Beharraren derbia

Osasuna-Alaves (Igandea, 12:00, Sadar futbol zelaia)| Lugoren aurka porrot egin ostean, Osasunak Alaves hartuko du igande honetan. Bi taldeak puntu beharrarekin dira, azken aldian emaitzak kontra izan baitituzte. Hortaz, nafar eta arabarren arteko derbia gogorra eta lehiatua izatea espero da. Bestalde, karrika zein harmailetan festa giroa izango da nagusi, Gasteizen joaneko partidan gertatu bezala. Alavesek salgai jarritako sarrera guztiak saldu ditu; Osasunari, bere aldetik, soilik 50 sarrera geratzen zaizkio.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeg)

1426714364_680315_1426714519_noticia_normal

Denboraldiaren azken txanpan sartzeko geroz eta gutxiago falta dela, igande honetan Osasuna eta Alaves nor baino nor arituko dira nafar eta arabarren arteko derbian. Finala dela esatea apika gehiegitxo da, baina erabakigarritik baduela garbi dago. Azken aldiko emaitza kaxkarrak medio, biek ala biek garaipen gose –eta behar- handia  dute. Gorritxoek Zaragoza eta Cordobaren aurka ordura arteko bolada makurrarekin amaitzea lortu zuten, baina Lugoren aurka berriz ere itxura txarra eman, eta jardunaldia esku hutsik amaitu zuten. Horrela, sailkapenean berriro ere gauzak estu baino estuago jarri zaizkie: une honetan seigarren dira, 43 punturekin, hurrenez hurren zazpigarren eta zortzigarren diren  Zaragoza eta Alcorcon puntu bakarrera dituztela. Alaves sailkapenean bigarren da, beraz, oraindik ez dauka zertan larritu. Dena den, azken lau jardunaldietan ez dute partidarik irabazi, eta horrek hirugarrenarekiko zuten alde mardula hiru puntura murriztea ekarri du.

Egoera horretan, garbi dago igandeko partidak garrantzi handia duela nafar zein arabarrentzat. Osasunari dagokionez, helburu bezala denboraldia gutxienez promozio postuetan amaitzea dauka, eta horretara bidean urrats handia litzateke igandeko euskal derbian hiru puntuak patrikaratzea. Alaves azken hilabeteetako unerik txarrenean da, beraz, logikak esaten digu orain dela arabarren aurka jokatzeko momenturik aproposena. Haatik, bolada txarra igarotzen ari den arren, talde oso arriskutsua izaten jarraitzen du. Joko aldetik finago edo traketsago ibili daiteke, baina intentsitatea eta oldarkortasuna partiduro erakusten dituzte. Joko fisikoa darabilten taldeak Osasunari ez zaizkio batere ondo ematen –iragan jardunaldiko partidari erreparatzea besterik ez dago-, beraz, igandean gorritxoek izerdi asko bota beharko dute garaipena lortu nahi ezkero.

Derbia irabazteko gakoa zelai-erdian egon daiteke. Alavesek zelai erdi sendoa du, arerioak gogor estutzen dituen horietakoa. Horri erantzuteko egokia litzateke Merinorekin batera jite defentsiboko euskarri bat zelairatzea. Azken jardunaldietan Martinek Roberto Torres erabili du Merinoren bikote lez, baina Alavesen aurka jokatzeko zelai-erdi hori menturaz hauskorregia litzateke. Halako partidek giharra eskatzen dute, eta Arrizabalagakoak horretarako badu baliabiderik. Oierrek edota Manolinek, esaterako, euskarriari Torresek ematen ez dion sendotasuna emango liokete. Partida fisiko eta dizdira gutxikoetan Osasuna jokalari abil baina sendotasun gutxikoekin jokatzen tematu da, eta emaitzak gehienetan kontra izan ditu. Hortaz, gerta liteke Martinek lezioa jada ikasia izatea, eta euskal derbiari begira Merinorekin batera lan “ilunagoak” egin ditzakeen jokalari bat zelairatzea.

Defentsan Unai Garcia eta Miguel Flaño gabe

Atzean akatsik ez egitea ere erabakigarria izango da. Martinek, itxura guztien arabera, lau defentsa erabiliko ditu berriro ere. Horien artean ez da Unai Garcia egongo. Ezkaroztarrak ezker txorkatilako zurda bat apurtu zuen Lugoren aurkako partidan, eta zortzi astez berdegunetatik kanpo egon beharko da. Honen bajari Miguel Flañorena gehitu behar zaio, kasu honetan santzioagatik. Horrenbestez, aukera bakarra gelditzen zaio Martini: David Garciarekin batera Tano Bonin zelairatzea. Dominikarrak maila txukuna erakutsi du orain arte, baina Miguel Flaño eta Unai Garcia baino maila bat beherago dago. Ikusi beharko da nola moldatzen den kategoriako talde indartsuenetako baten aurka. Bestelakoan, hegaletan ez da aldaketarik aurreikusten. Azken orduko ezustekorik ezean, Javier Flaño eta Oier arituko dira bertan.

Bestalde, erasoko postuetan ziurrenik aldaketak izango dira. Asteleheneko entrenamenduan ikusia ahal izan zenez, Martinek Antonio Otegiren ordez De las Cuevas zelairatzea du buruan. Haztegiko harribitxia asko hazi da azken asteetan, baina horrelako partidetan egokiagoa izan daiteke eskarmentu gehiago daukan jokalari bat zelairatzea. Pucko ere hamaikakotik aterako dela dirudi. Azken hiru partidetan Martinek bere maila erakusteko aukera eman dio, baina eslobeniarra kamuts antzean ibili da, batez ere ate aurrean. Honen lekua Ninok hartuko luke, Urko Verarekin batera aurrelari lanetan arituko litzatekeena. Hauekin batera Alex Berenguer arituko da, uneon sasoikoen den gorritxoa. Aste barruan txorkatilan molestiak zituela ibili da, baina igandeko partidara arazorik gabe iritsiko dela dirudi. Horrela, aipaturiko aldaketak tarteko, Martinek 4-4-2 edo 4-3-3 eskema erabiliko du gasteiztarren aurka.

Aurrekariak kontra ditu Osasunak

Alavesi dagokionez, igandeko derbiari begira bi jokalari garrantzitsu berreskuratuko ditu: Sergio Pelegrin eta Sergio Mora. Santzioak medio, ezin izan zuten iragan asteburuko partida jokatu, eta taldeak bien falta somatu zuen –babazorroek ezin izan zuten Zaragoza menderatu, Mendizorrotzan jokatuagatik ere-. Biak funtsezkoak dira Jose Bordalasen eskeman, beraz, gasteiztarren hasierako hamaikakoan izango dira ezbeharrik ezean. Horrela, Alavesek luxuzko hamaikakoa aterako du Sadarreko berdegunera. Talde gasteiztarrak jokalari oso interesgarriak ditu, esaterako, Dani Pacheco, Kiko Femenia edota Gaizka Toquero. Jokalari finak, abilak dira, aurkariari min egiteko gutxi behar dutenak. Osasunak motzean lotu beharko ditu arazotan sartu nahi ez badu.

Baina arabarren potentzialaz landa, gorriek badute beste kezka-iturri bat: aurrekariak, hain zuzen. Duela bi urte bigarren mailara jaitsi zirenetik hiru partida jokatu dituzte arabarren aurka, balantze ezin kaxkarragoarekin: iragan denboraldian Alaves jaun eta jabe izan zen elkarren aurka jokatutako bi partidetan –Sadarren 1-3 irabazi zute, eta Mendizorrotzan 0-3-, eta aurten ere nafarrak jipoitu egin zituzten –berriro ere 0-3 garaitu zituzten etxean-. Aurrekariek, beraz, guztiz kontra dituzte gorritxoek.

Karriketan festa giroa izango da nagusi, berriz ere

 Osasuna eta Alavesen arteko derbiak festa bilakatu ohi dira zaleentzat. Hala gertatu zen urrian Mendizorrotzan jokatu zutenean, eta hala gertatuko da igande honetan ere. Neurketaren ordua petral samarra izan arren, sarrerak salgai jarri eta ordu gutxira agortuta zeuden. Alavesek zituen  1.685 sarrerak ordubetean saldu zituen, eta Osasunari uneon 50 baino ez zaizkio gelditzen. Horrenbestez, karrika zein harmailetan jai giroa ziurra izango da. Zale gorritxo zein babazorroek, beste behin ere, lehen mailakoak direla erakutsiko dute.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s