Denboraren kontra borrokan

Osasuna-Real Madril| Sailkapeneko liderraren bisita jasoko dute bihar gorritxoek (BeIN, 20:45). Zulotik ateratzeko denbora pixkanaka agortzen ari zaie, beraz, merengeen kontra garaipenak baino ez die balio. Vasiljevicek lauko defentsa ezarriko du, atzean sendotasuna irabazteko. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebengoa)

w_900x700_09222234img_2252.jpg

21 partida, 10 puntu. Halakoxe gordina da Osasunaren errealitatea. Amildegia geroz eta gertuago dakusa, eta denbora gainera ari zaio etortzen. Izan ere, liga aurrera doa, eta gorritxoek sailkapenaren hondoan segitzen dute, zulotik atera ezinda. Dinamika aldatuko duen mugarri bat behar dute; garaipen bat, egoera beste begi batzuekin ikustea ahalbidetuko diena. Azken asteetan gertu izan dute, oso gertu ere, hatz puntekin ferekatzeraino, baina zio bategatik edo besteagatik, ihes egin die eskuetatik. Eta denbora, apurka bada ere, agortzen ari zaie.

Egoera horretan, Osasunak ligako liderra hartuko du bihar: Real Madril. Gorritxoen egoeran egonda, askok beldurrez so egingo liokete lehiari. Nafarroako taldeak, aitzitik, itxaropenez dakusa. Azken partidetan oso lehiakor aritu da Sevilla eta Reala bezalako talde ahaltsuen aurka, eta horrek konfiantzaz hornitu du. Gainera, merengeak gutxitan sentitu dira eroso Sadarren. Bertan jokatutako 36 partidatatik 14 besterik ez dituzte irabazi, eta Iruñera eginiko azken sei bisitetan garaipen bakarra lortu dute.

Petar Vasiljevic berak garbi utzi du ez direla Real Madrilen aurrean kokilduko. “Aurrez aurre lehiatuko gara Madrilekin, ez gara inoren beldur. Talde ausarta gara, eta hori oso garrantzitsua da gauden egoeran”. Bi taldeen artean “alde ikaragarria” dagoela onartu du, baina, era berean, nabarmendu du liderra menderatu dezaketela pentsatzeak “ilusio handia” eragiten diela. “Kuraia atera, eta esfortzu handia egin beharko dugu, aurkaria oso boteretsua delako. Baina uste dut mentalki prest gaudela lehia aurrera ateratzeko”, gaineratu du.

Gabezia defentsan izaten segitzen dute gorritxoek, eta hori arazo handia izan daiteke Zinedine Zidaneren taldearen kontra. Erasoan biziki eraginkorra da; orain arte ligan sartu dituen 51 golak horren lekuko. Nafarrek, aldiz, zulo galanta dute atzeko lerroan, 46 gol jaso baitituzte; hots, 2,19 gol neurketako. Prestatzaile gorritxoa jakitun da horretaz guztiaz, eta horregatik azpimarratu du “sekulakoa” litzatekeela atea hutsean uztea. “Zaila da Real Madrili eustea, erasoan kalitate eta abiadura handiko jendea duelako, baina gu golik ez jasotzen saiatuko gara”.

Iraultza hamaikakoan

Vasiljevicek errotik aldatuko du azkenaldian erabilitako marrazki taktikoa. 3-5-2ko sistema alde batera utzi, eta 4-4-2koaren alde egingo du apustu, hala babes handiagoa izateko hegaletan. Horrekin batera, hainbat aldaketa egingo ditu hamaikakoan: hasieratik ariko dira, ziurrenik, Vujadinovic, Tano, Fuentes eta Jaime Romero. Behin arazo burokratikoak konponduta, Raoul Loe jokatzeko prest dago, baina teknikari serbiarrak ez du hasieratik jarriko, frantziarra oraindik ez baitago sasoi betean.

Bestalde, bueltan da Oriol Riera. Anoetan ezin izan zuen jokatu, belaunean min zuelako, baina jada osaturik dago. Ez dirudi hasieratik ariko denik, baina bigarren zatian mehatxua izan daiteke Real Madrilentzat. Kataluniarrak neurria hartua dio talde espainiarrari: denera hiru gol sartu dizkio elastiko gorritxoarekin -bi 2013-14ko denboraldian, eta bat sasoi honetan-.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s