Gehiago eskatu behar zaie

Osasuna 0-0 Celta| Puntu bat lortu zuen talde nafarrak Celta erabat nagusi izan zen norgehiagokan. Galiziarrek baloiaren jabetza lortu ez ezik, partida irabazteko aukera garbiak izan zituzten; bi baloi langara bidali zituzten eta beste bat zutoinera. Gorritxoek apenas egin zuten erasoko jokaldi aipagarririk eta behin baino ez zuten jaurti hiru zutoinen artean. Mario Fernandez atezaina hamaikakoan izan zen.

Iñaki Berastegi Goikoetxea (@IBerastegi)

mario

Emaitza izan zen Osasunak, Sadarren, Celtaren aurkako partidatik atera zuen gauza positiboetako bakarra. Hasiera hasieratik, Berizzoren mutilak partidaren jaun eta jabe izan ziren eta gol abagune garbienak ere eurenak izan ziren; langa eta zutoinekin hiru aldiz egin zuten topo. Alabaina, partida erabat kontrolpean izan eta gol abagune ugari sortu bazituzten ere, Galiziarrak ez ziren Nauzet ordezkatu zuen Mario Fernandezen atea gainditzeko gai izan.Osasunak, bitartean, ez zuen gol aukera garbirik sortu.

Ezustean zelairatu zuen Enrique Martin Monrealek Mario Fernandez Celtaren aurkako partidaren hamaikakoan. Inork gutxik espero zuen, Nauzetek iaz ligako partida guztiak jokatu zituelako eta aurtengo denboraldiko hiruretan ere Kanariarra izan zelako hasierako hamaikakoan. Bernabeuko partidari erreparatuko bagenio, hainbat aldaketa txertatu zituen Arrizabalagako entrenatzaileak hamaikakoan. Atzeko lerroan Oier sartu zuen min hartutako Miguel Flañoren ordez, eta hegaletan Carlos Clerc eta Buñuel hasieratik izan ziren Fuentes eta zigortuta zegoen Tano Bonnin ordez. Zelai erdiko hirukotea harrobiko Imanol Garciak, De Las Cuevasek eta Fran Meridak osatu zuten, eta aurrealdean Oriol Rierak Kenan Kodroren lekua bete zuen.

Lehenengo zatian Enrique Martin Monrealen gidoia bete zen. Osasunak Celtari baloia oparitu zion, ez zuen presiorik egin eta atzean sartu ez bazen ere, atea hutsean uztea zuen buruan erasora joan baino. Hori horrela, Celtak izan zituen erraztasunak nabariak izan ziren. Berizzoren mutilek aise lortu zuten baloiaren jabetza eta pixkanaka-pixkanaka Osasunak pausuak atzera eman behar zituen. Gorritxoen zelaian jokatu ziren lehenengo 45 minutuak; Celtak eraso eta Osasunak eutsi, gotorlekua eraso eta harresi barrutik defendatzen dutenen arteko borroken antzera. Galiziarren bi aurrelariek, Iago Aspasek eta Guidettik, egin zuten min. Hegaletatik antolatutako erasoei ongi eutsi zien Osasunak, baina Celtak barrutik jokatu eta Iago Aspas aurkitzen zuenean bereak eta bi ikusten zituzten atzelari gorritxoek. Guidetti aurrelari suediarra izan zen lehenengo zatiko aukera garbienak izan zituen jokalaria; bi alditan jokoz kanpo adierazi zioten, baina hirugarren batean Marioren aurrean bakarrik geratu zen. Kantabriako atezainak bikain erantzun zuen eta hanka artetik baloia kendu zion.

Baloia berreskuratu zuenean ere ez zuen arriskurik sortu Osasunak. Gorritxoak luze jokatzen tematu ziren eta hegaletatik ez zuten minik egitea lortu. Riviere eta Oriol Rierak baloia jasotzen zutenean arrisku eremutik urrun zeuden, hegaletara erorita. Bernabeun maila ona eman ondoren, aurrelari frantziarra trakets ibili zen Sadarren. Oriol Rierari, bitartean, lan beltza egitea tokatu zitzaion; baloi luzeak buruz ukitu batzuetan, eta baloi luzeak jaso eta taldekideeak iritsi arte gorde.

Pixkanaka Celtaren nagusitasuna are eta nabarmenagoa bihurtu zen eta Osasunak, falten bitartez, partida trabatu zuen jabetza luzeekin apurtzeko. Alabaina, falta jaurtiketa horietan Celta berdinketa apurtzeko zorian egon zen. Lehenengoan Daniel Wassek langari bidali zuen eta beste geldikako jokaldi batean, Mariok burukada bati erantzun bikaina eman eta baloia zutoinera bidali ostean, Guidettik sareetara bidali zuen. Jokoz kanpo zegoen, ordea. Lehenengo zatiko gidoia bete zen, Osasunak nola edo hala eutsi ziolako huts eta hutsekoari. Fran Merida izan zen aukera bat izan zuen jokalaria; hainbat aldaratze jaso ondoren, are txikiaren barruan baloiak ihes egin zion eta bere burua lurrera bota zuen. Epaileak txartel horia erakusi zion.

Bigarren zatia ere Celtarena izan zen. Hala ere, Osasuna ez zen lehenengo zatiko talde berbera izan. Talde ausartagoa izan zen eta erasora gehiago animatu zen. Jaime Romero eta Roberto Torres zelairatzea izan zen Osasunaren jarrera aldaketaren arrazoia nagusia. Imanol Garciaria euskarrian lagundu ez ezik, De las Cuevasekin lotura lanak ere egin zituen Arrekoak. Romerok Riviere ordezkatu bazuen ere, ezker hegalera erorita jokatu zuen. Erasoan min egin zion Jaimek Hugo Mallo atzelariari, eta horri esker, Clerck-ek ere erasora animatu zen, Mallok erasoan bere hegala abandonatu zuela kontuan hartuta.

Mario Fernandez, bikain

Dena den, lehenengo zatian bezalaxe, aukera garbienak Celtarenak izan zien. Guidetti kendu zuen Berizzok eta Giusepe Rossi zelairatu. Aldaketa horri esker, Celtaren aurrealdeak mugikortasun gehiago izan zuen eta gol abagune gehiago ere sortzeko parada, aldi berean. Mario Fernandez debutaria agertu zen, ordea. Osasunarekin ligan -kopan iaz jokatu zuelako- jokatzen zuen lehendabiziko partidan maila bikaina eman zuen. Giussepe Rossik bi aldiz egin zuen topo berarekin eta Señeren jaurtiketa bat ere ongi gelditu zuen. Langaren laguntza ere izan zuen atezain kantabriarrak Iago Aspasen falta jaurtiketa batean.

Partidaren hondarrean Celtak behera egin zuen eta Osasunak hori aprobetxatu nahi izan zuen partida irabazteko meriturik egin ez zuen arren. Alta, futbolean beti ez du merezi duenak irabazten eta neurketako azken jokaldian hori baieztatzeko aukera izan zuen bigarren zatiko azken minutuetan zelairatu zen Sergio Leonek: baloi luze batean Celtako defentsak huts egin zuen eta jaurtitzeko zorian zela, Cabralek bere hutsa estali zuen baloia blokeatu eta kanpora bidaliz.

Laugarren jardunaldiaren ostean, bi puntu baino ez ditu Osasunak poltsikoan. Momentuotan Santander ligako 18.postuan dago eta bere atzetik ditu Celta puntu bakar batekin eta punturik lortu ez duen Valentzia. Denboraldiko lehendabiziko garaipena lortzeko aukera izango du Osasunak, ostegunean 20.00etan, Espanyolen aurka Sadarren jokatuko duen partidan. Irabazi nahi badute Celtaren aurka erasoan egin zutena baino gehiago egin beharko dute gorritxoek hau ez baita bigarren maila.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s