Amaitu dadila lehenbailehen

Osasunaren ezinak bere horretan darrai. Jada 21 partida daramatza irabazi gabe, eta taldeari ez zaio bolada hori apurtzeko gaitasunik somatzen. Athleticen kontra aukera ona zuen onbidera itzultzeko, baina indarge aritu zen atzera ere. Talde nafarra lurperatuta dago, eta traza dauka hemendik sasoi amaierara arteko lehiak tramite mingarriak izan behar direla.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebengoa)

20170401192344-web-7.jpg

Denboraldia lehenbailehen bukatzea. Hori da Osasunako zaleek eta, ziur aski, jokalariek ere nahi dutena. Urruti gelditu dira Lehen Mailan aritzeak ilusioa sortzen zueneko garaiak. Talde nafarra ibilbide biziki petrala ari da izaten elitean, eta erregistro ezkor ia guztiak ari da birrintzen. 29 partidatan hamaika puntu eskas bildu ditu, eta denboraldia hala bukatuz gero, Lehen Mailako historiako talderik txarrena bihurtuko litzateke. Momentuz 1997-98ko Sportingek dauka marka hori, sasoi osoan soilik hamahiru puntu pilatuta. Garaipen bakarra aski izango lukete gorritxoek ligaren eta klubaren historian horren arrasto iluna ez uzteko, baina horretarako irabazi egin behar da. Eta nafarrak garaipenari bizkarra emanda daude erabat.

Azkenekoz –eta lehendabizikoz– Ipuruan irabazi zuen Osasunak, Eibarren kontra, ligako zortzigarren jardunaldian. Geroztik 21 partida igaro dira, bost hilabete pasa, eta Iruñeko taldea ez da partida bakar bat ere irabazteko kapaza izan. Aukera on askoak izan ditu horretarako, baina antzu ibili da –eta dabil–. Iragan asteburuan Athletic hartu zuen, eta lehoiekin duen etsaitasunaren karietara talde gorritxoa lehiakor aritzea eta garaipenaren lehian ibiltzea espero zen arren, egiaren orduan huts egin zuen berriro ere. Lehiatik kanpo izan zen ia uneoro, eta bi areatan egindako akatsak garesti ordaindu zituen. Labur esanda, Osasunaren partida gehienek izandako gidoi bera eduki zuen gorritxo eta zurigorrien arteko derbiak.

Bizkaitarren aurka porrot egin ostean, gorritxoak amildegiaren ertzean daude. Aste honetan bertan berretsi liteke beren jaitsiera, beti ere hainbat emaitzak bat egingo balute. Alde batetik, Osasunak asteon jokatuko dituen bi lehiak galdu beharko lituzke eta, bestetik, beren partidak irabazi beharko lituzkete Leganesek, Deportivok eta Malagak. Nolanahi, zaila izango da karanbola hori suertatzea, aipaturiko taldeek aurkari ahaltsuak izango baitituzte aste honetan: Malagak Bartzelona hartuko du larunbatean, egun berean Deportivok Sevillaren kontra jokatuko du Pizjuanen, eta Leganesek Real Madril izango du aurkari asteazkenean, Butarquen. Alta, Osasunaren jaitsiera berandu baino lehen berretsiko da. Miraria litzateke maiatzera bizirik iristea.

Hurrengo geltokia: Mendizorrotza

Larunbateko porrotaren ondotik, bihar Gasteizera bidaiatuko du Osasunak, Mendizorrotzan Alavesen kontra aritzeko. Norgehiagoka zaila izango da gorritxoentzat, babazorroak esne mamitan baitabiltza. Gaur egun txanponaren alde banatan daude bi taldeak. Biak dira igo berriak, baina bata olatuaren gandorrean dagoen bitartean, bestea zuloaren iluna bertatik bertara ari da bizitzen. Bi taldeen dinamikak ikusirik, ezbairik gabe, Alaves da faboritoa.

Gainera, beste bi aldagai hartu behar dira kontuan: Osasuna ez da batere ondo moldatu Mendizorrotzara joan den azken aldietan, eta biharko lehiarako jokalari frankoren falta izango du. Denera hamaika baja ditu momentu honetan –denbora luzerako min hartutakoez landa, Vuajdinovic, Torres, Romero, Loe, Merida eta Garcia anaiak–, eta azken partidatik hona jokalari bakarra osatu da, Kenan Kodro. Soilik hamalau jokalari profesional ditu eskuragarri Vasiljevicek, beraz, lanak izango ditu deialdia osatzeko. Horren aurrean, nahitaez harrobiari heldu beharko dio.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s