Irabazi beharra dauka

Oraindik ez du garaipenik lortu Osasunak, eta sailkapenean geroz eta egoera makurragoan dago. Hortaz, gaur iluntzean Eibarren kontra jokatuko duen partidak (20:45, Ipurua futbol zelaia, ‘Bein Laliga’) final itxura dauka talde nafarrarentzat. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

w_900x700_01201836img_1836.jpg

Estutasunak goiz, oso goiz iritsi zaizkio Osasunari. Ligako zazpi jardunaldi besterik ez dira jokatu, baina gorritxoak ataka zailean dira jada. Orain arte hiru puntu baino ez dituzte eskuratu, hiru berdinketari esker, eta oraindik norgehiagokarik irabazi gabeak dira. Presio handia dute; areago, presidenteak datozen bi partidak Enrique Martin Monrealentzat erabakigarriak izan daitezkeela esan zuenetik. Asteon jokalariek entrenatzailearen aldeko mezuak igorri dituzte, esanez euren babes osoa duela. Alabaina, halakoetan hitzek ez dute askotarako balio; berdegunean erakutsi behar dira erakutsi beharrekoak. Martini babesa erakusteko modurik onena gaur iluntzean Eibarri irabaztea litzateke.

Hori lortzeko, orain arte emandako mailarekin ez du aski Osasunak. Gauzak ondo baino hobeto egin beharko ditu Ipuruan hiru puntuak patrikaratu nahi ezkero. Armaginek oraindik ez dute etxean partidarik galdu, eta, horretaz landa, oso sasoiko daude –azken jardunaldian bana berdindu zuten Bernabeun –. Hortaz, kontrako dinamikekin iritsiko dira bi taldeak gaurko derbira. Gorriek garaipena lortu, eta bolada txarra eteteko abagune ederra izan zuten ligako azken partidan, baina hiru puntuek neurketaren azken hatsean egin zieten ihes –91. minutuan sartu zuen berdinketaren gola Las Palmasek–. Geroztik bi aste luze igaro dira, nafarrek sasoi-aurre labur antzeko bat egiteko erabili dituztenak. Jokalariek adierazi dute orain arte eginiko akatsak zuzendu dituztela, eta orain ideiak garbiago dituztela. Nolanahi, baloia jokoan jartzen denean ikusiko da ligako etenaldiak benetan hobetzeko balio izan dien.

Deialdiari dagokionez, Osasuna 21 jokalarirekin joango da gaur Eibarrera. Etxean geldituko dira Mario, Causic, Merida, Fuentes eta Olabide. Martinek 5-3-2 eskema erabiliko duela iragarri du, eta hamaikakoa ere nahiko garbi dauka. Zalantza bakarra defentsako eskuin hegalean dago. Oier bizkarrean min hartuta da, eta ziurrenik ez du jokatuko. Haren ordez jokatzeko aukera gehien Aitor Buñuel eta Javi Alamok dute, baina Tanok jokatzea ere ezin daiteke baztertu. Horrela, ondoko hamaikakoa zelaira lezake Osasunak: Nauzet; Alex Berenguer, David Garcia, Unai Garcia, Miguel Flaño, Aitor Buñuel; Didier Digard, Miguel De las Cuevas, Roberto Torres; Sergio Leon eta Oriol Riera.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s