Dena emanda ere, ezin

Osasuna-Sevilla (3-4)| Osasunak aurpegia eman zuen Sevilla ahalguztidunaren aurrean, baina ezin izan zuen Sampaoliren mutilen erasoko emaria gelditu. Epailearen erabakiek ere nabarmen kaltetu zuten. Hala, itxura lehiakorra eman arren, esku hutsik gelditu zen. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

w_900x700_22135913img_2327.jpg

Azken neurketetan bezala, Osasuna ahalegin betean aritu zen atzo eguerdian. Kemen eta kuraiaz beteta, gorritxoak partidaren bila joan ziren lehen minututik. Indarhustu egin ziren erabat. Baina Granada eta Valentziaren kontra gertatu legez, lana beltz egiteak ez zuen esperotako fruiturik ekarri. Atzokoan Sevilla izan zuten aurkari, eta minutu askoan parez-pare ibili ziren arren, egun bi taldeen artean dagoen aldea agerian gelditu zen azkenean. Finean, sailkapeneko bigarrena izan zuten aurrean nafarrek. Eta atzokoan Jorge Sanpaolirenek ondo asko erakutsi zuten zergatik dauden olatuaren aparrean.

Lehen zatian, maila txundigarria erakutsi zuen Osasunak. Ezin daiteke esan Sevilla hankapean ibili zuenik, baina minutu askoan aginte makila hartu, eta espainiarren atearen bila joan zen, ausart eta oldarkor. Horren emaitza bezala, markagailuan aurrea hartu zuen, Sergio Leonen bidez. Aurrelari espainiarrak bikain errematatu zuen Roberto Torresen erdiraketa neurtua, eta hala, amaiera eman zion bere lehorte pertsonalari -urritik zeraman golik sartu gabe-. Golak ez zituen nafarrak ase, eta ekinean jarraitu zuten, bigarrenaren bila.

Markagailuko aldea gizentzear egon ziren Sergio Leon eta Roberto Torres, baina beren saiakerei arrapostu ezinhobea eman zien Sergio Rico atezainak. Sevilla oso deseroso zegoen, neurketa gobernatu ezinda. Wissam Ben Yederren abiadura baliaturik, gai izan zen arriskua eramateko Osasunaren areara, baina aurreikuspen guztien kontra, zelaierdian ez zen aurkaria zanpatzen ari; ezta hurrik eman ere. Iragan asteko izozteen ondoren, zelaia baldintza oso kaskarretan zegoen, eta horrek nabarmen erasan zion Sampaoliren taldeari.

Edonola ere, atsedena ate joka zela, partida berdindu zuen Sevillak, jokaldi isolatu batean; alegia, talde handiek usu egiten duten moduan. Atsedenera gutxienez gol bateko errentarekin joatea merezi zuen Osasunak, eta gola lehen zatiaren hondarrean jasotzea kolpea izan zen iruindarrentzat. Gauzak hala, bigarren zatian gidoia erabat aldatu zen. Sevilla pasa zen agintera, eta minutuen joanean, gorritxoak bere zelaian sartu zituen. Horretarako, giltzarria izan zen Sampaoliren sistema aldaketa: 3-4-3kotik 4-4-2kora pasa zen. Dena den, Vasiljevicenak ez zeuden amore emateko, eta bigarren zatian aurkariaren areara egin zuten lehen hurbilketan, 2-1ekoa sartu zuten -Vicente Iborrak egin zuen bere atean-.

Erauntsiari ezin eutsi

Bigarrena sartuta, Osasunak sekulako aukera zeukan urrezko garaipen bat lortzeko. Atzean behar bezala gotortzea zen horretarako gakoa. Haatik, sasoi hasieratik gorritxoek alimaleko arrakala dute atzealdean, eta Vasiljevicekin hainbat alderditan hobera egin duten arren, defentsan hauskorregiak izaten darraite. Hala, pozak ez zien ezer iraun, bi minutu geroago binakoa egin baitzuen Iborrak, aldaratze bat profitatuz.

Espainiarrek ekinean segitu zuten, geroz eta gertuago zekusaten garaipenaren bila, eta ahaleginak fruitua eman zien azkenean: korner batean 2-3koa sartu zuten, eta luzapenean lehia erabakita utzi zuten, Sarabiak 2-4koa egin zuenean. Kenan Kodrok markagailuko aldea murriztu zuen, Berenguerren erdiraketa bat buruz dotore errematatuta, baina esan beharrekoak jada esanda zeuden.

Zale eta jokalariek haserre bizian amaitu zuten partida, eta ez soilik porrotagatik: Estrada Fernandez epailearen erabakiek nabarmen kaltetu zuten Osasuna. Lehenik, existitzen ez zen jokoz kanpoko bat adierazi zion Riviereri, eta hala, jokaldi arriskutsu bat eten zuen. Eta ondoren, espainiarren hirugarren golean ez zuen ikusi Mudo Vazquezek bultzatu egin zuela Oriol Riera errematea egiterakoan. Arrazoi osoz sumindu ziren nafarrak.

Nolanahi, epailearen akatsek baino, Osasunaren beraren hutsegiteek eta Sevillaren talentuak erabaki zuten norgehiagoka. Egun bi dimentsio ezberdinetan daude bi taldeak, eta hori ederki asko ikusi zen bigarren zatian. Partida esku hutsik bukatu zuten nafarrek, baina harro egon daitezke, gauzak oso zail jarri baitzizkioten ligako kolosoetako bati. Gehiago ezin zaie eskatu.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s