Gehiago merezi zuten

Granada 1-1 Osasuna| Osasunari garaipenak soilik balio zion, eta, beraz, Nuevo Los Carmenes futbol zelaian lortutako puntua motz geratzen zaio. Lehenengo zatian nagusi izan ziren gorritxoak, eta bigarrenean partida orekatu zen. Oriol Rieraren gola Kravetsek berdindu zuen, eta Sergio Leonek eta Rivierek gol aukera garbiak izan zituen hiru puntuak lortzeko. Vasiljevicen taldeak itxura ona ematen jarraitzen du, baina garaipena ezagutu gabe. Sei puntutara dago jaitsiera postuetatik ateratzea.

Iñaki Berastegi Goikoetxea (@IBerastegi)

2003055-42056596-640-360

Motz geratu zaio Osasunari atzo Granadaren aurka lortutako berdinketa. Partida irabaztea beharrezkoa zen gorritxoentzat, eta eskura izan zuten arren, Petar Vasiljevicen taldea puntu bakar batekin itzuli zen etxera. Berdinketa motz geratu zitzaion taldeari, Osasunak egin zuen partida ikusita gehiago merezi zuelako. Talde nafarrak lehenengo zati oso ona egin zuen, eta Oriol Rieraren golari esker aurretik jarri zen. Bigarren zatian, ordea, Osasunak pauso bat atzera eman zuen emaitza babesteko, eta Granadak partida orekatu zuen. Gorritxoek partida irabazteko aukera pare bat galdu zituen, Granada 10 jokalarirekin geratu ostean.

Valentziaren partidarekin alderatuta bi aldaketa baino ez zituen sartu Vasiljevicek hamaikakoan Granadaren aurkako “finalerako”: Fausto eta David Garcia, Imanol Garcia eta Ivan Marquezen ordez. Hiru erdiko atzelari eta bi hegaleko luzerekin jokatu zuen beste behin Osasunak, eta momentuz sistema emaitza onak ematen ari da. Hori horrela, ondorengo hamaikakoa atera zuen entrenatzaile serbiarrak: Mario; Berenguer, Oier, D.Garcia, U.Garcia, Clerc; Fausto, Causic, R.Torres; Oriol Riera eta Sergio Leon.

Ondo zelairatu ziren gorritxoak Nuevos Los Carmenesen. Aurkari zuzenen arteko partida erabakigarria jokatu behar zuen talde nafarrak, eta igarri zitzaion taldeari hasieratik partidaren bila atera zela. Hala, hamaikagarren minutuan gorritxoak markagailuan aurreratu ziren: hegaletik min handia egin zuen Berenguerrek jokaldi polita egin zuen area barruan, pasea atzera eman zion Oriol Rierari, eta kataluniarrak bikain bidali zuen sareetara.

Bigarrena egiteko bi aukera izan zituen talde nafarrak lehenengo zatian. Sergio Leonek bakarka jokaldi bikaina egin zuen, eta ezkerrez errematea ondo gelditu zuen Granadako Ochoa atezainak. Polemikarentzat tartea ere egon zen, Oriol Rierak burukada bat bikain sareetara bidali zuenean. Marrazainak jokoz kanpokoa adierazi zuen, baina oraindik ere ez dago argi benetan aurrelari kataluniarraren gola ondo baliogabetuta dagoen edo ez.  Tabanou berdinketa egiteko zorian egon zen, baina Mariok erantzun ona eman zion. Atezaina beste behin ongi ibili zen, baina hankekin huts egiten jarraitzen du. Horrenbestez, huts eta batekoarekin amaitu zen lehenengo zatia.

Bigarren zatian Osasunari beldurra sartu zitzaion. Gorritxoak atzerago sartu ziren, eta Granada pixkanaka partidan sartu zen. Defentsan sufritzen hasi ziren Vasiljevicen mutilak, eta David Garciaren hutsegite bat aprobetxatzeko zorian egon zen Boga, etxekoen jokalari onena. Granada saiatu zen eta 68. minutuan lortu zuten Lucas Alcarazen taldeak berdinketa: Ponceren jaurtiketa zutoinera joan zen, aldaratzean gelditu bikaina egin zuen Mariok, baina hirugarrengoan, zorte apur batekin, Kravetsek partida berdindu zuen.

Lau minutu geroago, ordea, Uche Agbok txartel gorria ikusi zuen Sergio Leon baloirik gabe kolpatzeagatik. Osasunak partida irabazteko aukera ikusi zuen, eta Vasiljevicek hiru aldaketa sartu zituen hiru puntuak lortzeko asmoz; Fran Merida, Riviere eta Jaime. Rivierek izan zuen gorritxoen aukera garbienetako bat baina Ochoak geldiketa bikaina egin zion bat baten kontrako jokaldi batean. Meridak eta Jaimek ez zuten ezer egin. Osasunak ez zuen etsi, eta partida amaitzear zela Berenguerren erdiraketa bat kontrolatu ostean berdinketa egiteko aukera galdu zuen Leonek; area barruan kontrolatu zuen andaluziarrak, eta errematea ezker hankarekin egitekoa bazen ere, eskuin hankako kanpoaldearekin jaurti eta langatik gora bidali zuen. Ate aurrean asmatu ezinda dabil andaluziarra. Partidaren azken minutuan Poncek bigarren txartel horia ikusi zuen.

Puntu gazi gozoa patrikaratu ostean, sailkapenean egoera are gehiago okertu da. Valentziak irabazi egin zuen, eta jaitsera postuetatik ateratzea 6 puntutara dago —Valentziak Real Madrilen kontrako partida jokatzeko dauka— liga amaitzeko 20 partida falta direnean. Igandean, 12.00tan, Osasunak azken jardunaldian Real Madridi irabazi zion Jorge Sampaoliren Sevilla jasoko du Sadarren. Aurkari zaila, egoera zaila konpontzen hasteko. Dena den, Osasunak Vasiljevicekin norabidea berreskuratu duela dirudi.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s