Hotz harmailetan, hotz berdegunean

Osasuna-Almeria (0-0)| Gorritxoek zuzeneko igoera postuetan kokatzeko abagunea galdu zuten, bigarren jardunaldiz jarraian. Sadarren eta jaitsiera postuetan dagoen talde baten aurka jokatu izanagatik, berdinketa baino ezin izan zuten lortu. Bereziki kezkatzekoa izan zen erasoan erakutsi zuten maila eskasa.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

w_900x700_07213317image.jpeg

Hotza. Halakoxea izan zen Osasunak iragan igandean Almeriaren aurka jokatu zuen neurketa. Alde batetik, harmailak ixil-ixilik, kasik mutu izan zirelako, pasa den asteko atxiloketen ondorioz Indar Gorrik animatzeari uko egin ostean. Eta bestetik taldearen jokoa loak hartzeko modukoa izan zelako. Gorritxoek bazituzten arrazoi franko partidari gogotsu heltzeko, baina oldarkortasun eta ideia falta kezkagarria izan zuten. 4-0 galtzetik etortzea, bigarren postua eskuratzeko aukera izatea… ez ziren nahikoa akuilu izan Martinen jokalarientzat.

Aurrean huts eta hutsekoa defendatzera etorri zen arerio bat izan zuten, baina horrek ez du justifikatzen nafarrek erasoan izan zuten antzutasuna. Arerioaren asmoetan baino, Martinen planteamenduan dago horren arrazoia. Ezin uka bost defentsa eta euskarri bakarreko sistemak orain arte emaitza onik eman duenik; alabaina, partida batzuek sistema aldaketa eskatzen dute, dela arerioen ezaugarriengatik, dela uneko testuinguruagatik (lesioak, santzioak…). Igandeko partidaren giltza Urko Vera eta Ninori behar bezalako erdiraketak ematean zegoen, eta sistema horrekin hegaleko jokoaren ardura bere gain hartzen duten Flaño eta Oier ez ziren horretarako gai izan.

Horrez gain, igandean euskarri bakarrarekin jokatzeak ez zuen zentzu handirik, kontuan hartuta Osasunaren lemazain Mikel Merino zigortuta zegoela. Honen lekua Mesak hartu zuen, eta argi eta garbi gelditu zen batetik bestera alde handia dagoela. Tenerifeko jokalaria balekoa da euskarri bikoitz batean aritzeko, baina bakarkako lana handiegi geratzen zaio. Merinok erasoko jokoari beste zentzu bat ematen dio, eta zelaian inor bezala kokatzen da. Mesa, ordea, ez da horren jaioa lan horietan. Horrela, Osasuna iparra galduta ibili zen, Tenerifekoa ez baitzen gai izan taldearen lema berak bakarrik hartzeko.

Egoera horretan, nafarrek gol aukerak oso nekez sortu zituzten. Nino eta Urko Vera noraezean eta lekuz kanpo zebiltzala (areatik urruti ibili behar izan ziren baloiak ukitzeko), partidako aukera garbiena Unai Garcia defentsak izan zuen lehen zatian, korner baten ostean Ninoren erdiraketa sareetara errematatzear izan zenean. Jaurtiketa erdiratu samar irten zitzaion, eta Casto atezainak, zortea aldeko, gelditzea lortu zuen. Lehen 45 minutuetan ez zen azpimarratzeko ia beste ezer jazo.

Bigarren zatia ildo beretik hasi zen, eta Martinek aulkia mugitzeari ekin zion. Lehenik Kodrok atzokoan etxean debuta egin zuen Urko Veraren lekua hartu zuen, eta ondoren Olavidek lehen taldean aritzeko maila oraindik erakutsi ez duen Jose Garcia ordeztu zuen. Batez ere azken aldaketa honek Osasunaren erasoa zertxobait biziberritu zuen, baina ez zen aski izan Almeriaren areara benetako arriskua eramateko. 81. minutuan Arrizabalagakoak Alex Berenguer Ninoren ordez zelairatu zuen, baina huts eta hutsekoa jada idatzita zegoela esan daiteke. Ez zen azken minuetako oldarraldirik izan. Atzokoan Osasunak bere irudirik hotzena eman zuen.

Martinek puntua ontzat eman zuen, baina zaleak etsitu antzean bueltatu ziren etxera. Izan ere, Osasunak bigarrenez jarraian zuzeneko igoera postuetan sartzeko aukera galdu zuen. Datorren jardunaldiari begira, gorritxoek kategoriako plaza gogorrenetariko bat den Butarque bisitatuko dute, bigarren den Leganesen aurka jokatzeko. Bertan irabazi nahi ezkero, azken bi partidetan emandako irudia errotik aldatu beharko dute. Sailkapenak oraindik itxura ona du, uneon bostgarren diren nafarrak zuzeneko igoeratik puntu bakarrera baitaude, baina, era berean, gauzak geroz eta estuago daude (bigarrenetik zortzigarrenera bi puntuko aldea baino ez dago). Egoera horretan, momentuaz gozatu, unean unekoa bizi, eta, era berean, azkenaldian egindako akatsak konpontzea dagokie gorritxoei.

 

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s