Susperraldia berresteko abagunea

Cordoba-Osasuna (larunbata, 20:15, Arcangel futbol zelaia)| Iragan astean Zaragozaren aurka itxura esperantzagarria eman ondotik, jardunaldi honetan gorritxoek laugarren postuan den Cordoba izango dute aurkari. Martinek aragoiarren aurka erabilitako sistema errepikatuko du, taldearen jokoa biziberritzeko balio izan baitzuen. Arrizabalagakoak aitortu duenez, Arcangeleko berdegunera “gozatzera” eta “garaipena bilatzera” irtengo dira.

w_900x700_26211016image.jpg

42 jardunaldiko maratoia da Adelante Liga. Abuztutik ekainera arte luzatzen den lasterketan erregulartasuna eta konstantzia dira bertuterik preziatuenak. Dominak (kasu honetan igoera) indarrak ongien neurtzen dituztenek lortzen dituzte. Hauek hasiera partean burua ez dute gehiegi erakusten, baina denborak aurrera egin ahala gora egiten dute, eta amaieran, unerik erabakigarrienean, topera izaten dira. Ezer gutxirako balio du bost hilabetez maila gorenean aritzeak, azken txanparako indarrak guztiz agortuta badaude. Osasunari, esaterako, halako zerbait ari zaio gertatzen. Maratoiaren lehen zatian onenen multzoan egon zen, baina orain, kilometrorik erabakigarrienetan sartzear dela, txakalaldia ari da igarotzen. Datuak argi mintzo dira: azken lau partidetan garaipenik ez du lortu, eta gol bakarra egin du. Egoera horretan, gorriak bidegurutzean direla esan daiteke. Hurrengo bizpahiru partidetan lorturiko emaitzek denboraldi amaierarako helburua zein den finkatuko dute.

Bolada txarrak bere horretan jarraitu ezkero, onenen multzoa geroz eta urrutiago gelditu, eta xedea mailari eustea bilakatuko da. Zentzu horretan, nafarrak momentuz lasai egon daitezke, jaitsiera postuak hamalau postura baitituzte. Alabaina, denboraldiaren lehen zatian erakutsitako mailaren ostean, zaleek xede anbiziotsuagoak dituzte buruan: maratoia podiumean amaitzearekin amesten dute. Eta, horretarako, Martinek zuzenduriko taldeari azkenaldiko bolada txarrarekin amaitzea dagokio. Indarberritzeko unea da, azken txanpari begira ametsa bizirik mantendu nahi badu. Iragan jardunaldian susperraldi zantzuak somatu zitzaizkion Zaragozaren aurka, beraz, baikor izateko badago arrazoirik. Aragoiarren aurka Martinek joko-sistema aldatzea deliberatu zuen, eta gorritxoei partida kasik biribila irten zitzaien. Hiru puntuek ihes egin zieten, gol falta kari, baina joko aldetik neurketa paregabea jokatu zuten arerio serio eta gogor baten aurka.

Horrela, bada, jardunaldi honetan susperraldia berresteko aukera dute nafarrek. Ez dute erraz izango, bigarren mailako talderik indartsuenetariko bat den Cordobaren etxean jokatuko baitute. Balentria erdiesten saiatzeko, Arrizabalagako entrenatzaileak iragan igandeko sistema taktikoa errepikatuko du, atzera ere emaitza onak emango dizkion esperantzarekin. Hamaikakoari dagokionez, hau ere Zaragozaren aurkakoaren oso antzekoa izango da. Aurreikusten den balizko aldaketa bakarra Olavideren ordez Pucko zelairatzea da. Bestelakoan, aldaketarik ez: atepean, ohi bezala, Nauzet izango da, defentsako laukotea Oierrek, Miguel Flañok, David Garciak eta Javi Flañok osatuko dute, zelaierdian Merino, Roberto Torres, Otegi, eta Berenguer arituko dira, eta golak sartzearen ardura atzera ere Urko Verarena izango da. Hortaz, orain arteko hamaikakoetan ohiko izan diren Nino eta Unai Garcia ez dira hasieratik arituko. Biak gripeak jota izan dira, eta Martinek nahiago du ez arriskatzea. Horrela, Ninok aulkian hasiko du partida, Unai Garcia Iruñean gelditu den bitartean.

Ilusio handia pizten duen hamaikakoa da, zortzi nafarrek osatzen baitute (Olavidek jokatuko balu, bederatzi nafar lirateke). Dena den, ikusteko dago hamaikako hau gai den arerio gogor baten etxean itxura lehiakorra emateko. Etxetik kanpo partida negargarriak egitetik dator Osasuna, beraz, larunbatean jokatuko duten gizonek ez dute erronka makala. Areago, kontuan hartzen badugu talde iruindarra ez dela sekula Arcangel futbol zelaitik hiru puntuekin itzuli. Bertan guztira jokatu dituen zortzi partidetatik sei galdu eta bi berdindu ditu. Azkena duela 16 urte jokatu zuen, orduan ere bi taldeak bigarren mailan zirela. Neurketa hartan andaluziarrek 2-1 garaitu zituzten nafarrak.

Etxean jokatutako azken bi partidak galdu ditu Cordobak

Osasunak bezala, Cordobak ere garaipen premia handia dauka. Iragan jardunaldian 1-3 irabazi zuten Ponferradinaren aurka, baina aurretik lau partida eman zituzten garaipena ezagutu gabe. Horrek lehen bi postuetatik urruntzea ekarri zien. Une honetan laugarren dira, 43 punturekin (gorriek baino 3 gehiago). Jose Luis Oltraren taldeak lehen mailara itzultzea du helburu, beraz, garaipenak kateatzea eta, batez ere, etxean sendotasuna berreskuratzea behar-beharrezko ditu. Izan ere, etxean jokatutako azken bi partidetan kale egin du: lehenik 2-3 galdu zuen Leganesen aurka, eta ondoren Zaragozak 0-2 hartu zuen mendean. Horrenbestez, Osasunaren kontra tendentzia hori irauli eta etxean atzera ere eraginkor izatea bilatuko dute andaluziarrek.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s