Sentsazio onekin ez da aski

Ligako lehen hiru jardunaldietan puntu bakarra lortu du Osasunak. Itxura lehiakorra erakutsi du, baina puntuak hirunaka batzen hasteko beharra dauka. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

w_900x700_10172738_apa9892.jpg

Osasuna duin jardun zen  Santiago Bernabeun. Ligako talderik indartsuenetakoa den Real Madrili aurre egin zion, lotsabako, ausart. Alabaina, emaitzak ez du gorritxoek merengeen koliseoan emandako itxura ona islatzen: 5-2, jipoia, alegia. Ligako lehen hiru jardunaldietan talde nafarrari gertaturikoaren paradigma da Real Madrilen aurkako norgehiagoka. Izan ere, lehiakor aritu da partida denetan, baina lehiakortasun horrek ez du puntuak erruz batzea ekarri. Balantzea ezkorra da, bederatzi puntu posibleetatik bakarra eskuratu baitu. Ligako lehen jardunaldian, bana berdindu zuen Malagaren kontra, hurrengo asteburua esku hutsik amaitu zuen, Sadarren Realaren aurka galduta, eta Real Madriden kontra ere porrot egin zuen.

Horrenbestez, laugarren jardunaldira puntu beharrez iritsiko dira gorritxoak. Celta izanen dute aurkari, Sadarren, eta bost egun geroago berriz ere etxean jokatuko dute, Espanyolen kontra. Ziklo interesgarria da Enrike Martin Monrealek gidaturiko taldearentzat, batik bat bi neurketak Sadarren jokatuko direlako. Gainera, bi aurkariek sasoi hasiera eskasa izan dute (nagusiki Celtak, azken putz baita sailkapenean). Gorriek puntuak pilatzeko probestu beharko lituzkete neurketok. Uneon 18. postuan daude, hots, jaitsiera postuetan, eta komenigarria da hasiera hasieratik putzuan sartuta ez egotea, horrek eragin oso ezkorra izan baitezake taldearen gogo aldartean. Hori ekiditeko, formula bakarra dago: puntuak hirunaka batzea.

Garaipena lortzeko orain arte erakutsitako lehiakortasunari eustea giltzarria izanen da Osasunarentzat. Baina horrekin ez da aski. Orain arte antzeman zaizkien hutsuneak bete beharko dituzte nafarrek. Alde batetik, txinparta falta izan zaie erasoko jokaldietan; eta bestetik, defentsan akats potoloak egin dituzte (Bernabeun geldikako jokaldiek gogotik sufriarazi zieten). Akats horiek ekidin ezkero, aukera asko izango dute garaipena lortu, eta sailkapenean gora egiteko. Baina Monrealek ez badu taldea doitzen asmatzen, liga hasiera zaila izanen da gorritxoentzat. Arrizabalagakoak adierazi duenez, Osasunarentzat txapelketa igande honetan hasten da, “eta irabazi beharra dago”. Sentsazioak ez, puntuak baitira taldeen patua erabakitzen dutenak.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s