Odol-husteak ez du etenik

Atzeko lerroa Osasunaren buruhauste bihurtu da denboraldiaren lehen laurdenean. Betisen kontra agerian gelditu zen, berriro ere, gorritxoek atzean dezenteko zuloa dutela. Andaluziarrek ezer gutxi eginda bi gol sartu, eta hiru puntuak poltsikoratu zituzten Sadarren.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

w_900x700_21223646img_1891.jpg

Ohiko izaera galduta dabil Osasuna. Atzetik aurrera eraikitako taldea izan da betidanik, baina sasoi honetan ezohiko ahuldadea ari da izaten zimenduetan. Datuak garbi mintzo dira: Nafarroako taldeak bataz beste bi gol jaso ditu partidako. Soilik Celtaren kontra izan zen bere atea hutsean uzteko gai. Gainontzeko lehia guztietan gutxienez gol bat jaso du. Odol-husten ari da etengabe, eta horrek lan oso nekeza bilakatzen du puntuak urratzea. Hauskortasuna neurketa guztietan ari da erakusten; etxekoetan ere bai. Sadarrek ohiko gotorleku izaerarik ez du izan orain arte. Etxean beti sendo aritzen den taldea da Osasuna, eta helburuak hein handi batean horri esker lortu izan ditu beti, baina sasoi honetan oraindik ez da kapaza izan Iruñean irabazteko. Hortaz, aldagai horiek guztiak kontuan hartzen badira, ez da harritzekoa gorritxoak ataka zailean izatea.

Herenegun Betisen kontra jokatutako partidan, aipaturiko gabezia horiek guztiak azaleratu ziren berriz ere. Defentsan erraztasun handiegiak eman zituzten nafarrek, eta enegarren kolpea jaso zuten etxean. Lehenengo zatia lasaietik joan zen, bi taldeak apenas iritsi baitziren aurkariaren ate ingurura. Haatik, gorritxoen atzeko lerroaren oker bat profitatzea aski izan zuten Gustavo Poyetenek markagailuan aurretik jartzeko. Joaquin jokoz kanpo uzten saiatu zen Miguel Flaño, baina David Garcia gazteak ez zuen kapitainaren asmoa igarri. Horrela, Betiseko erdilariak baloia legezko posizioan hartu, eta baloia ederki loratu zuen Nauzet zalantzati baten gainetik. Golak hotz, garrik gabe utzi zituen gorritxoak. Soilik Roberto Torres, Sergio Leon eta Oriol Riera saiatu ziren jokoari gatza eta piperra jartzen. Bi aurrelariek gol aukera bana izan zuten, baina asmatu ez, eta partida 0-1ekoarekin joan zen atsedenera.

Bigarren zatiari, ordea, indarberrituta ekin zioten Enrique Martin Monrealen jokalariek. Atsedenetik itzuli eta bi minutura banakoa egin zuen Roberto Torresek, Alex Berenguerrek ezker hegalean egindako banakako jokaldi eder baten ostean. Gaztearen erdiraketak zutoina jo zuen, eta aldaratzea sareetara bidali zuen Arrekoak. Hurrengo jokaldia ia berdina izan zen; Berenguerren erdiraketa errematatzea falta izan zen soilik. Gorriak kementsu zelairatu ziren bigarren zatian, eta horrek esperantza piztu zuen ohi baino isilago egon ziren harmailetan. Alabaina, minutuen joanean taldeak behera egin zuen, bai fisikoki, eta baita kontzentrazio aldetik. Gorritxoen bertsio bigunena itzuli zen berriro ere, eta Betisek ez zuen barkatu: hainbat gol aukera garbi eduki ostean, 90. minutuan Petrosek garaipenaren gola egin zuen faltaz. Ipuruan irabazi ostean, ostiralean errealitatera itzuli zen Osasuna.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s