Esperantza badago oraindik

Osasuna-Valentzia (3-3)| Osasuna suspertu egin zen Vasiljevicen debutean. Orain arteko partidarik onenetakoa jokatu zuten gorritxoek, eta erakutsi on egin diela teknikari aldaketak. Haatik, defentsan hauskorregi aritu ziren berriro ere, eta azkenean, garaipena merezi arren, puntu batekin konformatu behar izan ziren. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

w_900x700_09220637img_2243

Larriki zauriturik dago Osasuna. Kolpeak jaso besterik ez du egin sasioa hasi zenetik. Ordea, oraindik bizirik dago, eta hala jarraitu nahi du. Atzo, bederen, hori transmititu zuen taldeak: oraindik ez duela amore eman. Esperantza badagoela. Finala zuen atzo talde nafarrak. Aurrean behea jotako beste talde bat zuen: Vororen Valentzia. Huts egin ezkero, behin betiko hondoratzeko arriskua zuten gorritxoek. Eta baikor izateko motibo gehiegirik ez zegoen, azken asteetako ibilia ikusirik -itxura negargarria berdegunean, entrenatzaile aldaketa…-. Haatik, Petar Vasiljevicen agindupean, berpiztu egin zen Osasuna. Aspaldiko partez, gai izan zen erasoan jokaldi distiratsuak josteko, eta azkenean puntu bakarra urratu zuten arren, aho zapore gozoarekin irten ziren jokalari nahiz zaleak Sadarretik.

Hori bai, euforia izatea ez da komeni, taldeak akats biziki larriak egin baitzituen defentsan. Valentziak zazpi jaurtiketa egitearekin aski izan zuen hiru gol egiteko -bigarrena Oriol Rierak bere atean sartu zuen-. Oso gauza gutxi erakutsi zituen atzokoan Vorok zuzenduriko taldeak, baina Osasunak atzean emandako erraztasunei esker, lehia irabaztear izan zen. Lehen gola partida hastearekin batera sartu zuen: 2. minutuan, jokaldia egin zuen ezker hegaletik, eta Munirrek nahieran errematatu zuen area barruan. Gorriek, ostera, ez zituzten besoak jaitsi. Kontrara, golak esnatu egin zituen, eta hortik aurrera aginte makila hartu zuten. Hala, berehala iritsi zen etxekoen erantzuna: 7. minutuan Oriolek banakoa egin zuen, Mario Suarezek area txikian egindako oparia lagun.

Osasunak ekinean segitu zuen, bigarrenaren bila. Presio-lanean kementsu aritu zen, eta hegaletatik arrisku handia sortu zion Valentziari. Alde horretatik, betiko Osasuna ikusi zen atzokoan. Alabaina, baloia sareratzen ez zuen asmatu, eta ordaindu egin zuen, une oso txarrean gainera; atsedena ate joka zegoenean. Korner batean, baloia bere atean sartu zuen Oriol Rierak, buruz. Zoria, atzo ere, kontra zeukan talde nafarrak. Kolpe gogorra izan zen, eta beldurra zegoen harmailetan, arriskua baitzegoen bigarren zatian taldea etsiak jota ateratzeko. Orain arte halako kolpeek konorte gabe uzten zituzten gorritxoak, beraz, normala zen zaleek kezka izatea.

Alabaina, atsedenetik itzultzearekin batera, kezka eta zalantza guztiak uxatu zituzten gorritxoek. Bazekiten porrot batek ondorio benetan petralak izan zitzakeela, eta horregatik, berdinketaren bila irten ziren, bizi eta ausart. Hala, makina bat saiakeraren ondotik, binakoa egin zuen Roberto Torresek 62. minutuan, area ertzetik egindako jaurtiketa neurtu batekin. Astean zehar zabaldutako zurrumurru guztien ostean, bere burua aldarrikatzeko balio izan zion golak -eta horrez gain, lehia osoan zehar egindako lan eskergak-.

Puntua, latz sufrituta

Osasunak hirugarrena nahi zuen, gauari amaiera borobila emateko. Aitzitik, markagailuan aurrea hartu zion berriz ere Valentziak, neurketa bukatzeko hamabost bat minuturen faltan. Martin Montoya nahieran sartu zen ezker hegaletik barrurantz, eta taldekide batekin konbinaketa egin ostean, hegalekoak berak amaitu zuen jokaldia. Zaila zirudien gorriak ataka horretatik onik ateratzea. Are gehiago, epaileak penaltia adierazi zienean gorritxoei. Ordea, Mariok jaurtiketa gelditu zion Parejori. Esperantza bazegoen oraindik.

Azkenean, 93. minutuan, 3-3koa egin zuen Clercek, partidako jokalari onenak, eta, horrela, justizia egin. Partida irabaztea inork merezi izatekotan, Osasunak merezi izan zuen. 22 jaurtiketa egin zituen talde nafarrak, eta Valentziak zazpi besterik ez. Beraz, puntu bat bederen merezi zuten etxekoek. Erasoan aspaldi izan gabeko bizitasuna erakutsi zuten, eta hori albiste oso ona da. Alta, atzeko lerroan ahul, oso ahul aritu ziren. Arazo horri oraindik ez dio konponbiderik eman Vasiljevicek. Eta odol-hustea eten ezean, Osasunak nekez batu ahalko ditu puntuak hirunaka. Hori bai, ezin uka daiteke atzokoa abiapuntu ona izan zela putzutik ateratzen hasteko.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s