Sendo eta gora begira

Mirandes-Osasuna (Anduva, 19:15)| Azkenaldiko unerik gozoenean direla, beti gogorra den Anduva futbol zelaia bisitatuko dute gorritxoek. Iragan igandeko gol-festak hauspotuta, sailkapenean beste urrats bat ematea ahalbidetuko lieketen hiru puntuak lortzen saiatuko dira. Ostegunean Errege Kopan huts eta hiru galdu zuen Mirandes izango dute aurrean.  

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

1442481358_extras_noticia_foton_7_1.jpg

Azaro partean izandako krisiaren ondotik, sendotasuna berreskuratu du Osasunak. Toralinen Ponferradinaren aurka hiru eta huts galdu zutenetik, gorritxoek ez dute porrot gehiagorik jaso. Geroztik sei partida jokatu dituzte, eta horietatik hiru irabazi eta beste hiru berdindu dituzte. Emaitza horiei esker sailkapenean gora egin dute: uneon hirugarren dira, playoff postuetatik kanpo gelditzen den zazpigarrenarengandik lau puntura. Duela pare bat hilabete izandako beheraldiaren ostean, dudarik ez da egungo egoera aparta dela.

Haatik, are hobea izan daiteke, eta Martinek eta bere apopiloek hori ondo baino hobeto dakite. Playoff postuetan izatea ederra da, baina gorritxoek igoera zuzeneko postuak begiz jota dituzte. Denboraldiaren lehen hilabeteetan bertan izan ziren, eta orain, berriz ere bolada onean direla, Arrizabalagako entrenatzaileak “atiko” deritzen postuetara itzuli nahi dute. Esku-eskura dituzte, puntu bakarrera: Cordoba 39 punturekin da, eta Osasuna 38rekin.

Egoera horretan, igandean Anduvan jokatuko dute, etxean gozakaitz antzean dabilen Mirandesen aurka. Nafarrek kosta ala kosta garaipena lortu nahiko dute, Cordobaren balizko estropezu bat probestu –laugarren den Leganesen aurka jokatzen du–  eta igoera zuzeneko postuei atzera ere heltzeko. Baikor izateko argudiorik ez zaie falta: Llagosterari hiru eta huts irabaztetik datoz, defentsa lerroa harresi baten gisara ari da jarduten, eta etxetik kanpo oso eroso dabiltza. Horren eroso, ezen azken aldian emaitza hobeak ari diren lortzen Sadarretik urrun Sadarren bertan baino (azken hiru garaipenetatik bi etxetik kanpo lortuak izan dira).

Garaipena lortzeko gakoak: sendotasuna atzean, talentua aurrean

Nolanahi, garaipena lortzekotan ez dute izerdirik bota gabe lortuko. Ezbairik gabe, iragan igandean baino lan gehiago egin beharko dute hiru puntuak patrikaratzeko. Mirandes talde gogor eta lehiakorra da, golak garesti saltzen dituen horietakoa. Anduvan garaipenarekin etsaituta dabil (azkena azaro hasieran lortu zuen), baina bestelakoan denboraldi erregularra ari da egiten, etxetik kanpo partida mordoxka irabazita (Romaredan edota Arcangelen, besteren artean). Igandean Osasunari partida lehiatua, futbol gutxi eta intentsitate handikoa proposatuko dio.

Hortaz, nafarrek bi gauza erakutsi beharko dituzte Mirandatik garaipena besapean dutela irten nahi badute: sendotasuna atzeko lerroan, eta talentua aurrean. Etxeko taldea zirrikitu guztiak ixten saiatuko da, eta egoera horretan funtsezkoa izango da Osasunarentzat Roberto Torres edota Olavide bezalako jokalariek duten kalitatea erakustea. Hauek jokoan sartzen ez badira, gorritxoek nekez lortuko dute Carlos Terrazasen taldeari min egitea.

Berenguer eta Buñuel, Nino eta Javi Flañoren ordez

Martinek 20 jokalari sartu ditu aurre-deialdian. Horien artean ez daude iragan igandean bostgarren txartel horia ikusi zuten Nino eta Javi Flaño, Arrizabalagako entrenatzaileak gehien erabiltzen dituen jokalarien artean daudenak. Hamaikakoan Aitor Buñuelek hartuko du Flañoren lekua, eta Ninorena esne mamitan dabilen Alex Berenguerrek. Aste borobila izan du haztegikoak: Llagosteraren aurka bigarren gola egin zuen, eta herenegun kontratua 2020 arte luzatu zuen. Badu pozik egoteko motiborik.

Bestelakoan, hamaikakoan ez da aldaketarik izango. Llagosteraren aurka jokatu zuten berberek jokatuko dute: Nauzet atepean, David Garcia, Unai Garcia, Miguel Flaño eta Oier defentsan, Merino, Olavide eta Torres zeialerdian, eta Kodro aurrean. Makina bat tramite eta buruhausteren ostean LFPn izena ematea lortu duen Urko Vera deialdian sartu du Martinek, baina ez da hasieratik arituko. Igandeko partidako arretagunerik nagusienetakoa da Barakaldoko aurrelaria, Mirandeseko jokalari ohia izaki. Alabaina, oraindik ez dago garbi minuturen batzuk jokatuko dituen, erritmo faltarekin iritsi baita Koreatik.

Mirandes: bi ezbehar aste bakarrean

Osasunak arerio izango duen Mirandesek aste zaila igaro du. Alde batetik, Errege Kopako itzuliko partidan huts eta hiru galdu zuen ostegunean, Sevilla talde ahaltsuaren aurka. Terrazasek dituen jokalaririk onenak zelairatu zuen, baina andaluziarrek aise garaitu zituzten. Bestetik, taldeko  golegile nagusi zen Lago Junior gabe gelditu dira, Mallorcak bere klausula ordaindu ostean. Hortaz, Mirandesek bi kolpe jaso ditu aste bakarrean. Ikusteke dago horrek eraginik izango duen igandeko partidan.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s