Aldapan gora

Egutegi erabat petrala du aurretik Osasunak. Iragan larunbatean Bartzelona izan zuen aurkari, eta hurrena Valentziak, Sevillak, Malagak eta Real Madrilek bisitatuko dute Sadar. Etxetik kanpo, arerio zuzenen kontra jokatuko du datozen bi lehietan: Deportivo eta Granadaren aurka, hain zuzen. Ziklo malkartsu honetan erabakita gera daiteke gorritxoen patua. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

w_900x700_10135434img_2026.jpg

Espainiako futbol liga Frantziako Tourra balitz, Osasuna uneon Alpe edo Pirinioetan barrena legoke, mendate malkartsu, erabat pikoak igo eta igo. Izan ere, beldurtzeko moduko egutegia dauka talde nafarrak. Ligako kolosoek eta aurkari zuzenek osaturiko mendikatea dauka parez pare. Joan zen larunbatean hasi zen aldapan gora, Bartzelonaren aurkako lehia medio. Gorritxoak duin aritu ziren, katalanei gauzak uste baino zailago jarrita, baina, azkenean, Luis Enriqueren taldeko izarrek lehia erabaki zuten. Neurketaren azken ordu erdian zanpatu egin zituzten nafarrak. Messi, Suarez eta enparauek ez zuten gupidarik izan. Horrela, bada, mendate festari ahul ekin diote nafarrek. Hankak gortuta, eta hauspoa erabat berotuta.

Dena den, txakalaldia lehendik zekarren Osasunak. Datuak horren erakusgarri: aurreko hamalau partidetan, soilik zazpi puntu lortu zituen Nafarroako taldeak. Hala, zenbaki eskas horiek hobetzea dagokio orain; hain zuzen ere, egutegiak gehien estutzen duen unean. Lehenengo itzulia amaitu aurretik lau partida jokatuko dituzte gorritxoek, lauak ere arerio zailen aurka. Alde batetik, Sadarren Valentzia eta Sevilla hartuko dituzte. Herrialde Katalanetako taldeak maila handiko jokalariak dauzka, baina uneon dinamika ikaragarri txarrean da, jaitsiera postuak atzean utzi ezinda. Hortaz, Osasunaren aurkari zuzen kontsidera daiteke. Sevillari dagokionez, talde dotorea eraiki du Jorge Sampaoli entrenatzaile txiletarraren baitan, eta ligako talde indartsuenekin dabil borrokan.

Etxetik kanpo, bestalde, Deportivo eta Granadaren zelaietan arituko da Osasuna. Biak daude jaitsiera ekiditeko lehian bete-betean murgildurik, beraz, talde gorritxoak ezin du hutsik egin. Aurkari zuzenen aurka, oro har, itxura etsigarria erakutsi du orain arte -porrot egin du Alaves, Leganes eta Sportingen aurka-, eta jada ez du huts egiteko tarterik. Zazpi puntu eskas ditu, eta mailari eutsi nahi ezkero -edo, gutxienez, lehia horretan egon nahi ezkero-, egoera berandu baino lehen irauli beharra dauka.

Azken hogei urteetan ezein talde ez da salbatu ligako lehen itzulian hamabi puntu baino gutxiago lortuta. Kopuru horretara iristeko, lan erdietara bitarte geratzen zaizkion lau partidetan bost puntu lortu beharko lituzke Osasunak. Alegia, garaipen bat eta bi berdinketa, hamabi puntutatik bost erdiesteko. Edonola ere, bataz bestekoa kalkulatuz, azken hemeretzi denboraldietan gutxienez 15 puntu lortu behar izan dira ondoren Lehen Mailan gelditzeko. Puntu kopuru hori erdiesteko, sekulakoa egin beharko luke Nafarroako taldeak: lau partidatik  bi irabazi eta bi berdindu behrako lituzke, zortzi puntu eskuratu, eta bataz besteko minimora iristeko. Erronka benetan zaila, batik bat aintzat harturik orain arte jokaturiko hamalau partidetan lorturiko puntu kopuru ia bera -bat gehiago- erdietsi beharko lukeela datozen lau lehietan.

Akabo denboraldia Miguel Flañorentzat

Bartzelonaren kontra min hartu zuen Miguel Flañok, eta gaur egin dizkioten probetan iragarpenik txarrenak bete dira: Noaingo atzelariak hautsita dauka ezkerreko belauneko lotailu gurutzatua. Horrenbestez, agur esan beharko dio sasioari, sei bat hilabete eman beharko baititu soropiletatik at. Bere anaia Javier Flañok lesio bera izan zuen denboraldi hasieran, Realaren aurkako derbian, eta egun osatze lanetan dihardu. Gauzak horrela, Miguelen lesioak zuloa utziko du gorritxoen atzeko lerro jada hauskorrean, bera baita eskarmentua duen erdiko atzelari bakarra Osasunan.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s