Ereindakotik dator uzta

Garaipenari bizkarra emanda jarraitzen du Osasunak. Vasiljevicekin hobera egin du, baina oraindik ez du irabazi haren agindupean: bost lehiatan hiru berdinketa eta bi porrot. Gorritxoak eginahalak eta bi ari dira egiten puntuak hirunaka patrikaratzeko, baina, momentuz, uztak eskasegia izaten jarraitzen du. Hori bai, jarrera aldetik hala segituz gero, fruituak berandu baino lehen jasoko dituzte. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

w_900x700_0519312821

Dudarik ez dago: joko aldetik, denboraldiko unerik onenean dago Osasuna. Petar Vasiljevicek teknikari kargua hartu zuenetik, neurketa guztietan lehiakor aritu dira gorritxoak, eta joko bizi eta oldarkorra erakutsi dute. Kapazak izan dira Sevilla eta Reala bezalako talde boteretsuen aurka parez-pare aritzeko, eta hori bada zerbait. Kasurako, Caparrosekin pentsaezina zatekeen Anoetan txuri-urdinak baino gehiago izatea, baina serbiarrarekin hori posible bihurtu da. Iragan igandeak estu, oso estu hartu zuten Reala, eta hurbil izan zuten urrearen balioa zukeen garaipena.

Haatik, atzera ere ihes egin zieten hiru puntuek. Vasiljevicek orain arte zuzendutako bost partidetan garaipena gertu izan dute nafarrek, baina beti gelditu dira saririk gabe. Eta horren errua ezin zaio zorte txarrari egotzi, erasoan gauzak txukun egin arren, defentsan akatsa akatsaren atzetik ari baita egiten Osasuna. Horren paradigma izan zen Realaren aurkako norgehiagoka. Fase gehienetan nagusi izan zen Iruñeko taldea -batik bat lehen zatian-, presio bortitza eta trantsizio azkarrak medio. Aitzitik, Realak aski izan zituen 15 minutu neurketa hankaz gora jarri, eta puntuak etxean uzteko. Nola egin zuen? Bada, gorritxoek atzean emandako erraztasunak profitatuta.

21 jardunalditan 46 gol jaso ditu talde nafarrak; Lehen Mailan beste inork baino gehiago. Bataz beste 2,19 gol jaso dituzte partidako orain artean, beraz, garbi dago zergatik daramaten garaipen bakarra sasoi honetan. Eta Vasiljevicek ez du arrakala ixten asmatu. Areago, defentsako jardunean okerrera egin dute nafarrek, serbiarrarekin neurketako 2,4 gol jaso baitituzte bataz beste. Zuloak alimalekoa izaten segitzen du, eta horrek galga jartzen dio Osasunaren hobekuntzari.

Bereziki kezkatzekoa da aireko jokaldietan jasotzen ari den gol kopurua: denera 17 gol egin dizkiote buruz. Europako bots liga nagusietan nehork ez du modu horretan hainbeste gol jaso. Historikoki Osasunaren indargune izan dena, ahulgune bilakatu da denboraldi horretan. Horri buelta eman nahian, jokalari luzeen alde egin du apustu klubak neguko merkatuan.

Horrenbestez, esan daiteke defentsaren hauskortasuna ari dela Osasunaren uzta hondatzen. Ereite lanetan gogor ari da ahalegintzen, baina nekez ari da fruituak jasotzen. Alta, Nafarroako taldea ez dago amore emateko. Sailkapeneko egoera dena delakoa izanda ere, ez dio ereiteari utziko, eta horrek abantaila eman diezaioke jaitsieraren lehian murgilduta dabiltzan gainontzeko taldeen aurrean. Batzuk jada amore emanda daudenean, gorritxoek ekinean jarraituko dute, eta hala jokatzeak fruituak ekar diezazkieke. Finean, uzta, nonbaitetik etortzekotan, ereindakotik etortzen baita.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s