Azken txanpako lehen finala

Osasuna-Elx (Igandea, 19:15, Sadar futbol zelaia)| Gironaren aurka puntu bat urratu ondotik, gorritxoek igoeraren lehian sartu den Elx hartuko dute Sadarren. Alacanteko taldea arerio zuzena dute, hau ere 48 punturekin baitago. Partida honi begira, Enrike Martinek Merino zelairatu ahalko du, hiru astez min hartuta izan ostean. Unai Garcia ere osatze bidean da, baina ez da igandeko neurketara iritsiko.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

_2016380876_4b038dc0.jpg

Adelante Liga azken txanpan sartu da. 10 partida besterik ez dira gelditzen ligari amaiera emateko. Denboraldiko unerik erabakigarriena da: azken neurketa hauetan gertatzen denak finkatuko du talde bakoitzak liga zer postutan bukatzen duen. Sailkapenaren goialdean dabiltzan taldeak puntu oso gutxiren baitan daude, beraz, igoera lortu nahi ezkero azken txanpan euren bertsiorik onena ematea dagokie. Egoera horretan dagoen taldeetako bat da Osasuna. Uneon zazpigarren da sailkapenean, zortzigarrenaren, seigarrenaren eta bostgarrenaren puntu kopuru berarekin (48), laugarrenarengandik puntu bakarrera, eta hirugarrena baino hiru puntu gutxiago dituela. Gauzak estu, oso estu dituzte gorritxoek. Beren helburua gutxienez promozio postuetan sartzea da, baina ez dute erraz izango, talde asko xede berarekin iritsi baitira denboraldiaren azken zatira.

Gauzak horrela, nafarrek beren begirada Sadarren gelditzen diren bost partidetan paratu dute. Promozio postuetan sartzeko etxetik kanpo ongi ibiltzeak garrantzia izango du, baina are garrantzitsuagoa izango da Sadarren topera ibili eta puntuak hirunaka batzea. Kalkuluak egiten hasita, jokoan dauden 30 puntutik gutxienez 15 lortuta aski litzateke helburua lortzeko, eta Sadarren hain justu 15 puntu jokatuko direla kontuan hartuta, garbi dago etxeko partidek final izaera izango dutela. Bost finaletan lehena igande honetan jokatuko da, Elxen aurka. Alacantekoak ere igoeraren lehian bete  betean daude sartuta, beraz, partidak final izaera bi taldeentzat izango du. Galtzen duenak, inork galtzekotan, atzera egingo du sailkapenean, eta moralki kolpe gogorra jasoko du. Irabazten duenak, ordea, urrats garrantzitsu bat emango du promozio postuei heltzeko.

Gorritxoek eskenatokia alde izango dute. Izan ere, azarotik daramate etxean galdu gabe, Alcorconek 1-2 mendean hartu zituenean. Hortaz, Sadarrek gotorleku izaera hartu du azken aldian, bertatik talde oso indartsuak pasatu izanagatik, inork ez baitu lortu bertatik hiru puntuak zakuratuta irtetzea. Alabaina, datua ez da dirudien bezain baikorra Osasunarentzat, Sadarren lau hilabete galdu gabe daraman arren, denbora horretan soilik bi partida irabazi baititu etxean (bata Llagosteraren aurka, eta bestea Alavesen kontra). Berdinketak izan dira jaun eta jabe. Eta azken txanpa asko zaildu daiteke joera horrekin apurtzen ez bada. Promozioan sartzeko Osasunak beharrezkoa du etxean puntuak hirunaka batzea, eta azkenaldian nekez lortu du halakorik. Hortaz, Elxen aurka dinamika aldatu, eta Sadarren garaipena eskuratzea dagokie nafarrei.

Horretarako taldeak bere bertsiorik erasokorrena ematea beharrezkoa da, eta horretan zeresan handia izango dute Martinen erabakiek. Azken aldian berriro ere bost defentsako sistemaren aldeko apustua egin du, eta ikusi ahal izan den bezala, horrek taldea asko mugatzen du erasoko jokoari dagokionez. Elxen aurka erabiliko duen sistema oraindik ez da ezagutzen, baina litekeena da aldaketa handirik ez egitea. Ziurra dena Merinoren itzulera da. Harrobikoa azken hiru partidetan berdeguneetatik kanpo izan da, eta taldeak bere falta izugarri somatu du. Merino gabe, gorriek iparra galtzen dute, ez dute defentsa eta eraso arteko trantsizioa behar bezala egiten asmatzen. Harrobikoa Osasunaren lemazaina da, eta Elxen aurka berriro ere bere klasea erakusteko abagunea izango du. Honek min hartuta den Manuel Sanchezen lekua hartuko du hamaikakoan. Unai Garcia ere osatze bidean da, baina oraindik apur bat falta zaio guztiz berreskuratzeko. Astean zehar zenbait sesio gainontzeko taldekideekin egin ditu, beraz, Ezkaroztarra aurki itzuliko da zelaietara.

Elxek ere igoerarekin egiten du amets

Denboraldian zehar helburu gisa mailari eustea izan ostean, azken hamar partidei begira jomuga aldatzea deliberatu du Elxek. Sasoi hasiera oso zaila izan zuten, jaitsiera administratiboa pairatu ostean taldea osatzeko oso denbora gutxi izan baitzuten. Horrela, Ruben Barajak hasiera hasieratik garbi utzi zuen taldearen xedea ez zela Lehen Mailara itzultzea, Bigarren Mailari eustea baizik. Alabaina, denboraldiaren lehen erdiko erregulartasuna alde batera utzita, Alacanteko taldea emaitza onak lortuz joan da, eta azken txanpara 8. iritsi da, bostgarrenaren puntu kopuru berarekin. Horrek zera ekarri du, Barajak nahiz jokalariek diskurtsoa aldatu, eta jomuga anbiziotsuagoak finkatzea azken partidei begira.

Taldeari erreparatuta, Sergio Leon da, ezbairik gabe, Elxren izar nagusia. Zilarrezko mailako golegile nagusia da, 19 golekin. Alacanteko taldeak egin dituen golen %63 Leonek eginikoak dira, aurrelariak taldean duen paper funtsezkoaren erakusgarri. Aste hasieran lepauztaian min hartuta ibili zen, baina arazorik gabe osatu da. Bera izango da igandean gorritxoek izango duten mehatxu nagusia.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s