Osasuna esku hutsik itzuli da Lugotik

Lugo-Osasuna (2-0)| Osasunak ezin izan zion azken bi jardunaldietako susperraldiari segida eman. Lugok partida gogorra, erabat fisikoa planteatu zuen, eta nafarrek ez zuten nola erantzun jakin. Galiziarrek bi golak bigarren zatian sartu zituzten, lehenengoa korner batean eta bigarrena kontraerasoan.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

w_900x700_052033452016-03-05-252.jpg

Baikor. Indarberrituta. Horrela sentitzen zen Osasuna Cordoban urrezko hiru puntu eskuratuta. Emaitza txarren bolada atzean utzita, gorriek esperantzaz zekusaten Lugoren aurkako partida. Azken bi jardunaldietan joko ona erakustetik zetozen, eta, hori gutxi balitz, Lugok hiru hilabete luze zeramatzan Anxo Carron garaipena ezagutu gabe. Alabaina, igandeko partidan garbi ikusi zen bezala, bigarren mailan ezer gutxirako balio dute estatistika eta aurreikuspen baikorrek. Hiru puntuak lortzeko faboritoak ziren gorritxoak, baina egiaren unean ez zuten maila eman. Zelaiaren egoera txarra eta arerioaren joko fisikoa tarteko, berdegunean ezin gozatu ibili ziren. Partidaren irakurketan ez zuten asmatu, eta hor egon zen Lugotik esku hutsik irteteko gakoa. Nafarrek azken bi partidetan bezala jokatuta irabazi nahi zuten, baina igandeko neurketak beste zerbait eskatzen zuen: baloi gutxiago, eta gihar gehiago.

Osasunaren minuturik onenak neurketa hasierakoak izan ziren. Baloia jokoan jarri zenean garbi ikusi zen nafarren intentzioa hiru puntuak eskuratzea zela. Merino, Torres eta Berenguerren konbinazioak medio, hasierako hamar minutuetan hortzak estutu beharrean izan zen Lugo. Haatik, gorrien oldarraldia apaltzen joan ahala, etxekoak norgehiagokari neurria  hartzen joan ziren. Lerroak batu, eta espazio guztiak itxi zituzten, atzean ahalik eta estutasun gutxien izateko. Giharrean eta intentsitatean oinarrituriko taldea da Lugo, eta atzokoan ederki asko erakutsi zuen. Egoera horretan, Martinen jokalariak geroz eta deserosoago zeuden zelaian. Lehen hamar minutuetako erasoaldia igarota, Lugoren areara iristeko modua asmatu ezinik ibili ziren. Eraso jokoa baloi jabetzan oinarritzen tematu ziren, baina horrela oso zaila zen Lugoren defentsa amarauna zulatzea.

Osasuna erasoan gozakaitz zebilela, Lugo Nauzeten areara hurbiltzen hasi zen. Galiziarren jokalaririk arriskutsuena Iriome izan zen, eskuin hegaletik hainbat barneraldi egin zituena. Lehen zatiko aukerarik garbiena berak izan zuen, korner batean, baina burukada zutoinera joan zitzaion. Caballerok era pare bat abagune garbi izan zituen lehen gola egiteko, baina Nauzet fin ibili zen atepean. Galiziarrek erasoan joko nahiko eskasa erakutsi zuten, baina hiruzpalau gol aukera on izan zituzten. Osasunak, ordea, ez zuen ez joko, ez gol abagunerik izan. Arriskua sortzeko modurik ez zuen aurkitu, ez hegaletatik, ezta erdialdetik ere. Horrela, gorriek lehen zatia atera jaurtiketa bakar bat egin gabe amaitu zuten. Ordurako jada garbi samar zegoen Osasunak zail, oso zail izango zuela garaipena eskuratzea.

Okerretik okerrera bigarren zatian

Bigarren zatiari begira, Martinek aulkia mugitzea erabaki zuen. Horrela, atsedenetik itzuli eta berehala De las Cueveasek Antonio Otegiren lekua hartu zuen. Haztegiko harribitxiak ez zuen iragan jardunaldietako dizdirarik izan, partida fisikoegia izan baitzen berarentzat. Martinek aldaketa honekin taldeak itxura erasokorragoa ematea bilatzen zuen, baina gauzak ez ziren gehiegi aldatu. Neurketak lehen zatiaren ildotik segitu zuen: joko gutxi, gol abagune gutxi, eta taldeen arteko oreka jaun eta jabe.

71. minutuan gorritxoek partida osoan izan zuten gol aukera garbi bakarra iritsi zen. De las Cuevasek jokaldia egin, eta areara erdiraketa ona egin zuen, baina Urko Veraren errematea kanpora joan zen. Barakaldoko aurrelaria une zailak ari da igarotzen, saiatuagatik ere ez baita elastiko gorriarekin lehen gola egiteko gai. Antsietate handia dauka, eta horrek ez dio batere laguntzen. Gauzak horrela, minutu bat geroago Lugok lehen gola egin zuen, Dealbertek korner jaurtiketa bat sarera bidali zuenean. Halakoa izan zen atzokoan Osasunaren halabehar petrala: bi minututan huts eta batekoa sartzear egotetik, bat eta hutsekoa jasotzera igaro zen.

Behin markagailuan atzetik zela, talde nafarrak ez zuen susperraldi imintzio bakar bat ere izan. Bat eta hutsekoa jasota, beren burua galtzaile ikusi zuten gorriek. Horrela, bada, 80. minutuan Caballerok markagailuko aldea handitu zuen, Iriomeren jokaldi eder bati amaiera ezinhobea eman zionean. Bi eta hutsekoarekin partida jada guztiz erabakita gelditu zen. Porrot mingarria izan zen, aurreikuspenak baikorrak izanda, Martinen jokalariek itxura oso eskasa eman baitzuten.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s