Duintasun bila

Denboraldia bukatzeko oraindik hamabi jardunaldi gelditzen diren arren, Osasuna kasik kondenatuta dago. Azken emaitzek jota, itxaropenik gabe utzi dute talde nafarra. Egoera horretan, bihar Jose Luis Mendilibarren Eibarren aurka neurtuko ditu indarrak (Sadar, 20:45). Garaipena lortu, eta, hala, atsekabeak arindu nahi dituzte gorritxoek. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

1488745673_741987_1488745739_noticia_normal

Osasunako jokalariak, burumakur, Las Palmasen kontrako partidan. (Argazkia: LFP)

Gauza jakina da: Osasunak hanka eta erdi dauka Bigarren Mailan. Salbazioa oso urruti dakusa -momentu honetan, hamalau puntura-, eta orain arte gauzak nola joan diren ikusita, ezinezkotzat jo daiteke talde gorritxoa zulotik irtetea. Futbolean beti gerta daitezke mirariak, baina utopiak alde batera utzita, helburu erreal bakarra gelditzen zaio Osasunari: orain arte galdutako duintasuna berreskuratzea. Uneon nehork ez du mehatxu gisa ikusten, astero ezinean baitabil, iparra zeharo galduta. Garai batean etsaitasuna pizten zuen lekuan, egun errukia besterik ez du eragiten. Zernahi ere, hori aldatzeko aukerak baditu oraindik. Kasurako, bihar iluntzean, Eibarren aurkako derbian.

Olatuaren gandorrean dabiltza armaginak. Arrakalarik gabeko blokea hezurmamitu dute Jose Luis Mendilibarren inguruan, eta egun Europari so daude. Nolanahi, gorritxoek badute garaipena lortzeko esperantza. Hori azpimarratu du, bederen, Kenan Kodrok: “Uste dut irabazi egingo diogula Eibarri. Sentipen hori dugu aldagelan”. Horretarako, aitzitik, azken asteetan emandako itxura errotik aldatu beharko dute nafarrek; batik bat defentsan. Izan ere, dagoeneko 64 gol jaso dituzte, eta hala segituz gero, marka ezkor guztiak birrinduko lituzkete. Vasiljevicekin okerrera egin dute esparru horretan, harekin bataz beste hiru gol ari baitira jasotzen partidako. Eta, hori gutxi balitz, azken bi lehietan bederatzi gol sartu dizkiete. Beraz, ez dago baikor izateko motibo askorik.

Sasoi honetan dagoeneko hiru aldiz jokatu dute elkarren aurka Osasunak eta Eibarrek, eta gorritxoentzat balantzea ez da txarra, batik bat ikusita gauzak nola ari zaizkien joaten: garaipen bat, berdinketa bat eta porrot bat. Alde batetik, Kopako final zortzirenetan aritu ziren nor baino nor, eta bertan armaginak izan ziren nagusi, Sadarren 0-3 irabazi, eta ondoren Ipuruan hutsean berdinduta. Haatik, ligan gorriek egin zuten irribarre, 2-3 irabazi baitzuten Ipuruan, zortzigarren jardunaldian. Ordutik ez dute beste garaipenik lortu, eta bihar bertan eten nahi dute bolada hori, Mendilibarrenak atzera ere mendean hartuta. Sadar zelai zaila da talde armaginarentzat, bertan oraindik ez baitu garaipenik lortu ligan -lau berdinketa eta lau porrot zortzi lehiatan-.

Arrastorik ez hamaikakoaz

Aste mugitua izan du Osasunak. Asteartean zuzendaritzak prentsaurrekoa eman zuen, eta bertan iragarri jada Bigarren Mailara begira daudela. Eta, bestalde, ostegunean Nafarroako Auzitegi Nagusiak talde gorritxoa ustezko zerga iruzurragatik inputatzea deliberatu zuen. Hala, jokalariak ez dira fokupean izan; hots, lasaiago lan egiteko aukera eduki dute. Egoera horretan, oraindik ezagutzeke dago Vasiljevicek erabiliko duen hamaikakoa. Serbiarrak ez dio aurkariari bere asmoen berri eman nahi izan, eta horregatik, larunbateko saioa Sadarren egin zuten, ateak itxita. Dena den, azken asteetan hamaikakoek izandako joera ikusita, iraultza espero daiteke.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s