Garaipenak besterik ez dio balio Osasunari

Osasuna-Huesca (Igandea, 20:00ak, Sadar futbol zelaia)| Gorritxoek beren esku dute denboraldia promozio postuetan bukatzea. Horretarako, baina, ezinbesteko dute Huescaren aurka hiru puntuak lortzea. Hala eginez gero, eta Cordoba, Girona eta Oviedok galduko balute, playofferako sailkapena bihar bertan itxiko lukete nafarrek. Partida erabakigarria izanik, Martinek eskuragarri dituen jokalari guztiak sartu ditu aurre-deialdian.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

14517624693884.jpg

Nasticen aurkako porrota mingarria izan zen oso. Gorritxoek meritu handiko partida jokatu zuten. Plaza oso zailean jokatuagatik ere, aurpegia eman, eta minutu askotan estu hartu zuten uneon sasoi apartean den Nastic. Alabaina, etxekoek atera egin zuten jaurtiketa bakarrean gola sartu (Naranjok sekulako jaurtiketa egin zuen faltaz), eta hiru puntuak patrikaratu zituzten. Horrela, bada, Osasuna denboraldia zuzeneko igoera postuetan amaitzeko aukerarik gabe gelditu da, bigarren den Leganes zazpi puntura baitu, jokoan sei puntu daudela. Nolanahi, lehen mailara itzultzeko ametsak bizirik darrai, promozioaren aukera oraindik hor baitago.

Nafarrak uneon laugarren dira, 61 punturekin. Gertu, oso gertu dituzte Alcorcon, Zaragoza eta Cordoba, hauek puntu kopuru berarekin baitira. Ondoren Girona dago, 60 punturekin, eta gero Oviedo, 59rekin. Gauzak estu-estu daude, beraz. Hori ikusirik, igande honetan gorritxoek derrigorrez irabazi beharra dute. Etxean jokatzen duten azken partida izanda, hiru puntuek ezin diete ihes egin. Garaipena erdiesteak playoffen atarian utziko lituzke, Oviedon ziurrenik puntu bat lortzearekin aski izango bailukete (kontuan izan behar da averagea alde dutela Zaragoza eta Cordobarekin, eta berdinduta Alcorconekin). Areago, Corcoba, Girona eta Oviedok euren partiduak galduko balituzte, eta gorriek berea irabazi, igandean bertan promoziorako sailkatuko lirateke.

Denboraldiaren zati handiena lehenengo seien artean izan ostean, hein handi batean Huescaren aurkako partidak erabakiko du Osasunak playoff-ak jokatuko dituen. Nafarrei, beraz, ez zaie zelaian dena emateko motiborik faltako. Intentsitatez Huesca baino gehiago izan beharko lirateke, batik bat kontuan izanik aragoiarrek beren helburua ia beterik dutela (jaitsiera postuak bost puntura dituzte). Baina intentsitatearekin batera, erasoan emankorra izatea funtsezkoa izango zaio Osasunari. Arriskua sortzea gehiegi kostatzen zaio, eta horrek kalte handiak eragin dizkio hainbat neurketatan (Nasticen aurka, esaterako). Gorriek argi izan behar dute: golik gabe, ez dago garaipenik. Eta erasoan ezer ez eginda nekez sar daiteke golik.

Soilik Manuel Sanchez gelditu da deialditik kanpo

Martinek eskuragarri dituen jokalari guztiak sartu ditu deialdian. Jokatu ezingo duen bakarra Manuel Sanchez da, iragan jardunaldian bostgarren txartel horia ikusi zuena. Hamaikakoari dagokionez, Roberto Torresen egoera fisikoa da Martinek duen buruhausterik nagusienetako bat. Arrekoak lesiorik ez duela frogatu da, baina zenbait molestia ditu, %100ean aritzea eragozten diotenak. Torres jokatzeko moduan bada, Martinek honako hamaikakoa zelaira lezake: Nauzet; Oier, Tano, Miguel Flaño, David García, Javier Flaño; Merino; De las Cuevas, Torres, Berenguer; Nino.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s