Ofizioz eta dizdirarik gabe

Malaga 1-1 Osasuna| Landutako berdinketa lortu du Osasunak La Rosaledan denboraldi aurrean porrota ezagutu ez zuen Malagaren aurka. Talde lehiakor eta lana gogotik egiten duen horietako dela erakutsi zuen Osasunak berdegunean eta partida borobila ez bazuen jokatu ere, denboraldi aurrean utzitako sentsazioak baino askoz hobeak izan ziren atzokoak. Martinek aldaketekin asmatu zuen, bigarren zatian sartu ziren Jaime Romero eta Fran Meridaren artean egin zutelako berdinketaren gola.

Iñaki Berastegi Goikoetxea (@IBerastegi)

Ofizioz eta esfortzu kolektiboaren bitartez lortu zuen Osasunak Malagatik Ligako lehendabiziko puntua eskuratzea. Dizdirarik gabeko partida batean, Enrike Martin Monrelaen taldeak ez zuen aparteko jokorik erakutsi, baina argi utzi zuena zera izan zen, taldea lehiakorra dela eta zelaian dena ematen duten jokalariek osatzen dutela. Aurredenboraldiko sentsazioak hobetu zituen arren, asko dauka hobetzeko, normala den moduan, talde nafarrak.

Lehenengo mailako estreineko jardunaldian Enrike Martin bere printzipioei, Osasuna lehenengo mailaraino ekarri duten printzpioei, fidela izan zen. Bost jokalarirekin osatu zuen atzeko lerroa eta zelai erdian borrokarako ezarri zituen Fausto Tienza eta Oier, De Las Cuevasek lotura lanak egin zituen bitartean. Ondorengo hamaikakoa zelairatu zuen Arrizabalagako entrenatzaileak La Rosaledan: Nauzet; Javier Flaño, Miguel Flaño, David Garcia, Unai Garcia, Fuentes; Fausto, Oier, De Las Cuevas; Kenan Kodro eta Oriol Riera.

Lehenengo zatia Malagarena izan zen. Andaluziarrak dena den, partida kontrolpean eduki arren, zailtasunak izan zituzten aukera garbiak sortzeko. Minutuak aurrera joan ahala Osasuna geroz eta hobeto egokitu zen egoera klimatikora-40 gradutik gertu zebilen termometroa- eta Malagaren baloi jabetza eta kontrola antzu bihurtu zituen. Juande Ramosen taldearen lehendabiziko zatiko abagune bakarrak Bartzelonatik etorri den Sandro Ramirez aurrelariarena izan zen. Kanariarrak erdiraketa batean defentsari aurre hartu zion eta ateko zuloan errematatu zuen baina Nauzet Perezen erantzuna bikaina izan zen. Malagari eutsi bai baina eraso jokoan ezer gutxi egin zuen lehen zatian Osasunak. De Las Cuevas eta Oriol riera saiatu ziren pare bat aldiz, baina taldea gehiago zegoen defentsa lanerako eta puntua ere ontzat ematen zuten.

Bigarren partidan oreka Jonyk eta Juanpi Añorrek apurtu zuten. Bi jokalariek lerro artean min egin zuten eta hegaletik Jonyk egindako jokaldi batean iritsi zen Malagaren arratsaldeko gol bakarra; Jonyk sakonean baloi bat jaso, area ertzeraino gidatu eta erdiraketa egingo zuela ematen zuenean, Juanpi Añor bikain desmarkatu eta ari bidali zion baloia honek ezkerrez egindako jaurtiketa dotore baten bitartez baloia sareetara bidali zezan gorritxoen atsekaberako.

Gakoa, aldaketetan

Aldaketek aldatu zuen partida. Enrike Martinek min hartu zuen Fuentes kendu eta Buñuel zelairatu zuen eskuin hegalean Flaño kontrako aldera bidaliz. Faustoren lekua Fran Meridak hartu zuen eta Kenan Kodro ordezkatu zuen Jaime Romerok.  Osasunak aurrera jo zuen eta atzean Charlesek markagailuan aldea handitzeko aukerak huts egiten zituen partida ona egin zuen Nauzet Perezen aurrean. Osasuna partida amaierara arte saiatu zen neurketa berdintzen eta halako batean, jokaldi nahasi batean, lortu zuen saria; Jaime Romerok erdiratu zuen eta area barruko aldaratze bat baliatu zuen Fran Meridak partida berdindu eta La Rosaledatik puntu garrantzitsu bat berreskuratzeko.

Puntu garrantzitsua lortu zuen beraz Osasunak Lehendabiziko mailara itzuli osteko lehenengo partidan. Ofizioz eta dizdirarik gabeko puntua, baina sailkapenean berdin balio duen puntua. Datorren astean, larunbatean 18.15etan, debuta Sadarren Eusebio Sacristanen Realaren aurka.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s