Martinek lezioa ikasi ote du?

Leganes-Osasuna| Sailkapeneko bigarrena eta bostgarrena nor baino nor arituko dira Butarque futbol zelaian. Gorritxoek azken jardunaldiek utzitako aho zapore mikatza gozotuko liekeen garaipena bilatuko dute. Ez dute erraz izango, Leganesek 11 hilabete baitaramatza etxean galdu gabe. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

partido-osasuna-leganrsmikel-osasuna-10.jpg_201509_11

Gogorra. Fisikoa. Intentsua. Halakoxea izango da, ziur aski, Leganesek eta Osasunak igandean jokatuko duten partida. Ezaugarri horiek neurketa arriskutsu egiten dute gorritxoentzat. Izan ere, orain arte etxetik kanpo halako hainbat partida jokatu dituzte, eta denetan edo kasik denetan jipoituta irten dira. Gasteizen, Ponferradan edo Mirandan jokatutako partidetara begiratzea besterik ez dago. Hiru norgehiagoka hauetan arerioek futbol fisiko eta gogorra, talkazko futbol jokatu zuten. Baloiaren jabetzari baino, intentsitateari eman zioten lehentasuna. Eta estrategia hori baliatuz, gorritxoen gainetik igaro ziren (Alavesek 3-0 irabazi zien, Ponferradinak bezalaxe, eta Mirandesek lau gol sartu zizkien).

Osasunak partida horietan emandako itxura negargarrian zeresan handia izan zuen Enrike Martinen planteamenduak. Taldearen jokoa euskarri bakarraren sisteman eta Roberto Torres edota Olavide bezalako jokalarien talentuan oinarritu zuen. Beste partida batzuetarako hala jokatzea egokia izan daiteke, baina arerioek futbol gogor eta intentsua planteatzen dutenean, agerian gelditu da planteaendu horrek ez duela balio. Aipatu neurketek aurkarien intentsitateari intentsitate gehiagoz erantzutea eskatzen zuten. Aitzitik, Martinek ez zuen horrela irakurri, eta ondorioz gol zaparrada jasota itzuli behar izan ziren Iruñea aldera.

Horrela, bada, Leganesen aurkako partida Gasteizen, Mirandan edota Ponferradan jokatutakoen antzekoa izango dela kontuan izanda, ikusi beharko da ea Martinek lezioa ikasia duen, eta behingoz horrelako partida baterako planteamenduarekin asmatzen duen. Astean egindako entrenamenduei erreparatuta badirudi bonbila, azkenean, piztu zaiola, euskarri bikoitzarekin froga egiten aritu baita. Bertan Manuel Sanchez eta Oier arituko lirateke, Mesa eta Merino zigortuta baitaude. Hauen atzetik bosteko defentsa arituko litzateke, Javi Flaño, Miguel Flaño, Unai Garcia, David Garcia eta Tano Boninekin, eta aurrean Alex Berenguerrek, Puckok eta Urko Verak jokatuko lukete. Horrela jokatuta, teorian, taldeak sendotasun handiagoa izango luke, batik bat zelai erdian, eta hegaletatik min egiteko aukera izango luke, Pucko eta Berenguerren abiadura medio. Hortaz, hamaikako aporposa zelairatuko du Osasunak (Martinek planez aldatzea erabakitzen ez badu behintzat).

Leganes, ia urtebete etxean galdu gabe

Osasunak plaza ezin zailagoan jokatu beharko du igandean: Leganesen gotorleku den Butarquen. Talde madrildarrak 11 hilabete daramatza etxean galdu gabe. Beldurtzeko moduko datua, dudarik gabe. Horrez gain, kontuan hartu behar da Leganes denboraldi aparta ari dela egiten. Hasiera partean erregulartasun apur bat falta izan zitzaion, baina otsailan jarraian lau partida irabazi, eta sailkapenean bigarren jarri zen. Azken jardunaldian bat eta huts galdu zuen Zaragozaren aurka, baina oraindik bigarren postuan dirau, 40 punturekin (Osasunak baino puntu bat gehiago). Beraz, garaipena lortzea zail izango dute gorritxoek. Aurrekariak, gutxienez, alde dituzte: lehen itzulian 2-1 garaitu zuten talde madrildarra.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s