Garaipen baliotsu batekin itxi du urtea Osasunak

Numantzia-Osasuna (1-3)| Azken hiru jardunalditan puntu bakarra lortu ondotik, garaipenaren bideari heldu diote berriz ere gorritxoek. Plaza zaila den Los Pajaritosen bat eta hiru irabazi zioten Numantziari. Joko aldetik ez ziren etxeko taldea baino gehiago izan, baina zortea eta eraginkortasuna alde izan zituzten. Garaipen honi esker urtea playoff postuetan amaituko dute, liderrarengandik hiru puntura.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

w_900x700_19212415osa_foz5270

Iragan asteburuan neurketa on bat jokatzetik zetorren Osasuna Soriako partidara.  Bilabo Athleticen aurka joko biziki erasokorra erakutsi zuen. Gol abaguneak erraz sortu zituen. Alabaina, ate aurrean asmatu ez, eta berdinketarekin konformatu behar izan zen. Los Pajaritosen, aitzitik, kontrakoa gertatu zitzaiola esan daiteke: jokoan ezer gutxi erakutsi arren, izan zituen aukera bakanak probestuta hiru puntuak eskuratu zituen. Gorritxoen eraginkortasuna ez zen edonolakoa izan, Numantziaren areara arriskuarekin iritsi ziren hiru aldietan baloia sareetara bidali baitzuten. Soriakoek intentsitate handiz jardun zuten, gol aukera gehiago sortu zituzten, joko hobea erakutsi zuten… Ostera, atzo horrek guztiak ez zuen garrantzirik gorritxoentzat. Efikazia alde zutela, berdegunean nagusi izatea ez zuten behar izan garaipena lortzeko.

Nolanahi ere, golak iritsi aurretik sufritzea tokatu zitzaien nafarrei. Lehen zatian neurketak itxura txarra hartu zuen haientzat. Etxekoak hobe zelairatu ziren, intentsitate gehiagorekin, eta berehala hasi ziren gol aukerak sortzen (5. minutuan Marc Mateuk baloia zutoinera bidali zuen). Gorritxoak, beren aldetik, ez zeuden atzean sartuta, baina baloia hanketan zutenean ez zeuden batere eroso. Erasoko jokalariak ez ziren gai Numantziaren areara arriskuarekin iristeko (horretan zeresana izango zuen, ziur aski, taldeko izar nagusia den Roberto Torresen bajak).

Gauzak horrela, 23. minutuan neurketako jokaldirik erabakigarrienetako bat iritsi zen. Jokaldi zalantzagarri batean epaileak etxekoen aldeko penaltia adierazi zuen. Gorriek jada euren burua markagailuan atzetik ikusten zuten, baina Nauzetek Oscar Diazen jaurtiketaren norabidea asmatu zuen. Larunbatean Osasunak lorturiko garaipenaren gakoa eraginkortasuna izan bazen ere, gauzak ziur aski desberdinak ziratekeen kanariarrak gelditu hori egin izan ez balu.

Jokaldi horren ostean partida orekatu egin zen. Numantziak, penaltia alferrik galdu izanak sorturiko atsekabeagatik-edo, pausu bat eman zuen atzera, eta horrek neurketa berdintzea ekarri zuen. Lehen zatiko azken minutu horietan Osasuna erosoago sentitu zen, nahiz eta ez zuen gol abagune garbirik sortu. Horrela, bada, atsedenean Martinek aulkia mugitu, eta Buñuel atzokoan eskuin hegalean lekuz kanpo egon zen Lotiesen ordez jarri zuen. Aldaketa erabakigarria izan zen, haztegiko jokalari gaztea berdegunean zela taldeak erasoan asko irabazi baitzuen. Horren erakusgarri lehenengo gola (50. min) Buñuelek berak sartu izana. Jose Garciak baloia hegalera zabaldu, atzokoan suspertuta agertu zen Ninok baloia bigarren zutoinean jarri, ta haztegikoak baloia maisuki errematatu zuen buruz.

Golaren ostean Osasunak partidaren kontrola hartu zuen. Bere burua markagailuan atzetik ikustea kolpe gogorra izan zen Numantziarentzat, eta erritmoa zertxobait jaitsi zuen. Gorriak, bien bitartean, etxekoen eraso saiakerak arazorik gabe ari ziren defendatzen. Egoera horretan, 76. minutuan nafarrek markagailuko aldea handitu zuten, korner batean Unai Garciak bigarrena egin zuenean.

Bi goleko errentarekin partida erabakita zegoela zirudien, baina Numantzia ez zegoen amore emateko. Horrela, 82. minutuan bi eta batekoa egin zuen Nataliok, Gaztañagak baloia orpoz maisutasun handiz laga ostean. Berdinketa gol bakarrera zuelarik, etxeko taldeak erasora jo zuen itsu itsuan. Gorriak, bien bitartean, beren zelaian zeuden sartuta, kontraerasoren batekin partida erabakita uzteko esperoan. Atzo eguna zuten nafarrek, eta azken minutuetako estrategia nahi bezala irten zitzaien: kontraeraso batean Puckok hirugarrena egin zuen, Kodroren jaurtiketa baten aldaratzea jaso ondotik. 93. minutua zen; dena jada esanda zegoen.

Honenbestez, gorriek garaipen oso baliotsu batekin eman diote amaiera urteari. Baliotsua, alde batetik taldeak zeraman bolada txarrarekin amaitu zuelako, eta bestetik urtea sentsazio positiboekin eta igoerari begira ixteko aukera ematen duelako. Nafarrak uneon hirugarren dira (Oviedok oraindik ez du jokatu) lider den Alavesengandik hiru puntura. Urte berriari ilusioz begiratzeko arrazoirik ez da falta.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s