota ere ez zen edonolakoa izan. Osasunak Mestallara egin zuen bidaia, Valentziaren kontra jokatzeko, eta bi taldeek jokoan ezer gutxi izan arren, etxekoak aise nagusitu ziren (4-1). Nafarrak noraezean eta intentsitaterik gabe aritu ziren, eta atzean egindako akats larriak medio, enegarren jipoia jaso zuten.

Gauzak hala, bi lehia gelditzen zaizkio Nafarroako taldeari bere Via Crucisa amaitzeko. Lehenik, Granada hartuko du larunbat honetan. Garaipena lortuz gero, postu bat gora egingo lukete gorritxoek, eta hori akuilu izan dezakete. Sasoia nola joan den ikusita, latza litzateke nafarrek liga azken putz ez bukatzea. Txapelketako azken jardunaldian Sevillaren aurka jokatuko dute, Sanchez Pizjuanen, eta hor beste jipoi bat jasotzeko arriskua izango dute. Talde espainiarrak jada eginda izango ditu etxeko lanak, baina sasoia aho zapore onarekin bukatu nahiko du bere zaleen aurrean. Dena den, gorritxoak jada ez dira astinduaren beldur. Honezkero jipoietara ohituta baitaude.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s