Diskurtsoa ere agortu zaie

Betisen kontrako porrotak are gehiago hondoratu du Osasuna. Jokalariek eta entrenatzaileak esperantzari eutsi nahi izan diote orain arte, baina larunbatean galdu ostean, bestelako diskurtsoa erabili zuten. Izan ere, hamar partidaren faltan, gorritxoei ez zaie mailari eusteko ia aukerarik gelditzen.  

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebengoa)

w_900x700_18214416lfp-bet-osasuna_13.jpg

Nikola Vujadinovic, baloi bila, Betiseko Sanabriaren presiopean. (Arg: LFP)

“Ez dugu amore emango. Oraindik baditugu aukera matematikoak”. Horixe adierazi zuen Petar Vasiljevic Osasunako prestatzaileak duela bi jardunaldi, Las Palmasen aurka galdu ostean. Itxaropena mantentzeko motibo handirik ez zen gelditzen, salbaziotik hamalau puntura baitzegoen Osasuna, baina, ziotenagatik behintzat, entrenatzaileak eta jokalariek ez zuten amore emateko asmorik. Ordea, argi eta garbi gelditu da hitz horiek zeharo hutsalak zirela, ekintzek ez baitituzte adierazpen horiek berretsi. Kontrara, gezurtatu egin dituzte, berdegunean burumakur eta adore arrastorik gabe jardun baitira nafarrak.

Las Palmasen kontra galdu ondotik, beste bi porrot jaso ditu Osasunak, eta, azkenean, gorritxoek errealitatea onartu beharrean ikusi dute beren burua. Matematiken eta esperantzaren diskurtsoa agortu egin zaie ezinbestean. Izan ere, hamar lehiaren faltan, salbazioa hamabost puntura dute. Ezinezkotzat jo daiteke horren tarte laburrean egoera horri buelta ematea; areago, Nafarroako taldea partida guztietan erakusten ari den ezina ikusita. Egoera horretan, Eibarren aurka galdu ostean, Vasiljevic jada hasi zen Osasunaren patua onartzen: “Orain zatirik zailena gelditzen zaigu. Tartea geroz eta zabalagoa, eta aldapa geroz eta pikoagoa da. Badirudi ezinezkoa dela irabaztea”.

Gauzak hala, are garbiago hitz egin zuen iragan larunbatean, Betisen kontra galdu berritan. Izan ere, Osasuna “ia-ia Bigarren Mailan” dagoela azpimarratu zuen, eta gaineratu egoera “gaindiezina” dela. Hortaz, esperantza alde batera utzi, eta matematikei eta aukera utopikoei aipamenik egin gabe, bere etsipena agerian utzi zuen teknikari serbiarrak. Behingoz, zintzoki aztertu zuen taldearen egoera, hainbat jokalarik bezalaxe. Esaterako, Sergio Leonek nabarmendu zuen salbazioa lortzea “oso, oso zail” dutela, “ia ezinezko”. “Une oso zaila da. Ahalik eta puntu gehien lortzen saiatuko gara, gure zaleengatik eta guregatik”, gaineratu zuen aurrelariak, nahigabea ezin estalirik.

Hortaz, gorritxoek kendu egin dute mozorroa. Eta zaleek hori eskertzen dute. Nahiago baitute jokalariak eta entrenatzailea egoeraz gordin eta garbi mintzatzea, esperantza faltsua transmititzea baino. Edalontzia gainezka eginarazi duen tanta Betisen kontrako porrota izan da. Eibarren aurka partida amaiera dotorea osatu zuten nafarrek, eta hiru puntuak lortzear izan ziren, baina larunbatean argi eta garbi gelditu zen derbiko susperraldia ameskeria hutsa izan zela. Partida benetan makala jokatu zuten gorritxoek Benito Villamariren, betiko gabezia berberak erakutsiz: tentsio eta sendotasun eza defentsan, eraginkortasun falta erasoan… Beste deja vu bat, baina berezitasun batekin: gorritxoek ia emantzat jo zuten jaitsiera. Diskurtsoa ere agortu egin zaie.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s