Zalantza asko, eta berme gutxi

Hauteskundeak aurreratuko dituztela iragarri zuen Luis Sabalzak iragan ostegunean, estatuak berritzeko ezohiko batzarrean. Bozak deitzeko bilkura apirilaren 11n egingo da, baina hortik aurrerakoek zalantza ugari pizten dute. Momentu honetan, ihardespenik gabeko itaun franko dago. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

sabalza-rp-efe (1).jpg

Azken hilabeteetan giroa gori-gori egon da Osasunako bulegoetan. Taldea ezinean dabil berdegunean, iparra erabat galduta, eta zale askoren aburuz, horren erantzule nagusia klubeko zuzendaritza da. Hala, Sadarren jokatutako neurketa askotan ohiko gauza izan da agintarien kontrako ohiuak entzutea. Soka tenka-tenka eginda zegoen, eta Diario de Noticiasek klub iruindarrak Vasiljevicen zorrak ordaindu dituela argitaratu ostean, eztanda egin du egoerak. Zuzendaritzak agintaldia ez duela agortuko jakinarazi zuen iragan astean, beren kontrako “gurutzada” jasateko indar gehiago ez dutela argudiatuta.

Gauzak hala, hauteskundeen prozesu katramilatsuari ekin zaio. Lehen urratsa apirilaren 11n emango da, egun horretan ospatuko den ezohiko batzarrean. Bertan, zuzendaritzak hauteskundeak egiteko baimena eskatuko die bazkide konpromisarioei, eta, orobat, hauteskunde batzordea eta mahaiak osatu, eta egutegia eta arau osagarriak onartuko dira -27. artikuluan zehazten denari men eginez-. Haatik, hortik aurrera gertatuko dena ez dago batere garbi; berme gutxi, eta zalantza asko daude uneon. Hemen nagusiak.

Hauteskundeen data. Bozen prozesua estatutu berrien arabera egingo da, apirilaren 11ko asanbladarako jada erregistratuta egongo baitira. Batzar hori estatutu zaharrekin deitu zuen Luis Sabalzak, baina berriak aurki egongo dira indarrean. Horrek zaildu egiten du hauteskundeen data zehazteko lana, aurreko estatutuak malguagoak baitziren. Horien arabera, ez zegoen beharrik hauteskundeak Osasunak Sadarren jokatzen zuen egun batean egiteko, baina berriek derrigorrezkotzat dute baldintza hori.

Gauzak hala, sasoi honetan egun bakarra geldituko litzateke bozak egiteko: Granadaren kontrako partidaren eguna, ligako azkenaurreko jardunaldian. Izan ere, bozak deitzeko asanbladaren eta hauteskundeen artean gutxienez 30 eguneko tartea egon behar da nahitaez. Zuzendaritzak maiatzaren amaieran egin nahiko lituzke bozak, baina horretarako behin behineko modifikazioren bat txertatu beharko luke -beti ere, bazkideen oniritziarekin-.

Egungo agintarien etorkizuna. Hauteskundeak aurreratu bai, baina beren etorkizuna oraindik ez dute argitu Osasunako zuzendariek. Luis Sabalzaren esanetan, oraindik ez dute gaiaz hitz egin, eta erabakia “hauteskundeak deitu ostean” hartuko omen dute. Alabaina, bestela mintzatu da zuzendaritzako kide Alfonso Ramirez. Bere esanetan, une honetan “hauteskundeetara ez aurkezteko sentimendua” omen dute. “Baikotzak bere erabakia hartuko du. Nik ez dut jarraitzeko inongo gogorik. Gainezka egin ahal dizun mundu bat da. Asko sufritzen da”, gaineratu du.

Alternatibak. Aurkeztu beharreko berme konomiko mardula dela eta -5,9 milioi eurokoa-, oraindik ez da hautagaitza bakar bat ere gorpuztu. Zuzendaritzako kide ohi Juan Ramon Lafonek badu bozetara aurkezteko asmoa, baina oraindik ez du bere proiektuaren berri eman, bermea osoki biltzea falta baitzaio. “Falta zaigun kopurua lortzeko oso aurreraturik ditugu bizpahiru ildo, baina dena lotuta eduki arte ez gara aurkeztuko”, azaldu du berriki. Gauzak hala, Lafonenaz gain, ez dirudi egungo zuzendaritza ordezteko beste alternatibarik izango denik.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s