Gaixo hau hilzorian dago

Osasuna-Vila-real (1-4)| Maldan behera eta balaztarik gabe doa Osasuna. Atzokoan astindu latza jaso zuen bere zaleen aurrean, eta, hala, desagertu egin zaio salbazioa lortzeko ia aukera oro. Gorritxoak ziztu bizian doaz Bigarren Mailarantz. 

aut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

w_900x700_01212705img_2598.jpg

Sergio Leon, lur jota, partida bukatu ostean. (Arg: LFP)

Denbora asko darama gaixo Osasunak. Hirugarren jardunaldiaz geroztik dago jaitsiera postuetan, eta egoera hori taldea pixkanaka higatuz joan da. Vasiljevicen lehen partidetan itxaropena eta, horrekin batera, irabazteko grina berreskuratu zituzten gorritxoek, baina azken hiru jardunaldietan zeharo lausotu da hobekuntza. Atzo Vila-realen aurka jokatu zuten, Sadarren, eta ez zuten berpizteko imintziorik egin. Burumakur, etsiak jota aritu ziren hasi eta buka, eta azkenean astindua eman zien Fran Escribaren taldeak. Hala, gaixo egotetik hilzorian izatera pasa da Nafarroako taldea. Hamahiru lehia besterik ez zaizkio gelditzen sasoia amaitzeko, eta ezusteko mirari bat jazo ezean, esan beharrekoak jada esan ditu.

Gorritxoak hasiera-hasieratik aritu ziren ezinean, bigarren minutura iristerako jada aurretik baitzen Vila-real. Atzelarien bizkarrera pase luze bat egitearekin aski izan zuen kanpoko taldeak nafarren defentsako amarauna birrintzeko. Oier lozorroan harrapatu zuen Bakambuk, ondoren Sirigu oso bigun aritu zen atepean, eta akatsez beteriko jokaldia biribiltzeko, aldaratzean bakarrik utzi zuten Roberto Soriano. Osasuna Lehen Mailak eskatzen duen zorroztasun eta sendotasunetik urrun ibili da sasoi osoan zehar, eta horren adibide da itsaspeko horiaren  lehen golean egindako huts egite sorta. Horrela ezinezkoa da elitean lehiatzea.

Golaren ostean suspertu egin ziren nafarrak, eta berdinketa lortzen ahalegindu ziren. Hori lortzear izan ziren Sergio Leon eta Vujadinovic, baina ez zuten asmatu Andres Fernandez atezain gorritxo ohiaren aurrean. Eta betiko legez, barkatzeak ordaina ekarri zion Osasunari: 28. minutuan kanpokoen bigarrena egin zuen gorritxoen aspaldiko beste ezagun batek, Roberto Soldadok, penaltiz. Hasiera batean jaurtiketa gelditu egin zion Siriguk, baina epaileak errepikatu beharra zegoela adierazi zuen, eta bigarrenean baloia sareetara bidali zuen Soldadok. Epaileen jarduna ezin dezake aitzakia gisa erabili Osasunak, meritu propioengatik baitago dagoen tokian, baina ezin uka erabakiak gehienetan bere kontrakoak direnik.

Bigarren golak neurketa ia erabakita utzi zuen. Gorritxoek besoak jaitsi zituzten, errealitatearen aurrean amore emanda. Vila-real, aitzitik, gozatzen ari zen, gehiegi egin gabe 0-2 ari baitzen irabazten. Bigarren zatiari odol gosez ekin zion, eta makina bat aukera izan zituen lehia behin betiko ixteko. Alabaina, ez zen fin ibili azken errematea egiterakoan. Gauzak hala, 63. minutuan nafarrek murriztu egin zuten markagailuko tartea, Roberto Torresek  1-2koa egin baitzuen penalti puntutik. Ondorengo minutuetan hobe aritu ziren nafarrak, eta 70. minutuan binakoa egitear egon ziren: Oriol Rierak buruz errematatu zuen area txikian, baina baloia gehiegi gurutzatu, eta kanpora joan zitzaion.

Osasunak itsu-itsuan jo zuen berdinketaren bila, eta atzean hutsune handiak utzi zituen. Hala, Escribarenek kontraerasoak erabili zituzten nafarrei min egiteko; baita ongi erabili ere, modu horretara beste bi gol egin baitzituzten, Santos Borreren eskutik. 1-4koarekin, jota bukatu zuten neurketa gorritxoek. Ez da gutxiagorako, atzokoa izan baitzitekeen salbazioaren lehian sartzeko azken aukera. Menturaz, iritsi da datorren sasoiari begira jartzeko tenorea.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s