Oier Sanjurjo: “Beheko taldeen artean, Osasuna da sasoirik onenean dagoena”

Osasunako kapitaina eta jokalari maitatuenetako bat da Oier Sanjurjo (Lizarra, Nafarroa, 1986). Taldea bizitzen ari den egoerarekin kezkatuta dago, eta emaitzak txarrak diren arren, oraindik ere lehenengo mailara eutsiko diotela uste du. Hala ere, garrantzitsuena iazko igoeran jokalariek, klubak eta zaleek izandako “hurbiltasuna” mantentzea dela uste du, lehenengo mailan zein bigarrenean. Juan Kruz Lakastak egin dio elkarrizketa Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan.

Juan Kruz Lakasta / Iñaki Berastegi Goikoetxea

_pat0023-jpg_20160604224648_7938_11

Oier Sanjurjo promoziorako sailkapena ospatzen, Oviedoko Carlos Tartiere futbol zelaian.

Sailkapenean azkena egon arren, bizirik dago Osasuna. Salbazioa eskuratzea zaila izango dute, baina itxaropena badago bederen. Hori da Oier Sanjurjo Osasunako jokalari eta kapitainak zaleei helarazi nahi dien ideietako bat. Caparrosen “mezua” ez zitzaiela iritsi azaldu du Lizarrakoak, eta Vasiljevicekin taldea gusturago ari dela nabarmendu du. Orain, defentsako lanak hobeto egin behar dituztela uste du puntuak ateratzeko ezin baitira hainbeste gol jaso partida bakoitzean. Erdiko atzelari gisa “gustura” ari dela esan du, eta bigarren itzulian espero ez duten hainbat talderen aurrean “ezustekoa” emateko gai direla nabarmendu.

Astelehenean Granadak irabazi zuen, eta Osasuna azken postura itzuli da. Nola bizitzen ari zarete urtebetean atikotik sotora pasatzea?

Sotoan gaude, baina lehenengo mailako sotoan. Ez dira momentu errazak, garai gogorrak dira, eta azken hilabete eta erdian itxura hobea eman eta garaipenetik gertuago gauden arren, ez zaigu garaipena lortzeko behar dugun azken bultzada iristen.

Vasiljevicekin bistan da taldearen jokoa hobetu dela. Zer eman dizue entrenatzaile serbiarrak?

Burua garbitu digu. Caparros garai zail batean etorri zen, eta saiatu zen arren, haren mezua ez zitzaigun iritsi. Taldeak ez zuen ongi erantzun, baina ez ez zuelako nahi, giro egokia sortatu ez zelako, baizik. Azkenean, Vasiljevic etortzea lasaitasuna izan da, etorri zenetik beste alaitasun batekin gaude, eta egoera zaila bada ere presio gutxiago nabaritzen dugu. Aldaketa hori zelaian uzten saiatzen gara astebururo, borrokatzera eta daukagun guztia ematera ateratzen gara, eta horrela emaitzak irisiko dira.

Hortaz, konfiantza zen taldearen arazo nagusia?

Bai, izan daiteke. Finean, Caparrosen mezua ez zitzaigun iritsi. Berak ez zuen gugan konfiantzarik, eta guk harengan ezta ere, eta horrekin ezin da giro egoki bat sortu. Orain, Vasiljevicek egiten duena Martinek egiten zuenarekin antzekotasun handia du. Mezuak bidaltzen dizikigu, coaching-a erabiltzen du. Presioa kendu nahi die jokalariei.

“Lehenengo mailan kontentrazio maila ikaragarria eduki behar da partida osoan, hutsegite txikienak ere penalizazio handia dakarrelako”

Azken partidetako maila ematen badugu gauzak zail jarriko dizkiogu Real Madridi”

Nola bizi izan zenuen Enrike Martin Monrealen kaleratzea?

Gogorra izan zen. Bizipen handiak izan ditugu berarekin, onerako zein txarrerako. Maitasun puntu bat ere bagenuen berarekiko, eta berak jokalariekiko. Harreman hori etetea gogorra izan zen lehendabiziko momentuan, baina honelakoa da futbola eta lehenengo maila, eta badakigu ezer ez dela betirako. Orain denboraldiko hirugarren entrenatzailea dugu, eta horrelako gauzekin bizitzen ikasi behar dugu.

Bazterrak nahstu zituen Enrike Martin eta jokalarien arteko harreman txarra zela zioen whatsappeko mezu batek.

Ez dakit nor hasi zen mezu harekin, baina ingurua zikintzea zuen helburu. Nire partetik esan beharra daukat mezu horrek ez duela sinesgarritasunik, ez dela egia esaten zutena. Jokalariak oso lasai gaude alde horretatik.

Nola aldatu daiteke taldea hainbeste Caparrosek edo Vasiljevicek zuzenduta? Lehen hain gaizki eta orain ondo, partidak lehiatzen ari zarete eta ikusten da irabazteko gai zaretela. Dena buruan dago?

Baietz esango nuke. Fisiko eta kalitate aldetik taldea dena da, erakutsi dugu hilabete honetan gauzak ongi egiteko gai garela, eta orduan nik aurkitzen dudan argudio bakarra da txapelketaren fase batean ez geundela mentalki prestatuta. Konfiantza gutxirekin geunden, eta ezin genuen norabide egokia aurkitu.

“Iazko igoeran jokalarien, klubaren eta zaleen artean egon zen hurbiltasuna matentzea, hori da benetan garrantzitsua”

Aldaketa pare bat egon dira taldean azken aldian. Zu erdiko atzelari postuan ari zara orain, Celtan utzita jokatu zenuenean bezalaxe. Zer moduz egokitu zara postu horretara?

Ez da postu berria niretzako. Celtan partida dexente jokatu nituen postu horretan, nahiz eta han erdiko bi atzelarirekin jokatzen genuen, eta Osasunan hirurekin jokatzen dugun. Oso gustora nago postu horrtean, baina entzuleek esango dute gol pila bat jasotzen ari dira, partidako ia hiru gol jasotzea ikaragarria delako, eta puntuak lortu nahi baditugu hori aldatu beharko dugu. Hala ere, gustura nabil, oso postu txukuna iruditzen zait niretzako, eta hortik kapitain bezala ere gehiago eragiten dut.

Eskuin hegalean, zelai erdian eta punta erdian ere jokatu duzu aurten. Zure ustez, zein da zure posturik egokiena?

Orain nagoen postuan uste dut taldeari gehiago eman diezaiokedala.

Adimen taktiko ona omen da zure bertuterik onena, eta horri esker defentsan asko laguntzen duzu.

Bai. Fisikoki eta ez naiz oso altua erdiko atzelari gisa jokatzeko, ez naiz erdiko atzelari tipikoa, baina laguntzetan eta ongi moldatzen naiz.

Nabarmendu duzu aurtengo arazorik nagusienetakoa defentsan duzuela. Izan ere, 21 partidatan 46 gol jaso dituzue. Aldaketa handiegia bigarren mailatik lehenengo mailara?

Argi dago gol gehiegi jaso ditugula. Mailari eusteko zifra handiegiak dira askaso. Alta, aurrekaldean golak egiteko gai gara. Maila batetik besterako aldea handia dela argi dago, baina nik uste ezberdintasun handiena dela lehenengo mailan 90 minutuetan izan behar zarela punta-puntan lehiatzeko gai. Kontentrazio maila ikaragarria izan behar da, hutsegite txikienak penalizazio handia dakarrelako.

Atzelari gazteak ditu Osasunak, David Garcia eta Unai Garcia esaterako. Igoera goizegi iritsi zaie?

Jauzia handia da, oso gazteak dira, eta egokitzeko prozesu bat behar da. Iaz maila ona eman zuten, baina aurten lehenengo mailan ikusi dute zaila dela, eta agian urte hau behar dute mailara egokitzeko.

Atzealdeko lerroa sendotzeko Nikola Vujadinovic fitxatu du Osasunak neguko merkatuan. Garaierari dagokionez behintzat, erdiko atzelari tipikoa da, ezta?

Bai, eta gainera ezkerra da, eta guk ez dugu horrelako atzelaririk. Gauza onak eman ahal dizkigu atzeko lerroan, ikusiko dugu fisikoki nola etorri den. Ea laister jartzen den gainontzekoen maila fisikoan.

Raoul Loek ere asko lagundu dezake defentsan, baloiak berreskuratzen, batik bat.

Bai. Nik uste dut taldeak alde horretatik behar duela oreka hori. Gora goazenean taldeak behar ditu Fausto edo Imanol Garcia bezalako jokalari gogorrak, baloiak lapurtu eta gero kalitate gehiago dutenei ematen dizkietenak.

“Erdiko atzelari gisa gustura nabil, oso postu txukuna iruditzen zait niretzako, eta hortik kapitain bezala ere gehiago eragiten dut”

Bide batez, ze sasoitan etorri da Loe?

Ongi dago, argal ikusi nuen. Aurrekoan esan nion nabarmena zela argalduta zetorrela, eta seguru gauza onak emango dizkigula.

Hurrengo jardunaldian Real Madrid ahalguztiduna etorriko da Sadarrera.

Azkena lehenengoaren kontra. Nork daki noiz irabazi dezakegun partida eta noren kontra. Azken partidetako maila ematen badugu gauzak zail jarriko dizkiogu Real Madridi.

Hortaz, Larunbatean garaipena lortuko duzue?

Nahiko nuke. Asteburoro ari gara zaletuei mezu hori helararazten, eta zaletuek pentsatuko dute garaipena ez dela iristen. Baikorra naiz eta sinesten dut. Real Madriden hainbat norgehiagoka ikusi ditut aurten eta ez zait iruditzen sekulako jokoa egiten ari direnik. Dena den, Madril badakigu nolakoa den, joko handia egin gabe aurrealdean erraztasun handiak ditu, eta gai dira partida irabazteko aurkaria baino hobeto jokatu gabe. Tentuz ibili beharko dugu atzealdean, golak erraz egiten dituztelako.

Osasunaz gain, txikitan zein beste talde zenuen gogoko?

Aurreko igandekoa [Realarengatik].

Sailkapenari erreparatuta, ikusten dituzu Osasuna baino okerragoak diren hiru talde?

Gaur egun, eta agian nire partetik ausarkeria da, baina behealdean gaudenetatik sasoi onenean dagoena Osasuna dela uste dut. Sailkapenari begira ez, baina joko eta sentsazio aldetik bai. Granada, Sporting, Leganes, Valentzia eta Deportivoren artean gu ari gara txukunen momentu hauetan.

Osasunak lehenengo mailako aurrekontu txikiena izateaz gain, hainbat muga ere baditu fitxaketetan alorrean gastatu dezakeen diru kopuruarekin. Alde ikaragarriak daude aurrekontuen alorrean, eta komeni da hori ere noizbehinka aipatzea, ezta?

Nire aburuz, jendeak hori badauka buruan. Egia da ez dugula justifikatu behar kirol arloan bizitzen ari garen momentua ditugun zailtasun ekonomikoekin. Aurrekontu aldetik azkenak gara, eta horrek eragin  zuzena du sailkapenean, baina hori alde batera utzita, guk badakigu zein diren gure baliabideak eta horiekin lehiatzen dugu.

Martinek zioen hori zela kontua, lehiatzea eta gozatzea, alegia.

Bai, guri presioa kentzeko era baliatzen zuen. Guk badakigu errealitatea zein den, zeintzuk diren gure mugak, eta horiekin goaz zelai guztietara nor garen erakustera. Ziur nago bati baino gehiagori sustoren bat emango diogula. Orain egutegi zaila daukagu aurretik, baina nork daki noiz irabaziko dugun. Mailari eustea oso zaila da, ez dugu kontrakoa esango, baian ez da hor mundua bukatzen. Ez dut jendea jaitsiera baterako prestatu nahi, baina iaz ere jendeak gozatua hartu zuen bigarren mailan egonda. Jokalarien, klubaren eta zaleen artean egon zen hurbiltasuna, hori da garrantzitsua.

Advertisements

2 thoughts on “Oier Sanjurjo: “Beheko taldeen artean, Osasuna da sasoirik onenean dagoena”

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s