Analisia: Maddi Aldasoro

Ekaitzaren ostean, zer?

2017-02-08-photo-00000200

Maddi Aldasoro Blanco / Madril

Ekaitza, haizea eta euria. Aste honetan, eztabaida eta gatazka askoren hizpide. Futbol zaleak baino, meteorologoak bagina bezala. Vigoko alkatea, kirol aldizkari nagusi guztien azalean, eta bitartean, Real Madril “instituzioa” lehiaketaren etika eta zintzotasuna zalantzan jarri nahian. Baina, txapelketa aurrera doa eta liderrak Sadar bisitatuko du jardunaldi honetan. Euria egin ala ez.

Bi partida gutxiago jokatu arren, Real Madrilek tinko eusten dio lehen postuari. 40 partida galdu gabe egotearen saria ote? Hala ere, zaleak ez daude pozik. Haserre daudela esatera ausartuko nintzateke. Bernabeun entzuten diren txistuak adierazle garbia dira.

Reala 3-0 garaitu zuten aurreko jardunaldian. Markagailuan alde handia, baina ez zalantzak uxatzeko nahikoa. Egia da, lesioek gogor astindu dutela Zidanen taldea, baina jokalari askoren gogo falta kritikatzen dute zaleek. Madrilen jokoak ez du konbentzitzen eta kalitate indibidualei esker lortu ditu garaipenak. Ramosen burukadak, deskribaezinak. Baina, non daude izarrak? Benzema eta Cristiano. Cristiano eta Benzema. Jokalari bikainak, bai, baina taldeak gehien behar izan dituenean ez dira agertu. Partida gogorretan, burumakur ikusi ditugu, eta horrek eragin zuzena izan du taldean.

Larunbatean, Osasuna aurkari. “Real Madrileko jokalaria banintz, Sadar izango litzateke joan nahiko nukeen azken lekua. Gogor borrokatuko dugu”, Fausto Tienza Osasunako jokalariaren hitzak. Guda, borroka. Partida zaila, baina estatistika aldeko dute Zidanen mutilek. 2011. urtetik, Madrilek ez du Osasunaren aurka partida bakar bat ere galdu (7 garaipen eta 2 berdinketa). Estatistikak hausteko daude, eta hori, badakite gorritxoek. Real Madrilen arma ezkutua? Carvajal eta Modricen itzulera. Danilo gaixoak, atseden hartu ahal izango du azkenean. Jokalari brasildarra sorginduta dagoela dirudi. Hanka sartze batetik bestera, atsedenik gabe. Eta, zaleen txistuak berriro ere.

Real Madril minduta dago. Celtak kopatik kanporatu izana kolpe gogorra izan zen taldearentzat. Oraindik gainditu ez dutena. Zidanen mutilen jokoak ez du konbentzitzen, izarrek ez dute distirarik egiten, eta zaleak haserre daude. Baina kontuz, minduta dauden izarrekin. Sarri askoz arriskutsuagoak izaten baitira. Galdetu bestela, Alavesi. Urrian, Cristiano zalantzan egon zenean, hiru gol sartu zizkion portugaldarrak talde babazorroari. Bitartean, zeruari begira geratzea besterik ez dugu. Izan ere, barearen ostean, ekaitza etortzen omen da. Baina, zer dator orduan, ekaitzaren ostean? Larunbatean jakingo dugu.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s