Finalera, ate handitik

Nastic-Osasuna (2-3)| Erakustaldia emanda sailkatu ziren gorriak promozioko azken kanporaketarako. Kataluniarrek partida hasi eta zazpi minutura sartu zuten lehen gola, baina Martinen jokalariak ez ziren urduritu. Uzkurtu beharrean, urrats bat eman zuten aitzinerat, eta 32. minutuan banakoa egin zuten. Horrekin konforme ez, eta bigarren zatian beste bi gol sartu zituzten, zale gorritxoen gozamen eta lasaitasunerako. Talde nafarra denboraldiko unerik gozoenean  iritsiko da  Gironaren aurka jokatuko duen finalera. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

w_900x700_11203345image.jpeg

Lehen Maila geroz eta gertuago dauka Osasunak. Promozioan azken unean sartu ondotik, lehen kanporaketan jaun eta jabe izan da talde nafarra, Nastic ahaltsuari birritan irabazita. Sadarren hiru eta bat izan zen nagusi, eta larunbatean, Nou Estadin jokatu zen itzuliko partidan, kataluniarrak bi eta hiru hartu zituen mendean, erakustaldi galanta emanda. Akats bakan batzuk kenduta, defentsan sendo aritu ziren gorritxoak, eta erasoan, beste behin ere, eraginkortasun aparta erakutsi zuten. Hilabete luzez golari bizkarra emanda egon ostean, unerik erabakigarrienean sekulako gol sena ari dira erakusten. Larunbatean, kasurako, izan zituzten abagune ia guztiak probestu zituzten, hiru gol sartuta. Horrela, gehiegi sufritu gabe kanporatu zuten liga txapelketan hirugarren sailkatu zen Nastic.

Hori bai, neurketaren lehen minutuetan gauzak aldapa gora jarri zitzaizkien, etxeko taldeak berehala egin baitzuen lehen gola (zazpigarren minutuan, hain zuzen). Javier Flaño lekuz kanpo zegoela baliatuta barruraino sartu zen Gerard, eta honen erdiraketa bikain errematatu zuen Naranjok. Zaleen artean artegatasuna zabaldu zen, Nasticek beste gol bat aski baitzuen Osasuna kanporatzeko. Haatik, kolpeak ez zuen Martinen taldea desegin; kontrara, gorritxoek pauso bat eman zuten aurrera, eta berdineketaren bila abiatu ziren, nortasun handiz. Behin kataluniarren hasierako erauntsia baretuta, nafarrak Nasticen zelaian jokatzen hasi ziren eta, horrekin batera, gol abaguneak sortzen. 15. minutuan Kodrok lehen abisua bidali zuen, baloia langara bidalita, eta 32.ean David Garcia gazteak banakoa jarri zuen markagailuan, geldikako jokaldi bat probestuta.

Golak lur jota utzi zituen etxekoak. Atsedenera iritsi bitarte ez zuten suspertze imintziorik ere egin. Bigarren zatia hastearekin batera, ordea, garbi gelditu zen kataluniarrak ez zeudela amore emateko. Bi gol behar zituzten kanporaketa berdintzeko. Ez zen ezinezkoa. Ezta gutxiago ere. Horrela, atsedenetik bueltan gorritxoak estu hartu zituzten. Martinen taldea bere zelaian zegoen sarturik, kosta ala kosta errenta eutsi nahirik. Sufritzeko minutuak izan ziren, baina uste baino lehenago igaro zirenak. Izan ere, 54. minutuan bigarrena egin zuen Javi Flañok, Nou Estadira gerturatu ziren zale nafarren zoramenerako. Zoramena, kanporaketa kasik itxita gelditu zelako, eta gola ikusgarria izan zelako. Area barruan zela, Merinok baloia orpoz, maisutasun handiz utzi zion Noaingo atzelariari, eta honek atearen eskuin angeluko armiarma-sareak kendu zituen, jaurtiketa bortizt batez.

Bigarren golarekin, sufrimenduari agur

Urduritasun, sufrimendu eta kezkak bigarren golarekin amaitu ziren gorritxoentzat. Nasticek jada lau gol behar zituen kanporaketa iraultzeko. Kataluniarrek ez zituzten besoak jaitsi, egoerari buelta ematen saiatzen jarraitu zuten, baina nabari zen ez zirela golaren aurreko erabakimen berberarekin ari. Gauzak are okerrago jarri zitzaizkien 74. minutuan, partidaz partida hazten ari den Merinok Osasunaren hirugarrena egin zuenean. Gorritxoek kanporaketa erabat erabakita utzi zuten gol horrekin. Azken minutuetan etxekoek markagailuko aldea murriztu zuten, baina jada beranduegi zen.

Neurketa bi eta hirukoarekin amaitu zen. Pozez lehertu ziren zale nafarrak, Osasunak sekulako balentria egin berri zuenaren jakitun. Promozioan azken orduan sartu ostean, tale nafarrak teorian play-offeko talderik indartsuena zen Nastic kanporatu du, joaneko zein itzuliko partidak irabazita. Hortaz, esnemamitan iritsiko da finalera. Urrats bakarra falta zaio Lehen Mailara itzultzeko. Urrats bakarra, ametsa errealitate bihurtzeko.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s