Toralineko porrotak atikotik atera du Osasuna

Ponferradina-Osasuna (3-0)| Gorritxoek denboraldiko partidarik eskasenetakoa jokatu zuten Toralin futbol zelaian. Martinek hamaikako guztiz berritzaile bat zelairatu zuen, baina emaitza ikusita, ez dirudi esperimentua berriz ere errepikatuko duenik. Jipoiaz landa, iragan berri den jardunaldiak beste albiste txar bat ere utzi du nafarrentzat: 11 jardunaldiz igoera zuzeneko postuetan egon ostean, igandeko porrotaren ondotik bertatik kanpo gelditu dira.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

Sailkapenaren gorenean, edo Martinek esango lukeen moduan, atikoan egotera dagoeneko ohituta zegoen Osasuna. Laugarren jardunaldian Leganesi irabazi ziotenetik bertan zirauten gorritxoek. Hasiera batean igoera zuzeneko postuetan egoteari garrantzia kendu zioten, esanez denboraldiko helbururik behinena mailari eustea zela. Partiduz partidu, astez aste joatea aldarrikatzen zuten, igoera xede bezala jartzeko oraindik goizegi zela esanez. Haatik, jardunaldien joanarekin jokalarien zein entrenatzailearen  diskurtsoa aldatuz joan zen, eta azkeneko asteetan jada igoeraz eta denboraldia goiko postuetan amaitzeaz hitz egiten hasiak ziren. Atikoan irautea, baina, ez da merkea: alokairua hiru puntuak erregularki lortuta ordaintzen da. Eta Osasuna azkenaldian garaipenari bizkarra emanda dabil, azken zazpi partidetatik soilik bi irabazi baititu. Bistan denez, zenbaki kaxkarrak dira goian egon nahi duen talde batentzat, eta azken jardunaldira arte igoera zuzeneko postuetan irautea lortu bazuen ere, iragan igandean Ponferradinaren aurka  galduta atikotik kanpo gelditu da.

Toralineko porrota ez zen edonolakoa izan, etxeko taldeak hiru eta huts jipotu baitzituen gorritxoak. Hauek jakitun ziren etxean Ponferradina kategoriako talderik zailenetakoa dela (Toralinen galdu gabea zen, eta da oraindik ere), eta horrek euren bertsiorik onena ematea eskatzen ziela. Nafarrek, aitzitik, maila oso apalean jardun zuten. Martinek 4-1-4-1 sistemaren aldeko apustua egin zuen, erdiko defentsa lez Oier eta Loties jarrita eta David Garcia euskarrira pasata. Ezusteko ugari, arerioa ezustean harrapatzeko asmoz. Alabaina, apustu ustela izan zen, taldeak denboraldiko partidarik txarrenetakoa jokatu baitzuen: Nauzet penagarri aritu zen, defentsa, Garciatarren falta somatu zuelarik, izugarri hauskorra izan zen, eta erasoan kilimarik ere ez zioten egin Ponferradinaren defentsa ezin sendoagoari. Intentsitate eta oldarkortasun gabezia handia izan zuten gorritxoek, eta etxekoak ez zeuden barkatzeko. Horrela, partida hasi eta konturatzerako markagailuan atzetik ziren, bostgarren minutuan Acoranek lehen gola sartu baitzuen. Kontraeraso azkar bat aski izan zuen Ponferradinak hasi eta berehala gorrien defentsa birrintzeko.

Golak ez zituen  gorritxoak xaxatu. Susperraldirik ez zen izan. Ninoren jaurtiketa gurutzatu bat salbu, erasoan ez zuten gol abagune bakar bat ere sortu lehen zati osoan. Egoera horretan, 29. minutuan Ponferradinak bigarrena egin zuen, falta jaurtiketa baten bidez. Nafarren giza harresia eskas, Nauzet are eskasago. Kanariarrak pauso bat eman zuen kontrako zutoinerantz, eta horrek salduta utzi zuen. Bi eta huts beraz, eta sentsazio ezin ezkorragoekin. Oraindik minutu asko zeuden jokatzeke, baina partida hor amaitu zela esan daiteke (hala aitortu zuen Oierrek berak prentsa aretoan).

Bigarren zatian baloi gehiago izan zuten, Ponferradinaren areatik gertuago ibili ziren, baina sakontasun izpirik gabe. Etxekoak eroso, oso eroso zeuden, eta 65.ean Yurik hirugarrena egin zuen, Osasunaren zelaierdi zein defentsaren gabeziak agerian utzi zituen jokaldi batean: Santamariak ateko sakea egin, erdilari batek baloiari buruz eman, eta aurrelari brasildarra jada Nauzeten ate aurrean zen. Lehenengoan ez zuen asmatu, baina aldaratzea hartuta baloia sareetara bidali zuen. Hortik amaierara bitartean Ponferradinak markagailuko aldea gizentzeko hainbat abagune izan zituen, baina neurketa azkenean hiru eta hutsekoarekin amaitu zen. Atikora berriz ere itzuli nahi badu, Osasunak gauza asko ditu aldatzeko.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s