Birik ez hirurik gabe

Osasuna-Ponferradina (Larunbata, arratsaldeko 18:00ak, Sadar futbol zelaia)| Gorritxoek hirugarren garaipena nahi dute erreskadan. Horretarako puntu premia larriarekin den Ponferradina gainditu beharko dute. Teorian Osasuna hiru puntuak eskuratzeko faborito garbia da, baina ezin dezake lasaikeriaz jokatu. Izan ere, jaitsieraren lehian dabiltzan taldeek (Ponferradina 19. dago) %100a ematen dute denboraldiaren azken txanpan. Azken asteetan erakutsitako kontzentrazioa mantentzea funtsezkoa izango da nafarrentzat. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

w_900x700_04190722image.jpeg 

Lau aste luzez puntuak soilik banaka batu ondotik, Osasuna garaipenaren bidera itzuli da, azken bi partidak irabazita. Emaitza potolo eta joko dizdiratsurik gabeko garaipenak izan dira, baina beharrik ere ez: finean, modu batean edo bestean lortuta ere garaipenek balio berdina dute. Bi jardunaldi, sei puntu, eta igoeraren ametsa inoiz baino biziago. Azken emaitzei esker gorritxoak bete betean sartu dira Martinek atiko bezala bataiatu dituen lehen bi postuen lehian. Leganes liderra oraindik zazpi puntura dute, baina bigarren den Alavesekiko aldea hiru puntura murriztu dute.

Duela aste batzuk zuzeneko igoera postuak lekutan zeudela zirudien, baina Valladolid eta Alcorconi irabazita nafarrak berriro ere hor dira, Lehen Mailara igotzeko hautagaien artean. Dena den, orain zailena datorkie: ametsa errealitate bihurtzeko beharrezkoa da puntuak hirunaka batzen jarraitzea. Berdinketek jada ez dute balio. Martinen mutilek azerelagailua zapaldu zuten duela bi aste; orain erronka denboraldi amaierara arte hanka altxatu gabe aritzea da.

Egoera horretan, garbi dago larunbatean Ponferradinaren aurka jokatuko duten partidan nafarrei garaipenak baino ez diela balio. Hirugarren garaipena nahi dute erreskadan. Bolada onari jarraipena eman. Hirunaka batzen jarraitu. Zaleak gozarazi. Ilusioa mantendu. Ia dena aldeko dute: etxean arituko dira, moralez gainezka daude… eta behea jota dagoen arerio bat izango dute aurrean. Ponferradinak maila aparta erakutsi zuen denboraldiaren lehen zatian (laugarren izatera iritsi zen), baina Yuri aurrelariaren irteeraz geroztik talde madrildarra iparra erabat galduta aritu da. Horrela, bada, gorritxoek uneon jaitsiera postuetan dagoen talde bat izango dute arerio.

Teorian nafarrak gehiago izan beharko lirateke, sasoiz eta aldartez egoera askoz hobean daudelako, baina horrek ez du esan nahi neurketa aise irabaziko dutenik. Kontrara, kinka larrian, ataka estuan egoteak jaitsiera postuan dauden taldeak arriskustu egiten ditu. Puntuak lortzea beste irtenbiderik ez dute. Hortaz, Ponferradina hortzak estutu eta elastikoa gogotik izerditzeko intentzioarekin iritsiko da Sadarrera. Puntuak ez ditu merke salduko.

Beraz, gorritxoek aurkaria serio, oso serio hartu beharko dute. Garaipena lortzeko giltzetako bat sendotasun defentsiboa mantentzea izango da. Nafarrek gol bakarra jaso dute azken sei partidetan, sailkapenean izan duten gorakadaren arrazoi nagusietako bat izan dena. Osasuna hau atzetik eraikitako talde bat da, eta azkenaldian ondo baino hobeki ari da erakusten. Martinentzat lehen gauza atzean akatsik ez egitea da. Eraso kontuak gerorako.

Planteamendu horri esker Arrizabalagakoaren taldea hautsezina da atzean, baina, era berean, gol oso gutxi sartzen ditu. Datuak horren lekuko: azken sei partidetan hiru gol baino ez ditu sartu. Atzeko lerroan eraikitako harresiari esker gol bakan horiekin puntuak lortu dituzte. Baina beti gerta daiteke atzean arratsalde txar bat izatea. Hortaz, Osasunari aurrean apur bat gehiago egitea komeni zaio, arriskuak saiheste aldera. Ponferradina atzean sartu eta kontraerasora jokatzeko intentzioarekin etorriko da, beraz, gol aukerak sortzea ez da lan erraza izango. Gorrientzat berebiziko garrantzia izango du dituzten abaguneak probesteak.

Torres eta Merino gabe

Osasunak handicap garrantzitsu bat izango du larunbatean: taldeko jokalaririk erabakigarrienak diren Merino eta Torres gabe aritu beharko da. Iragan larunbatean bostgarren txartel horia ikusi zuten biek, beraz, ezingo dute Ponferradinaren aurka jokatu. Baja oso garrantzitsuak dira, taldean eragin izugarria duten jokalariak baitira. Dena den, Osasunak baditu alternatibak bi jokalari hauek ordezkatzeko. Merinoren kasuan, honen ordez aritzeko bi hautagai daude: bata Antonio Otegi, Manolinekin batera jokatuta lan txukuna egin dezakeena; eta bestea Oier Sanjurjo, zelaierdian maila oso onean jarduten ari dena (Alcorconen aurka aurreratuxeago jokatu zuen, baina Merinoren bajarekin euskarrira mugi daiteke).

Roberto Torresi dagokionez, honen lekua ziurrenik Miguel De las Cuevasek hartuko du. Kalitate aldetik jokalari oso parekoak dira, beraz, Alacantekoa ordezko ezinhobea izan daiteke. Menturaz ez dago 90 minutuak jokatzeko, baina kalitate eta sormen aldetik gauza asko eman ahal dizkio taldeari. Torres inork ordeztu ahal badu, hori De las Cuevas da. Olavide ere alternatiba aproposa izan liteke, baina haztegikoa momentu nahiko txarra ari da igarotzen. Kalitatea soberan dauka, baina gauzak ez zaizkio ondo ateratzen ari.

Bestelakoan, aldaketa gutxi aurreikusten dira hamaikakoan. Eskuin hegalean Aitor Buñuelek Puckoren lekua hartuko du, eta Berenguer Ninorekin batera aurrelari lanetan arituko da. Gainontzeko guztiak Alcorconen aritu ziren berdinak izango dira. Zerbaitek ondo funtzionatzen duenean hobe baita gehiegi ez aldatzea.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s