Osasunak lehen kolpea eman nahi du

Osasuna-Nastic (Ekainak 8, asteazkena, 20:00, Sadar futbol zelaia)| Osasunak eta Nasticek promozioko lehen partida jokatuko dute Sadarren. Gorritxoak garaipena lortzeko asmoarekin irtengo dira, larunbatean Tarragonara emaitza on batekin bidaiatu ahal izateko. Horretarako funtsezkoa izango da, atzean sendo aritzearekin batera, erasoan Ovierdoren aurka erakutsitako maila mantentzea.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

w_900x700_02201817image.jpeg

Ligako azken jardunaldian balentria galanta egin zuen Osasunak. Promozioan sartzea oso zail zuenean, Oviedo huts eta bost mendean hartu, zortea aldeko izan, eta azkenean lehenengo seien artean sartzea lortu zuen. Merezitako saria, denboraldi aparta egin duten gorritxoentzat. Alabaina, ez dira horrekin konformatzen. Orain arte eginikoak meritu izugarria dauka, baina denboraldia are gehiago borobiltzeko abagunea dute, promozioa irabazi eta igoera lortuta. Horretarako lehen urratsa gaur eman beharko dute, Nasticen aurkako kanporaketako joaneko partidan. Sadarren jokatuko dutela kontuan harturik, nafarrek lehen rounda irabaztea bilatuko dute, itzuliko partida haizea alde dutela jokatzeko.

Promozioko lehen partida izaki, neurketa lehiatua eta estua izatea espero da. Bi taldeak kontu handiz jardungo dira, hutsegite larririk ez egiten saiatuz. Gainera, kontuan hartu behar da aurtengo denboraldian elkarren artean jokatu dituzten bi neurketetan gol oso gutxi ikusi direla ( hiru denera). Horrela, bada, pentsatzekoa da partida zehaztasun txikiek erabakiko dutela. Horietako bat taldeen aldarte egoera izan daiteke. Osasuna moralez gainezka, euforia egoeran dator, promoziorako sailkapena azken jardunaldian lortu ondotik. Nastic, ordea, burumakur antzean iritsiko da gaurko partidara.  Zuzeneko igoera postuak zituen begiz jota, eta amaierara arte saiatu arren, azkenean hirugarren postuarekin konformatu behar izan zen. Hortaz, aldarte aldetik gorriak egoera dezente hobean dira, eta horrek, zaleen hauspoarekin batera, diferentziak marka litzake.

Horrekin batera, kontuan hartzekoa da azken jardunaldietan Osasunak erasoan izandako hobekuntza. Joko aldetik apika ez da aldaketa izugarririk izan, baina zenbakiak garbi mintzo dira: azken lau partidetan hamar gol sartu ditu. Noski, aintzat hartu behar da hamar horietatik bost jokoan ezer gutxi zeukan Oviedori sartu zizkiola. Baina bost gol ez dira edonola sartzen, arerioak intentsitate gutxiagorekin jokatu arren. Huescaren aurka, partidaren zati handi batean hamar gizonekin jokatu arren, gorriek itxura ona eman zuten erasoan, eta asturiarren kontra erakustaldia eman zuten, hasiera hasieratik golaren bila irtenda. Erasoko dizdira horri orain arteko partida gehienetan erakutsitako sendotasun defentsiboa gehitzen badiote, nafarrek kataluniarrak K.O.-tik gertu uzteko aukerak izango dituzte.

Aldaketa gutxi hamaikakoan

Martinek Oviedon erabilitakoaren oso antzeko hamaikakoa zelairatuko du. Defentsan litekeena da Tanok berriz ere hasieratik jokatzea. Baina bestelakoan ez da aldaketarik aurreikusten. Areago, ezin daiteke baztertu Arrizabalagako entrenatzaileak iragan asteburuko hamaikako bera erabiltzea. Alex Berenguer berriz ere deialdian izango da, partidu bateko santzioa bete ostean (Huescaren aurka txartel gorria ikusi zuen), baina Martinek garbi utzi du ez dela hasierako hamaikakoan izango. Bere esanetan, halako partidetarako egokiagoak dira eskarmentua duten jokalariak, beraz, gazteek protagonismo txikiagoa izatea aurreikusten da.

Nastic-i dagokionez, gaurko partidarako bi baja izanen ditu, biak ere nazioarteko deialdiengatik: Giorgi Aburjania erdilariarena eta Fabrice Ondoa atezainarena. Bestelakoan, Vicente Morenok gainontzeko jokalari guztiak eskuragarri izango ditu. Bereziki kontuan hartzekoak izango dira, besteak beste, Sergio Tejera, Osasunako jokalari ohi Lobato, sasoi apartean den Emana, eta gorritxoen aurkako azken partida sekulako falta jaurtiketa batekin erabaki zuen Naranjo.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s