Arrastoa uzten ari da

Golari bizkarra emanda egon zen hiru hilabete luzez, baina azken asteetan harrapakari sena berreskuratu du Sergio Leonek. Lehen denboraldia du elastiko gorritxoarekin, baina bikain egokitu da taldera nahiz kategoriara; orain arte sartutako zazpi golak horren lekuko. Ez dira asko Osasunara etorri eta lehen sasoian hainbeste gol egin dituzten aurrelariak. Artikulu honetan azken hogei urteetako kasuak bildu ditugu. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

sl2

Iruñera iristea eta elitean modako aurrelarietako bat bihurtzea, biak bat izan dira Sergio Leonentzat. 28 urteko aurrelaria fokupetik at ibilia zen orain arte. Bazekien zer zen Bigarren B Mailan eta Bigarren Mailan golak erruz egitea, baina bere dohainak Lehen Mailan erakusteko abagunerik izan gabea zen artean. Haatik, Osasunak aukera hori eman dio sasoi honetan, Elxi 1,7 milioi ordaindu ostean. Eta aurrelari espainiarraren harrapostua txapela kentzeko modukoa ari da izaten. Gol asko eta, batez ere, ederrak ari da egiten. Babak eltzetik berak bakarrik ateratzen dituen aurrelari horietako bat baita Leon.

Urria eta urtarrila bitartean, hamar jardunaldiz izan zen golik egin gabe, baina halere, zazpi gol daramatza dagoeneko. Horrela, azken hogei urteetan Osasunak izandako aurrelari iritsi-berri onenen artean kokatu du bere burua; golei dagokienez bederen. Momentuz  Oriol Rierak du markarik onena: 13 gol egin zituen ligan Osasunaren elastikoarekin jokatu zuen lehen deboraldian, 2013-14koan hain zuzen. Talde gorritxoa Bigarren Mailara jaitsi zen orduko hartan, baina aurrelari kataluniarrak sekulako gol-sena erakutsi zuen. Leoni antzeko zerbait ari zaio gertatzen, taldea behea jota egonagatik, erruz ari baita ateak zulatzen.

Rieraren ostean, Osasunara iritsi eta gol gehien egin zutenak Roberto Soldado, Ivan Rosado eta Ziganda Kukua dira. Hirurek hamaikana gol egin zituzten beren estreinako denboraldian. Nolanahi, Soldadok du meritu gehien, Rosadok eta Zigandak Bigarren Mailan lortu baitzuten aipaturiko marka. Soldado 2006-07ko sasoian iritsi zen Iruñera, Real Madrilek utzita, eta bertan soilik denboraldi batez egon zen arren, arrastoa utzi zuen, zaleek ‘gudari’ ezizena jartzeraino. Izan ere, gol mordoa sartu zuen ligan, eta horri esker, mailari arazo handirik gabe eutsi zion Osasunak. Gainera, Uefa txapelketan -gaur egungo Europa Liga- beste hiru gol egin zituen.

Sailkapenean hurrengoa John Aloisi da. Ligan bederatzi gol egin zituen australiarrak Osasunara iritsi zen denboraldian, 2001-02koan hain justu. Urte hartan doi-doi lortu zuen talde gorritxoak jaitsiera ekiditea -17. bukatu zuen liga, jaitsiera postuetatik bi puntura-, eta hori erdietsi bazuen, hein batean Aloisik eginiko ekarpenagatik izan zen. Honek beste hiru sasoi eman zituen Nafarroako hiri buruzagian, eta zaleen jokalari kuttunetako bat bihurtu zen.

Koska bat beherago Ibrahima Balde, Ignacio Arteaga eta Fabian de Freitas daude. Hauek zazpina gol egin zituzten, lehenengoak Lehen Mailan -2011-12ko denboraldian-, eta beste biek Bigarren Mailan -1997-98 eta 1996-97ko sasoietan, hurrenez hurren-. Hauen marka berdintzeko 22 jardunaldi baino ez ditu behar izan Sergio Leonek, eta jada gainditu ditu Savo Milosevicek Osasunan jokatutako estreinako denboraldian -2004-2005koan- sartutako sei golak. Hartara, arlo indibidualean, erronka polita dauka esku artean aurrelari espainiarrak: Rierak 2013-2014an ezarritako 13 goleko marka ontzea. Ez du erraza izango, baina bide onean da.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s