Ez zen zorte kontua izan soilik

Las Palmasen kontra, hainbeste desiratzen zuen garaipena lortzear izan zen Osasuna. Markagailuan aurretik izan zen ia neurketa osoan, baina luzapenean gola jaso, eta berdinketarekin konformatu behar izan zen. Horrenbestez, zazpi jardunaldiren ostean garaipenik gabe segitzen dute gorritxoek

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

w_900x700_01203644img_1845.jpg

Zorteak, atzera ere, bizkarra eman zion Osasunari. Las Palmasen aurka esku-eskura izan zuen sasoiko lehen garaipena, baina neurketaren azken hatsean sariak ihes egin zion. Kolpe oso mingarria izan zen nafarrentzat, partidaren hastapenetik markagailuan aurretik egon ondoren, 91. minutuan gelditu baitziren premiazko hiru puntu gabe. Zernahi ere, norgehiagoka horren petralki amaitu izana ez zen soilik zorte kontua izan. Osasunak erraztasun handiegiak eman zizkion Las Palmasi: baloia eta zelaia, biak laga zizkion. Berdegunearen azken 30 metroetan jokatu zuten kanariarrek, baloia uneoro euren hanketan zutela. Bi eta huts ari ziren galtzen atsedenean, baina estutzearen estutzeaz, azkenean puntu bat urratu zuten, erabat merezita. Gorritxoek Las Palmasi bere atetik hurbilegi jokatzen laga zioten, eta, azkenean, ordaindu egin zuten akatsa.

Gorriek modu ezinhobean ekin zioten neurketari: 6. minutuan 1-0ekoa sartu zuen Roberto Torresek, penalti puntutik. Area barruan baloiari eskuarekin eman zion Kevin Prince Boatengek, eta Arrekoak ez zuen hamaika metrotatik hutsik egin. Golaren ostean, Osasuna bere zelaian sartu zen, errenta defendatzeko intentzioz. Atzean hutsune guztiak itxi, eta kontraerasoak baliatzea zen gorrien plana. Eta, lehen zatian, estrategiarekin bete-betean asmatu zuten. Las Palmas %80ko baloi jabetza izatera iritsi zen, baina azken metroetan ez zen gai zirrikituak aurkitu eta Nauzet estu hartzeko. Eroso zegoen Osasunaren atzeko lerroa, zelai-erdiko lerroaren laguntza finari esker –lan eskerga egin zuten Fausto eta Oierrek– kanariarren oldarraldiak arazorik gabe ari baitzen eusten. Eta lehen zatia amaitzear zela, mundu guztia ezustean harrapatu zuen Sergio Leonek: baloi luze bat bikainki kontrolatu, David Garciari bi aldiz iskin egin, eta baloia hanka azpitik sartu zion Raul Lizoain atezainari.

Horrenbestez, norgehiagoka 2-0ekoarekin iritsi zen atsedenera. Osasunak dena zuen alde estreinako garaipena lortzeko, baina bigarren zatian alferrik galdu zuen ordura arte egindako lan guztia. Nafarrek ez zuten egoera kudeatzen asmatu. Lehen zatian atzean aritu baziren, are atzerago aritu ziren bigarrengoan. Eta atzerantz eman zuten urrats horrek kondenatu egin zituen. Nortasuna eta eskarmentua falta izan zitzaien neurketa aurrera ateratzeko. Las Palmasek ez zuen aukera galdu. Aurrean talentu handiko jokalariak ditu, eta erraztasunak eman ezkero, ez dute barkatzen. 57. minutuan 2-1ekoa egin zuen Vicente Gomez erdilariak, ezker hegaletik jasotako erdiraketa bat buruz errematatuta, eta berdinketa erdiesteko makina bat saiakeraren ostean, 91. minutuan binakoa sartu zuten, korner batean. Kolpe gogorra izan zen Osasunarentzat. Arerio indartsu baten kontra irabaztear izan ziren, baina ausardia faltak, azkenean, ordaina ekarri zien.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s