Ez zuten maila eman

Mallorca-Osasuna (1-1)| Osasunak puntu bat urratu zuen Iberostar Stadin, penalti polemiko bati esker. Garaipena beharrezko zuen, baina laugarren jardunaldiz jarraian puntu banaketarekin konformatu behar izan zen. Gorritxoek partida oso grisa jokatu zuten, batik bat lehen zatian. Bigarrenean itxura hobexeagoa eman zuten, aldaketa taktikoa medio, baina oro har ez zuten garaipena eskuratzeko meriturik egin.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

w_900x700_17200735_82r8290.jpg

Irabazteko premia larriarekin. Hala zegoen Osasuna Mallorcaren aurkako neurketari begira. Igoeraren lehian dabiltzan talde gehienek emaitza positiboak erdietsi zituzten (Tenerifek, Gironak, Cordobak, Elxek, Alcorconek eta Zaragozak irabazi egin zuten, eta Oviedo eta Nastikek euren artean berdindu), beraz, talde nafarrak ezin zezakeen hutsik egin. Presio handia zuen: denboraldiaren lehen zatian ligako liderra izan zenak, Mallorcaren aurka esku hutsik gelditu ezkero, jardunaldia 11. amaituko zuen, seigarrenarengandik jada hiru puntura. Partida erabakigarria zen, gorrien bertsiorik onena eskatzen zuena. Haatik, itxura etsigarria eman, eta puntu bakarrarekin konformatu behar izan ziren. Ez zuten gehiago merezi izan, bigarren zatian arerioa zertxobait estutu bazuten ere, orokorrean futbolik apenas erakutsi baitzuten Iberostar Stadiko berdegunean.

Denboraldiaren azken txanpara makal antzean iritsi dira nafarrak. Horretaz  jabetzeko azken emaitzei erreparatzea besterik ez da behar: martxoaren 13an Alavesi irabazi ziotenetik ez dute garaipen gehiagorik lortu. Egia da azken lau partidetan ez dutela porrotik sufritu, baina puntuak banaka baino ez dituzte lortu, Tenerife, Girona eta Elx-en aurka berdinduta. Lehen seien artean egoteko hirunaka batzea funtsezkoa da, eta Osasuna uneon garaipenarekin guztiz etsaituta dago. Igandean aukera paregabea zeukan joera hori apurtu, eta aurrekoen tropelean jarraitzeko, baina atzera ere kale egin zuen. Enegarrenez, ez zen gai izan norgehiagoka erabakigarri batean aurpegia emateko. Azkenean puntu bat urratu zuen. Eta gaitz erdi. Izan ere, lehen zatian itxura tamalgarria eman zuen. Iparra guztiz galduta ibili zen, menturaz Merino lemazainaren faltak eraginda.

Dena den, ezin daiteke esan haztegikoaren ordez jardun zen Manuel Sanchezek partidu txarra jokatu zuenik. Erasorako ez du aparteko bertuterik, baina defentsa lanetarako jokalari jaioa da andaluziarra, eta igandean ondo baino hobeki erakutsi zuen. Osasunaren joko faltaren zioa, Merinoren falta baino, Martinen planteamendu taktikoa izan zen. Arrizabalagakoa bost defentsarekin jokatzera tematuta dago, eta horrek kalte handia egiten dio gorritxoen erasoko jokoari. Hala jokatuta, hegalek sakontasuna nabarmen galtzen dute, hegaletako jokoa Javi Flaño eta Oierren esku uzten baita. Bi hauek defentsa lanetan ongi moldatzen dira, baina ez dute gaitasunik erasoko jokoa beren gain hartzeko. Modu horretan, nafarrak noraezean aritu ziren lehen zati ia osoan. Partidari behar zen erritmorik gabe ekin zioten. Agerikoa zen Mallorca beste martxa bat sartuta zebilela. Horrela, zenbait gerturatze arriskutsu egin ostean, 22. minutuan etxekoak markagailuan aurretik jarri ziren, Ortuño goleatzailearen bitartez. Gorritxoek korner baten osteko jokaldia gaizki defenditu zuten, eta aurrelari murtziarrak ez zuen barkatu.

Gola jaso eta hamar bat minutura nafarrak lozorrotik esnatu ziren. Ez zuten sekulako oldarraldirik egin, baina behintzat arerioaren zelaian jokatzeari ekin zioten. Baloiaren jabetza bere eginda, erosoxeago sentitu ziren. Horrela, bada, atsedenera iristeko bost minutu falta zirela gorritxoak banakoa egitear izan ziren. Lehen zati osoan izan zuten gol abagune bakarra izan zen. Bakarra, baina ez edonolakoa: dena alde zuela, Ninok baloia atezainaren eskuetara bidali zuen, Oierrek Roberto Torresen falta jaurtiketa bat buruz luzatu ostean. Aurrelari gorritxoak behea jota dira, bolbora erabat hezetuta dutela, eta igandean aurrelari almeriarrak krisialdi hori modu ezinhobean irudikatu zuen. Gauzak horrela, lehen zatia bat eta hutsekoarekin amaitu zen. Azken hamar minutuetan hobera egin zuten, baina lehen 45 minutuak, oro har, ahazteko modukoak izan ziren nafarrentzat.

Eskema aldaketarekin etorri zen hobekuntza

Martinek lehen zatiaren irakurketa kritikoa egin, eta bigarrenari begira marrazki taktikoz aldatzea deliberatu zuen: 5-1-2-2 eskema kendu eta 4-1-4-1 eskema ezarri zuen. Horrela, Oier defentsatik zelai-erdira igaro zen, Roberto Torres eta Manuel Sanchezekin jarduteko, eta hegaletan Alex Berenguer eta Otegiren ordez sartu zen Olavide kokatu ziren. Modu horretan, nafarrek erasoan presentzia handiagoa izan zuten, zelai erdi sendoagoa eta hegal askoz ere sarkorragoak zituztelako. Ez zuten iragan asteburuan Elxen aurka erakutsitako dizdirarik izan, baina lehen zatian baino sentsazio hobeak transmititu zituzten bederen. Eta ez hori bakarrik: 50. minutuan berdinketaren gola sartu zuten, penalti bidez. Ninoren eta Kassin Adamsen arteko talkan penaltia izan zela adierazi zuen epaileak, eta hamaika metrotatik Roberto Torresek ez zuen barkatu, ohi legez.

Gauzak horrela, Osasunak bigarren zati ia osoa zuen bigarren gola egin eta hurrezko hiru puntu eskuratzeko. Aitzitik, berdinketaren golak ez zuen nafarren gorakada ekarri, eta gol abaguneak nekez sortu zituzten. Joko aldetik ez ziren lehen zatian bezain kaxkar aritu (bereziki Berenguer eta Ninok jokaldi interesgarriak egin zituzten), baina ez ziren gai izan gol aukera garbiak produzitzeko. Minutuek aurrera egin ahala geroz eta garbiago zegoen partida banakoarekin amaituko zela. Ondarrean Mallorca gorritxoak esku hutsik uztear izan zen, aukera bikoitz batekin, baina ate aurrean asmatu ez, eta neurketa azkenean puntu banaketarekin amaitu zen. Biek ala biek ez zuten gehiagorako meriturik egin.

Promozio postuak bi puntura dituzte orain

Igandean lorturiko puntuak aho-zapore mikatza utzi du Iruñea aldean. Izan ere, seigarren postua bi puntura gelditu zaie orain bederatzigarren diren nafarrei. Igoeraren trena oraindik bertan dute, baina ez zaie gehiegi aldentzerik komeni. Horretarako bolada txarrarekin amaitu, eta garaipenarekin adiskidetzera daude derrigorturik. Esatea erraza da; egitea, ikusitakoak ikusita, ez horren erraza. Jardunaldiz jardunaldi Osasunak arazo berdinekin egiten du tupust: gol falta kezkagarria etxean, eta dizdira falta kanpoan. Oraindik zortzi partida falta dira, beraz goizegi da etsipenean erortzeko. Haatik, azken txanpa honetan gorriek asko hobetu beharko dute denboraldia gutxienez promozio postuetan amaitu nahi badute.

 

Advertisements

One thought on “Ez zuten maila eman

  1. Pingback-a: Hitzometroa| Mallorca-Osasuna | Taxoareko Hitza

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s