Amesgaiztoak ez du etenik

Las Palmas-Osasuna (5-2)| Ahazteko moduko beste partida bat osatu zuen Osasunak Gran Canaria estadioan. Atsedenera aldeko emaitzarekin iritsi zen, baina pozak gutxi iraun zion, bigarren zatian astindua eman baitzion etxeko taldeak. Bigarren Maila geroz eta gertuago dakusate gorritxoek. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

w_900x700_05200620cd_dr_9450

Buruan kolpe gogorra hartu, eta berdegunea utzi behar izan zuen Alex Berenguerrek.

Zuhaitz eroriari orok egiten ei dio egur. Osasunaren kasuan, bederen, hala ari da izaten. Jipoia jipoiaren atzetik ari da jasotzen, eta ez zaio dinamika hori eteteko ahalmenik somatzen. Gainontzeko taldeentzat gozokia da Osasuna. Denek jokatu nahi dute bere aurka, Lehen Mailan urtetan izan den talderik ahulena baita. Zenbakiek ez diote gezurrik: gorritxoek hamar puntu baino ez dituzte pilatu 26 partidatan, eta denera 64 gol jaso dituzte, alegia, 2,46 partidako. Egoera brastakoan irauli ezean, marka ezkor guztiak apurtzeko bidean dira nafarrak. Lekutan gelditu dira igoera osteko euforia, eta denboraldi hasierako ilusioa. Lehen Mailaren ametsa amesgaizto bihurtu zaio talde nafarrari. Eta asteen joanean sufrikarioa geroz eta jasangaitzagoa ari da izaten.

Atzokoan Quique Setienen Las Palmas izan zuen borrero Osasunak. Betiko legez, nafarrak oso makal aritu ziren defentsan, eta horrez gain, presio lanetan indarge, inongo kemenik gabe jardun ziren. Vasiljevicen lehen partidetan itxura grinatsua eman zuten gorritxoek, baina susperraldia erabat lausotu da azken jardunaldietan. Real Madrilen aurka etxean galdu ondotik, taldeak behera egin du nabarmen. Horren aurretik ere emaitzak txarrak ari ziren izaten, baina jokalariak behintzat jarrera eredugarria ari ziren erakusten. Borrokalari eta lehiakor zebiltzan, eta horri esker, itxaropena bizirik mantendu zuten aste batzuez. Orain, aitzitik, hori ere ez zaio gelditzen Osasunari. Egoerak gainditu egin ditu jokalariak, eta amore eman dute erralitatearen aurrean.

Las Palmasen aurka, baloia jokoan jarri eta berehala ikusi zen gorritxoek jada ez dutela beren aukeretan sinisten. Kezkatzeko moduko pasibotasunez irten ziren soropilera, eta, horren ondorioz, Las Palmas nahieran aritu zen norgehiagokaren hastapenean. Baloia batetik bestera mugitzeko, hots, bere jokoa egiteko ez zuen inongo oztoporik izan, eta seigarren minutuan markagailuan aurretik jarri zen, Jese Rodriguezen eskutik. Pase gogoangarria eman zion Jonathan Vierak, eta Real Madrilgo jokalari ohiak ez zuen barkatu. Defentsa gorritxoak ikusle funtzioa bete zuten, besterik ez. Ez zuten ahaleginik egin jokaldia mozteko.

Gola sartu ondoren, etxekoak erlaxatu egin ziren, gehiegizko lasaikeriaz jokatu zuten, eta horri zortea, Kenan Kodroren eraginkortasuna eta Javi Varasen ezina gehituta, neurketari buelta eman zion Osasunak. Miraria zen nafarrak partida irabazten aritzea, %15eko baloi jabetzarekin eta soilik bi jaurtiketa eginda egin baitzituzten golak. Atsedenera 1-2ko emaitzarekin iritsi ziren. Sinestezina zen. Haatik, Las Palmasek berehala esnatu zituen gorritxoak ametsetik. Izan ere, bigarren zatia hasi eta berehala egin zuen banakoa Marko Livaja kroaziarrak. Erdiraketa dotorea egin zuen Roque Mesak, inoren aurkaritzarik gabe, eta aurrelariak ere nahieran egin zuen errematea. Behin etxekoek lehia berdinduta, gauzek oso itxura txarra hartu zuten gorritxoentzat.

Azkenean, astindua

Las Palmasek ez zuen ezusteko gehiagorik nahi, eta lehiaren bila jo zuen erabakitasunez. Osasuna bere zelaian sartu zuen berriro, eta lehiak hartu zuen tankera ikusirik, denbora kontua besterik ez zen etxeko taldea markagailuan aurretik jartzea. Azkenean aurreikusitakoa bete zen, baina espero ez zen moduan: aurkariaren erdiraketa bat urruntzera zihoanean laprast egin zuen Unai Garciak, eta baloia bere atean sartu zuen. Osasuna meritu propiengatik dago dagoen lekuan, baina ezin uka zortea bizkarra ematen ari zaionik, gainean madarikazio bat balu bezala. Atzoko lehiak ondo asko laburbiltzen du nafarrak izaten ari diren denboraldia; akats larriak, jarrera falta, eta zorigaitz dosi handi bat medio, kolpe gogorra jaso zuten. Gogorra eta, ziur aski, erabakigarria.

Aurretik jarri ondotik, etxekoek ez zuten gupidarik izan, eta beste bi gol egin zizkieten etsiak jotako gorritxoei. Beste behin ere, itxura negargarria eman, eta jipoia jaso zuen Osasunak. Okerretik okerrera doa, eta barregarri ari da gelditzen futbol-munduaren aurrean. Ordea, zuzendaritzako kideek mutu darraite. Atzokoan, atzera ere, ez zuten kazetarien aurrean hitz egin nahi izan. Agerikoa da jokalariek, oro har, ez dutela nahikoa mailarik Lehen Mailan aritzeko, baina agintariekin beste horrenbeste gertatzen da. Izan ere, taldearen egungo egoera, besteren artean, Sabalzaren zuzendaritzaren erabakiek eragin dute.

Atzoko porrotaren ostean, Osasunak hanka eta erdi dauka bigarren mailan. Bederen, albiste on bat izan zen: Alex Berenguerrek kolpe gogorra hartu zuen buruan, baina ospitaletik pasa ostean, gauerako jada gainontzeko taldekideekin zegoen.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s