Altxorra du harmailetan

Bartzelonaren aurka galdu eta Bigarren Mailara jaitsi ostean, igandean Deportivo hartu zuen Osasunak. Neurketa nahiko hitsa osatu zuten bi taldeek, eta azkenean bina berdindu. Puntuak ezer gutxirako balio die gorritxoei, baina lehia sentipen politekin bukatu zuten, harmailekin izandako konexio politagatik. Zaleek, berriz ere, fideltasun eta eskuzabaltasun erakustaldia eman zuten.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

osasuna4f4a2947.jpg_20160615233523_11.jpg

Argazkia: Diario de Noticias

Krisi ekonomiko eta instituzionalak bortizki jo zuen Osasuna. Jakina denez, desagertzeko zorian izan zen. Azkenean lortu zuen bizirik irautea, Nafarroako Parlamentuak presaka eta adostasun handirik gabe onartutako lege bati esker. Haatik, horren truke Sadar eta Taxoare gobernuaren esku utzi zituen. Ondarerik gabe gelditu zen, eta egun ere hala darrai. Ordea, Nafarroako klubak badu krisirik bortitzenak ere hondatuko ez lukeen ondare bat: bere zalegoa. Menturaz, altxorra da ondarea baino. Unerik zailenetan ere hor baitago beti, taldea babesteko prest. Koloreekiko fideltasuna dogmatzat dauka, eta grina eta baikortasuna banderatzat. Zale gorritxoak ez du sekula amore ematen, eta horrek kutsatu egiten ditu jokalariak.

Bere babesik gabe, Osasuna honezkero desagertuta legoke. Sabadellera bidaiatu zuen marea gorritxoagatik ez balitz, jokalariek nekez eutsiko zioketen mailari 2014-2015ko sasoiko azken partidan. Eta iragan sasoian ere zale gorritxoak erabakigarriak izan ziren talde Lehen Mailara igo zedin. Finean, Osasunaren zalegoa bere kabuz garaipenak ematen dituen horietakoa da, eta horren makina bat adibide daude. Hori salbuespena da egungo futbol ereduan. Orain pazientzia ez da existitzen. Klubek epe motzean lortu nahi dute arrakasta, eta horrek eragina du zaleen jarreran. Oso ohikoa da harmailetan txistu hotsa edota irainak entzutea.

Esaterako, Deportivoko zaleek “mertzenario batzuk zarete” oihukatuz agurtu zituzten jokalariak joan zen igandean, Sadarren. Bina berdinduta, talde galiziarrak ia salbazio matematikoa lortu zuen, baina zaleak ez ziren gustura gelditu horrekin. Osasunako zalegoak, aitzitik, oso bestela jokatu zuen, taldeak bere historiako sasoirik negargarrienetako bat osatu duen arren. 34. jardunaldian bilakatu zen Bigarren Mailako talde, inoiz baino goizago, eta, noski, hori oso gogorra da zaleentzat. Sasoi honetan inoiz ez bezala sufritu dute, talde gorritxoa bihotzez maite baitute. Haserretu, maiz haserretu dira, normala denez, baina horrek ez die taldea babestea galarazi. Partidaro hor izan dira, grinatsu, kantari, nekaezin. Haserraldiak, Sadarretik atera eta gero.

Jokalariak horretaz jakitun dira, eta sasoian zehar emandako babesa pankarta baten bidez eskertu zieten zaleei, Deportivoren kontrako lehia finitu ostean. Neurketa irabaztea izan zitekeen esker ona adierazteko beste modu bat, baina puntu bakarra urratu ahal izan zuten soilik. 4. minutuan aurretik jarri ziren, Jhon Stevenen bidez -estreinako gola sartu zuen-, ondoren Deportivok irauli egin zuen partida, eta azkenean , 77. minutuan, behin betiko binakoa lortu zuten nafarrek. Lehiaren azken hatsean hirugarrena egitear izan zen Kodro, baina ateko zuloan ostu zion baloia Alejandro Arribas gorritxo ohiak. Azkenean, puntu bakarra gorrientzat, baina emaitzek jada ezer gutxi inporta dute. Igandean harmailetan egon zen interesgune nagusia. Sadarrera gerturatu ziren 12.000 arima gorritxo horietan.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s