Erregulartasuna lortu ezinik

Albacete-Osasuna (3-1)| Porrot mingarria jaso zuen Osasunak bolada negargarrian zen Albaceteren aurka. Berenguer eta Merinoren bajak asko nabaritu zituzten gorritxoek. Joko zein intentsitate aldetik partidu negargarria egin zuten. Albacetek ez zuen erakustaldirik eman, baina gorritxoen akatsak zein epailearenak probestuta hiru gol sartu zituen. Porrotarekin, igoerari begira beren hautagaitza sendotzeko abagune ederra galdu zuten nafarrek.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

w_900x700_19184547img-20160319-wa0028.jpg

Moralez gainezka. Euforiaz beterik. Horrela iritsi zen Osasuna larunbateko partidara. Ez zen gutxiagorako: iragan asteburuan 3-1 irabazi zion ligako oilarretako bat den Alavesi, partida aparta eginda. Babazorroen aurka hiru puntuak lortuta, talde nafarrak berriro ere aurrera egin zuen sailkapenean, zuzeneko igoera postuetatik hiru puntu eskasera kokatuz. Egoera horretan, Albacetera egin zuen bidaia, behea jota ziren mantxegarren aurka jokatzeko. Carlos Belmonteko taldeak 9 jardunaldi zeramatzan garaipena ezagutu gabe, eta azken hiru hilabeteetan etxean irabazi gabea zen. Hortaz, bi taldeak gogo-aldarte guztiz desberdinarekin ziren. Eta bazirudien talka horretan Osasuna aise irtengo zela garaile. Alabaina, egiaren unean gorritxoek beren bertsiorik makurrena erakutsi zuten. Azkenaldian irregular antzean dabiltza, partida bikainak neurketa kaxkarrekin tartekatuz. Eta igandeko partidak joera irregular hori berretsi egin zuen: iragan astean erakustaldia emanagatik, Albaceteren aurka partida tamalgarria jokatu, eta hegoak eman zizkion etsita zegoen talde bati.

Mantxegarrek gorritxoak 3-1 jipoitu zituzten, baina kezkagarriena ez zen emaitza izan, taldearen itxura eta jarrera baizik. Osasunak futbol apurrik ere ez zuen erakutsi. Horretan zerikusi handia izan zuten Berenguer eta Merinoren bajek. Azken honen lekua hasiera batean Manuelek hartu behar zuen, baina partida hasi haurreko beroketan min hartu zuen. Horrela, Martinek azkenean Maikel Mesa zelairatu behar izan zuen. Tenerifekoa ez zen inondik inora gai izan Merinoren ausentzia ahaztarazteko. Euskarri bakar bezala iparra galduta ibili zen, bai defentsan, baita erasoan ere. Bestalde, Berenguerren ordez Arrizabalagakoak Martins zelairatzea deliberatu zuen, Javi Flaño, Miguel Flaño, Tano eta David Garciarekin batera bosteko defentsa osatzeko asmoz. Portugaldarrak itxura benetan eskasa eman zuen, agerian utziz gaur gaurkoz talde honetan aritzeko mailarik ez duela. Honek Buñuel bezalako jokalarien aurretik jokatzea konprenitzen zaila da.

Nolanahi, Martins ez zen igandean eskas antzean aritu zen defentsa bakarra izan. Boskoteak, orokorrean, partidu ahula jokatu zuen. Sendotasun eta kontzentrazio falta nabarmena somatu zitzaion. Albaceteren lehen gola ikustea besterik ez behar horretaz jabetzeko: kornerrean Gonzalok ahal bezala errematatu, baloia Pulidori erori, eta bakar bakarrik zela baloia sareetara bidali zuen. Mantxegarrak ordura arte gauza handirik egin gabeak ziren, baina korner bidez markagailuan aurrea hartu zuten. Neurketari buelta emateko gorriek oraindik denbora asko zuten aurretik, baina hamar minutu geroago gauzak are gehiago okertu zitzaizkien, Fede Vicok bigarrena egin zuenean. Jokaldi oso polemikoa izan zen, baloia hartzeko jauzi egiterakoan Nauzet oztopatu baitzuen. Falta nahiko agerikoa izan zen, baina epaileak ez zuen hala uste izan.

Egoera horretan, bigarren golak Osasuna lur jota utzi zuen. Partida irabazteko faborito garbiak zirenak bi eta huts ari ziren galtzen. Ez zirudien erreakzionatzeko gaitasunik izan behar zutenik; areago, orduantxe Albacete partidako minuturik onenak jokatzen hasi zela ikusita. Alabaina, nafarrak okerren zeudenean Urko Verak bi eta batekoa egin zuen, Albaceteko defentsa baten aldentze kaskarra hartu, eta areaz kanpotik egindako jaurtiketa zehatzarekin mantxegarren atezaina gaindituta. Barakaldokoaren golak esperantzarako tartea ireki zien gorritxoei. Oraindik bigarren zati osoa gelditzen zen, beraz, neurketa iraultzeko oraindik denbora bazuten.

Nahi bai, baina ezin

Taldeari beste martxa bat emateko asmoz, atsedenetik igaro eta gutxira Martinek Olavide eta Pucko zelairatu zituen. Hauek Javier Flaño eta De las Cuevasen lekua hartu zuten. Alacanteko jokalariak partida zoragarria jokatu zuen Alavesen aurka, baina igandean desagerturik ibili zen. Honen ordez sartu zen Olavidek, ordea, dezenteko presentzia izan zuen Osasunaren erasoko jokoan. Bere hanketatik etorri zen gorritxoek izan zuten gol abagune garbienetariko bat, defentsa bati izkin egin eta areara erdiraketa ederra egin zuenean. Bigarren zatian nafarrek izan zuten bigarren gol aukera garbia falta batean etorri zen. Roberto Torresek baloia maisutasunez jaurti zuen, baina Albaceteren atezaina bikain moldatu zen. Hor amaitu zen gorritxoen eraso emaria. Mantxegarrak atzean ondo sartuta zeudela, gorriak baloi luzeak jarri eta jarri aritu ziren, eta horrela ezinezkoa egin zitzaien arerioari min egitea.

Gauzak horrela, Osasuna jada amore emanda zegoela, Roberto Torresek area barruan baloia eskuarekin ukitu, eta epaileak penaltia adierazi zuen. Ruben Cruzek ez zuen 11 metrotatik barkatu, hiru eta batekoa eginez. Modu horretan, gorriak jipoia jasota irten ziren Carlos Belmontetik. Bertara garaipena lortu eta sailkapenean beste urrats bat emateko intentzioz iritsi ziren, baina berdegunean itxura negargarria eman, eta merezimendu osoz bolada oso txarrean zen arerio baten aurka galdu zuten. Horrela, bada, porrotak Osasunaren irregulartasuna agerian utzi zuen. Talde nafarra ez da gai bi astez jarraian partida txukunak jokatu, eta garaipenak kateatzeko. Eta ez da ahaztu behar erregulartasunik izan ezean nekez lor daitekeela saririk Bigarren Maila den maratoi luzean.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s