Horrela ez dago gozatzerik

Osasuna-Alaves (0-1)| Enegarrenez, Osasuna esku hutsik gelditu zen Sadarren. Eta berriz ere modu mingarrian. Gorritxoak ez ziren arerioa baino gutxiago izan, baina hanka sartze inozo baten ondorioz esku hutsik gelditu ziren. Atzoko porrotaren ostean, ataka estuan dago Enrique Martin Monreal. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

w_900x700_05194610img_1930.jpg

Osasunak Montilivin igoera lortu zuenetik, diskurtso finko bat behin eta berriz errepikatzen aritu da Martin Monreal, kasik lelo bihurtzeraino. Lorturiko sariaz gozatzea da Arrizabalagakoko teknikariaren mezuaren ardatza. Alegia, taldea Lehen Mailan ikusita gozatua hartzea. Alabaina, diskurtso horrek taldea ematen ari den mailarekin talka egiten du. Gaizki, oso gaizki baitabil Osasuna; batik bat etxean. Itxura indargea, hauskorra eta distira gabea ari da erakusten. Eta okerrena zera da, asteen joanean ez dela hobera egiten ari. Akats berberak behin eta berriz ari da errepikatzen, eta horrek etsipen sentsazioa eragiten du. Jardunaldiak aurrera doaz, sailkapenaren behekaldean dauden taldeek geroz eta puntu gehiago dituzte, eta gorritxoei ez zaie suspertzeko gaitasunik somatzen. Okerretik okerrera doa taldea, eta horrela oso zaila da Lehen Mailan aritzeko aukeraz gozatzea. Nehork ez baitu bere taldea lur-jota ikusita gozatzen.

Atzo Alavesen kontra jokatutako derbia Osasunak orain arte erakutsitakoaren paradigma izan zen. Gorriek bide orri garbirik gabe jardun zuten, iparra erabat galduta. Etxean jokatuagatik, ez zuten kemen arrastorik ere erakutsi. Erasoan ez ziren jokoa antolatzeko gai izan -horretan zerikusia izan zuen Alaveseko Marcos Llorentek eta Camarasak eginiko lanak-, eta defentsan, oro har partida sendo antzekoa jokatu arren, kontzentrazio falta erakutsi zuten lehiaren azken txanpan. Horren ondorioz sartu zuen Alavesek partidako gol bakarra: Oierrek baloia behar ez zen lekuan galdu, eta David Garciak penaltia egin zion Theori -kontaktua area kanpoan gertatu zen, baina areako marra ia gainean-. Babazorroek oparia ez zuten alferrik galdu, eta horrela eskuratu zituzten hiru puntuak. Gorrien akats bat profitatzea aski izan zuten Gasteizera garaipenarekin itzultzeko.

Sadarren jokatu diren partida gehienak orekatuak izan dira. Berdintasuna izan zen nagusi Realaren, Espanyolen, Betisen eta Alaves beraren kontrako neurketetan. Alabaina, horietan guztietan arerioak garaile irten dira. Orekatuak izan arren, lehia horietan Osasunak ez du puntu bakar bat ere urratzerik izan. Etxean ohiz kanpoko hauskortasuna ari da erakusten, eta hori eragin handia ari da izaten Sadarreko harmailetan. Atzokoan ere hotz egon ziren zale gorritxoak. Urruti gelditu da playoffetako giro beroa. Eta, hein handi batean, normala da, talde honek, uneon, ez baitu ezer transmititzen. Beno, zerbait bai: kezka. Taldea ataka gaiztoan dago, Martin bezalaxe. Teknikaria orain arte ez da egoera iraultzeko gai izan, eta atzo galdu ostean, etorkizuna kolokan du. Bera ere ez dago, beraz, gozatzeko moduan.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s