Atzera, aurrera beharrean

Celta-Osasuna (3-0)| Vasiljevicen aroko partidarik txarrena jokatu zuen Osasunak Balaidosen, eta Celtak ez zuen gupidarik izan. Galiziarrek galga sakatuta jokatu zuten, eta ez zuten gehiago behar izan, gorritxoak lehiatik kanpo izan baitziren ia uneoro. Porrotaren ostean, egoera are gehiago belztu zaio talde nafarrari. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

w_900x700_19201857vgo20170219-35.jpg

Osasunako jokalariak burumakur, bigarren gola jaso ostean. (Argazkia: LFP)

Aurrerapausoa emateko unea zuen Osasunak Balaidosen. Granadak Villamarinen irabazi ondotik, garaipen bat behar zuen zulora katigatuta ez gelditzeko. Bada, pausoa eman, eman zuen; baina aurrera beharrean, atzera. Izan ere, itxura etsigarria eman, eta jipoia jaso zuen ordezkoz beteriko Celtaren aurka. Azken asteetako bizitasunik gabe, iparra galduta aritu ziren gorritxoak, irabazteko grinarik, edo okerrago, itxaropenik ez balute legez. Norgehiagokak eskatzen zuen mailaz oso azpitik egon ziren, lehiatik at erabat.

Celta bolada txarrean zetorren, eta, gainera, Europa Ligako partidak eragindako nekea ere oztopo zuen. Baina, egiaren tenorean, Osasuna baina askoz gehiago dela erakutsi zuen, balazta sakatuta jokatuagatik. Jokoari jarraipen handirik ez zioten eman galiziarrek, baina ez zuten behar izan, aurrelarien kalitatea eta gorritxoen hanka sartzeak aski izan baitzituzten hiru puntu garrantzitsu eskuratzeko. Atzokoa baino norgehiagoka errazagorik nekez izango dute denboraldi osoan.

Azken asteetan ez bezala, nafarrak ez ziren gai izan partida parez pare lehiatzeko. Lozorroan zelairatu ziren, eta hala segitu zuten lehen zati osoan. Vasiljevicek hamaikako oso erasokorra zelairatu zuen, bai sistema aldetik -3-5-2koa berrezarri zuen-, baita jokalari aldetik ere. Izan ere, Causic, Roberto eta De las Cuevas ipini zituen zelai erdian, erasoko jokoaren alde apustu eginez. Aitzitik, taldearen ekoizpena benetan urria izan zen. Baloia jokatzerakoan kamuts ibili zen, eta, hala, nekez lortu zuen Celtaren areara iristea.

Hori gutxi ez, eta atzean ohiko hauskortasuna erakutsi zuten Vasiljevicenek. Sisto, Rossi eta Bongondak erotu egin zituzten, eta hiru hauen konbinazio batean iritsi zen etxekoen lehen gola, 22. minutuan. David Garciak gaizki urrundu zuen baloia, Oierrek lekua galdu zuen, eta Celtaren aurreko hirukoteak ez zuen barkatu. Jokaldi dotorea egin zuten, area ertzean, baloia bizi eta dotore pasatuaz, eta Sisto arduratu zen atea zulatzeaz.

Golak ez zituen nafarrak xaxatu. Partidak ez zuen norabide aldaketarik izan: Osasuna atzean sartuta, jokaldiak josi ezinik, eta Celta eroso, estutzeko beharrik gabe. Etxekoek izan zuten atsedena baino lehen aldea handitzeko aukera, baina ez zuten asmatu Siriguren aurrean. Gorriek, beren aldetik, atera jaurtiketa bakar bat ere ez zuten egin. Itxura negargarria emanda bukatu zuten lehen zatia.

Gehiegi barkatu zuen

Atsedenetik bueltan susperraldia izan zuen Osasunak. Baloia Celtaren zelaian hartu, eta saiatu zen taxuzko zerbait egiten. Etxekoak ez zituen hankapean ibili inongo momentutan, baina, bederen, beste bizitasun bat antzeman zitzaion. Hala, galiziarren atera hurbiltzen hasi zen, eta azkenean, abagune ederrak izan zituen gutxienez gol bat egiteko. Sergio Leonek bi aukera garbi izan zituen, eta De las Cuevasek beste bat, baina ez zuten errematean asmatu.

Gehiegi barkatu zuten nafarrek. Eta futbolean, barkatzeak ordaina ekarri ohi du sarri. Atzokoan, behintzat, hala izan zen. Minutuen joanean, behera egin zuen talde gorritxoak, eta Celtak, aldiz, gora. Jozabed eta Aspas zelairatu zituen Berizzok, eta hauek ekarpen handia egin zioten taldeari -gol bana egin zuten-. Vasiljevicek, aitzitik, ez zuen aldaketekin asmatu. Sistemaz aldatu, eta erasora itxu-itxuan jo beharrean, inora ez zihoazen aldaketak egin zituen: Kodro, Riviere eta Merida sartu zituen Riera, Leon eta De las Cuevasen ordez.

Hala, Clercek eta Berenguerrek bakarka eginiko saiakerak izan ziren Osasunak azken minutuetan erabili zuen arma bakarra. Esan beharrik ez dago, Celta bezalako talde sendo bati min egiteko askoz ere gehiago behar dela. Modu horretan, galiziarrek beste bi gol egin, eta lehia erabakita utzi zuten. Lehena Jozabedek egin zuen, buruz, 86. minutuan, eta bigarrena Aspasek, 88.ean, baloia Siriguren gainetik maisuki loratuta.

Porrotak jota utzi du Osasuna. Sailkapenak geroz eta itxura txarragoa dauka gorritxoentzat: azkenaurrekoa den Granada jada sei puntura dute, eta salbazioa oraindik zortzi puntura duten arren, uneon ez zaie balentria gauzatzeko gaitasunik somatzen.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s