Ez gatz eta ez piper

Osasuna-Eibar| Nafarrek huts eta bat galdu zuten Etxarri Aranatzen armaginen kontra jokatutako lagunartekoan. Erasoan kamuts aritu ziren, eibartarrei min-egiteko bide orri garbirik gabe. Intentsitate aldetik maila txukuna erakutsi zuten, baina Lehen Mailako arerioen aurka lanarekin ez da aski. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

2016081221234453013.jpg

Osasuna aurre denboraldi grisa ari da burutzen. Emaitza aldetik bederen. Orotara sei partidu jokatu ditu, eta horietatik lau galdu. Azken porrota atzo jaso zuen, Eibarren kontra, Etxarri Aranazko futbol zelaian. Dena den, armaginen kontrako neuketak txarretik ez zuen soilik emaitza izan; taldeak utzitako sentsazioak ere nahiko kaxkarrak izan ziren. Aurretik jasotako zenbait porrotetan, Numanciaren aurkakoan kasurako, gorritxoen jokoak aho zapore nahiko gozoa utzi zuen. Atzokoan, aitzitik, ez zen halakorik gertatu.

Kolorerik gabeko futbola izan zen Osasunako jokalariek erakutsitakoa. Intentsitatez ondo, ohi bezala, presio lan txukuna eginez (zeregin horretan fin aritu ziren Oier, Imanol Garcia eta Fran Merida), baina erasoan iparra erabat galduta. Baloiarekin zer egin ez zuten asmatu. Zuzen jokatzen saiatu ziren, bertikaltasunez, baina horrela jokatzeak eskatzen duen zehaztasun eta mugikortasunik ez zuten erakutsi. Ezta hurrik ere.  Arriskurik apenas sortu zuten armaginen arean, eta horren emaitza bezala, norgehiagoka golik sartu gabe amaitu zuten.

Dena den, porrota ez zen soilik gorrien joko faltaren ondorio izan; defentsa lanetan ere ahul antzean aritu ziren, batik bat lehen zatian. Eibarren gola Osasunako atzelarien akats baten ondorioz iritsi zen, hain justu. Buñuelek nahi bezala erdiratzen utzi zion Beberi, eta Kike Garciak baloia sareetara bidali zuen, Unai Garciak markaketan kale egin ostean. Erdiraketak buruhauste bihurtu dira denboraldi aurrean gorrientzat (gol gehientsuenak bide horretatik jaso dituzte), eta atzokoan sentsazio hori areagotu besterik ez zen egin.

Minuturik onenak, gola jaso ostean

Gorritxoek erakutsi zuten futbol apurra lehen zatiko azken 20 minutuetan erakutsi zuten, gola jaso ostean, hain justu. Ordura arte oreka -eta joko eza- izan bazen nagusi, markagailuan atzetik zirela nafarrek urrats bat eman zuten aurrera, neurketa animatuz. Ez zuten inongo erakustaldirik eman, baina pare bat gol abagune on izan zituzten. Garbiena Imanol Garciak korner baten ostean izan zuena. Jaurtiketa gutxigatik joan zitzaion kanpora ezkaroztarrari.

Bigarren zatian Osasunak itxura are oldarkorragoa erakustea espero zen, baina ez zen halakorik gertatu. Zelaian ondo kokaturik egon zen, Eibarren jokoa ondo gelditu zuen, baloiaren jabetza bere egin zuen… Baino zelaiaren hiru laurdenetan ideia falta nabarmena somatu zitzaion. Eibarri min egiteko bide orri garbirik ez zutela, nafarrei ezinezkoa izan zitzaien armaginen atzealdean arrakalaren bat topatzea. Aulkia gogotik mugitu zuen Martinek, jokalariz aldatuta gorrien jokoak hobera egingo zuen esperantzatz. Alabaina, zeilariatu zirenek ez zuten taldea hauspotzerik lortu.

Horrenbestez, sasoi aurrea amaitzeko neurketa bakarraren faltan (bihar jokatuko dute azkena, Rayoren aurka), Osasunak ez ditu sentsazio onegiak transmititzen. Egia da udako lagunartekoek duten garrantzia dutela, baina liga hastear dago, eta ez dirudi gorritxoak lehiarako prest daudenik. Hori, dena den, datorren ostiraletik aurrera ikusiko da.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s