Orain edo inoiz ez

Hil ala biziko partida du jardunaldi honetan Osasunak. Europara begira dagoen Espanyoli kosta ala kosta irabazi behar dio (RCDE Stadium, 12:00, BeIN), beste edozein emaitzak amilztear utziko bailuke. Vasiljevicek aldaketak egingo ditu hamaikakoan, taldeari egonkortasuna emate aldera. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

osasuna-gol

Zirt edo zart egiteko unea iritsi zaio Osasunari. Denbora asko darama ataka gaiztoan, ez da gai izaten ari suspertzeko, eta denboraldia bere azken txanpara iristen ari da. Egiaren tenorea da gorritxoentzat: mahai gainean kolpea eman, edo behin betiko hondoratzekoa. Igande eguerdian Espanyolen zelaian jokatuko dute, eta lehia honek erabaki egin dezake beren patua. Beste porrot bat jasota, nafarrek kasik ezinezko lukete egoera iraultzea. Garaipen batek, ordea, borrokatzen segitzeko indarra emango lieke.

Estatistikak birritzaileak dira talde nafarrarentzat. Jokoaren esparru ia guztietan zifra penagarriak ari da pilatzen. Eta hori gutxi balitz, datu historikoak ere kontra ditu erabat. Izan ere, azken hogei urteetan -liga hogei taldek osatzen dutenetik eta garaipenek hiru puntuko balioa dutenetik, hain zuzen- talde bakar bat ere ez da salbatu ligako lehen 23 lehietan hamazazpi puntu baino gutxiago pilatuta. Gainera, epe horretan soilik talde bat iritsi da 24. jardunaldira Osasuna denboraldi honetan baino puntu gutxiagorekin: hiru puntu baino ez zituen pilatu Sportingek 1997-98ko denboraldian. Hortaz, datu hauei erreparatuta, ezinezkotzat jo liteke sasoi honetan Osasunak mailari eustea.

Dena den, baikortasun apur bat dakarten datuak ere badaude. Osasuna uneon salbaziotik zortzi puntura dago; bada, 2011-12 denboraldian Zaragoza kapaza izan zen egoera oso antzekoan aurrera ateratzeko. 24. jardunaldian salbazioa zortzi puntura zeukan -19 puntu zituzten espainiarrek-, baina denboraldiaren azken txanpan hortzak estutu, eta azkenean jaitsiera ekiditea lortu zuten, 43 punturekin. Gorritxoak ez dira inola ere puntu kopuru horretara iritsiko, baina behintzat badakite posible dela halako ataka batetik onik irtetea.

Erronka zail honen aurrean, Espanyolen aurka lehen aurrerapausoa ematen ahaleginduko da Osasuna. Celtaren kontra itxura tamalgarria eman zuten nafarrek, batik bat etsiak jota aritu zirelako. Hein handi batean, normala da burumakur izatea, liga ia osoa baitaramate jaitsiera postuetan -3. jardunaldiaz geroztik, hain zuzen-, baina salbazioaren ametsa bizirik mantendu nahi baitute, derrigortuta daude etsipena alde batera utzi, eta kementsu jardutera. Alde horretatik, igandeko partida gorritxoen aldartea neurtzeko termometro paregabea izango da.

Arrakala itxi nahian

Baina jarrera bakarrik ez, jokoa era hobetu beharko du Nafarroako taldeak RDCE Stadiumen hiru puntuak poltsikoratu nahi baditu. Berdegunean gabezia franko erakusten darraite gorritxoek, batik bat defentsan. Datuak argi eta garbi mintzo dira: 52 gol jaso dituzte 23 partidatan. Azken hogei urteetako erreferentziak kontuan harturik, soilik 1997-98 sasoiko Sportingi egin zizkioten gol gehiago lehen 23 jardunaldietan; 53, hain zuzen. Denboraldi honetan nafarrak partidako bi gol ari dira jasotzen bataz beste, eta azken hiru partidetan zuloa handitu egin da, bakoitzean hiruna gol jaso baitituzte. Hala, arrakala hori ixtea nahitaezko izango dute kataluniarrak mendean hartu nahi badituzte.

Xede horrekin, Vasiljevicek hainbat aldaketa egingo ditu hamaikakoan. Alde batetik, 4-4-2 sistema ezarriko du, oreka eta egonkortasuna irabazte aldera. Bestetik, Raoul Loe ipiniko du euskarrian, eraiste lanak egin ditzan. Celtaren kontra giharra falta izan zitzaion taldeari, eta Loerekin gabezia hori konpondu nahiko du serbiarrak. Bestalde, azpimarratzekoa da teknikari gorritxoak ez duela Osasuna Promesaseko jokalaririk sartu deialdian. Etxean ikusi beharko dute partida Otegik, Olabidek, Buñuelek eta Imanolek.

Espanyol: sendo eta Europara begira

Nafarren aurkariari dagokionez, behetik gorako bidea ari da egiten Quique Sanchez Floresek gidaturiko taldea. Makal ekin zion sasoiari, eta kosta zitzaion jaitsiera postuetatik urrunztea, baina azkenaldian oso sendo dabil. Hala, gerturatu egin da Europako postuetara: zazpi puntura ditu une honetan. Igandeko partidari begira, Marc Navarro, Javi Lopez eta Oscar Melendo berreskuratu ditu teknikari espainiarrak. Baja dira, ordea, Pape Diop, Salva Sevilla eta Ruben Duarte. Kataluniarrek ere, ziur aski, 4-4-2ko sistemarekin jokatuko dute, eta Felipe Caicedo eta Gerard Moreno arituko dira puntaren puntan.


Balizko hamaikakoak

Espanyol: Diego Lopez; Marc Navarro, Diego Reyes, David Lopez, Aaron; Hernán Perez, Marc Roca, Javi Fuego, Piatti, Felipe Caicedo eta Gerard Moreno.

Osasuna: Sirigu; Oier, David Garcia, Vujadinovic, Clerc; Jaime, Raoul Loe, Causic, Alex Berenguer; Sergio Leon eta Oriol Riera.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s