Joko gutxi, baina berriro ere lider

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@eagirrebeng)

Osasuna-Mallorca (2-1)| Joko eskasa erakutsi arren, hiru puntuak eskuratu zituzten gorritxoek igande arratsean. Balearren hasiera makala tarteko, bi gol sartu zituzten lehen 12 minutuetan. Hortik aurrera emaitza mantentzearekin aski izan zuten. Kanpokoek 20. minutuan markagailuko aldea txikitu zuten, baina gogor estutuagatik ere, bigarrena ezin izan zuten sartu. Garaipen honekin, talde nafarra sailkapeneko lehen postura itzuli da.

w_900x700_15215336osasuna-mallorca-liga-2016_179

Azken aldian joko aldetik kamuts antzean dabil Osasuna. Igandean Mallorcaren aurka ere ez zuen gozatzeko moduko futbolik jokatu, baina hiru puntuak eskuratu zituen bederen, ez dela gutxi. Joko faltaren aurrean, eraginkortasuna erabili zuten, beste behin ere, arma nagusi lez: izan zituzten aukerak barrura bidali, errenta defendatu, eta hiru puntuak patrikara. Taldeak emaniko itxurak ez zituen denak asebeteta utziko, baina garaipen baten ondotik aho zapore gozoa beti gailentzen zaie analisi ezkorrei. Gainera, igandekoa urrearen balioa duen garaipena da, alde batetik, gorritxoek zekarten bolada txarrari (hiru jardunaldi zeramatzaten garaipena ezagutu gabe) amaiera ematen diolako, eta bestetik, berriz ere Adelante Ligako lidertzan kokatzea ahalbidetzen dielako (23 puntu dituzte, bigarren den Cordobak bezalaxe).

Partida hasiera ezinhobea izan zen Martinen jokalarientzat, neurketa hasi eta hamabi minutu eskas besterik igaroak ez zirela jada bi eta huts baitzeuden aurretik. Mallorca lo zelairatu zen, eta gorritxoek ez zuten aukera alferrik galdu: izan zituzten lehen bi abaguneetan baloia sareetara bidali zuten. Ez zuten sekulako oldarraldirik egin. Ez zen gorrien eraso erauntsirik izan. Ezta beharrik ere: bi jokaldi soltetan neurketa ia erabakita utzi zuten. Lehenengo gola Unai Garciak egin zuen, Roberto Torresen erdiraketa bat arean bakar bakarrik zela buruz errematatuta, eta bigarrena Oier Sanjurjok, areaz kanpoko jaurtiketa batekin. Zortea lagun izan zuen Lizarrakoak, baloia gorritxo ohi Joan Oriolen hankan jo ostean sartu baitzen.

Mallorca, baina, ez zegoen horren azkar amore emateko. Kolpeak biziberritu egin zuen, eta baloiaren jabetza bere eginda, Nauzeten areara arriskua eramaten hasi zen. Modu horretan, 20. minutuan bi eta batekoa egin zuen, gorritxoen akats defentsibo hirukoitza medio. Gorritxoek ez zuten ezker hegala behar bezala itxi, Miguel Flaño markaketan pattal ibili zen, eta Nauzet ez zen mugitu ere egin. Osasunan ibilitako Ferran Corominasek oparia probestu, eta gorriek zuten bi goleko errenta murriztu zuen, harmailatara kezka eramatearekin batera. Oraindik minutu asko zeuden jokatzeke, eta atzean horrelako opariak egiten jarraituta zaila izango zen emaitzari eustea.

Golaren ostean, Mallorcak ez zuen erritmoa jaitsi; areago, beste martxa bat sartu zuen, berdinketaren gola atsedena baino lehenago lortzeko asmoarekin. Bien bitartean, nafarrak gozakaitz zebiltzan, baloia mantendu ezinik, eta Mallorcaren areara apenas gerturatu gabe. 5-1-2-2 eskema jada eraginkorra ez dela ikusirik,  Martinek bi euskarrirekin egin zuen froga, Merino eta Loties bertan kokatuta. Horrela jokatzeak, teorikoki, taldeari zelai erdian nagusi izatea ekarri beharko ziokeen, baina ez zen hala izan. Zelai erdia ez zen jokoa sortzeko gai izan, eta soilik denboraldi honetan esne mamitan dabilen Roberto Torres izan zen gai gorrien jokoari nolabaiteko zentzua emateko. Aurreko lerroari dagokionez, Bogdan MIlic estreinakoz hasierako hamaikakoan izan zen, baina ezer gutxi eman zion Osasunaren erasoari. Hasi gogotsu hasi zen, baina minutuen joanarekin batera bere gabeziak agerian gelditu ziren. Martinek aldatu zuen lehen jokalaria izan zen.

Gauzak horrela, neurketa kanpokoen monologo bilakatua zela, 31. minutuan gorritxoak arazotan sartzekotan izan ziren, David Garciak area barruan sarrera gogorra egin baitzion Sissokori. Epaileak penaltia adierazi ez zuela ikusirik, lasaitu hasperena egin zuten Sadarren bilduriko 13.000 zaleek. Hortik atsedenera bitarte Mallorcak estutzen jarraitu zuen, baina ez zuen susto gehiagorik eman.

Baloia izatearekin ez da nahiko

Lehen zatiaren amaiera Mallorcaren bakarrizketa izan bazen, beste horrenbeste izan ziren bigarren zatia. Bakarrizketa baloi-jabetzari dagokionez, gol abaguneak sortzerakoan antzu ibili baitziren balearrak. Baloia ukitu eta ukitu aritu ziren, Osasuna bere zelaian sartuta zutela, baina azken pasea ematerakoan behin eta berriz egin zuten kale. Hegaletatik zein erditik saiatu ziren, baina dela gorritxoen atzealdearen sendotasunagatik, edo dela euren kalitate faltagatik, ez zuten abagune garbi bakar bat sortu bigarren zati osoan.

Egoera horretan, minutuek aurrera egin ahala Osasuna geroz eta erosoago sentitzen hasi zen. Horretan zeresan handia izan zuten Martinek eginiko aldaketek, Milic eta Ninoren ordez Pucko eta Berenguer zelairatzeak mugikortasun, abiadura eta zorroztasun handia eman baitzion taldeari. Kontraerasoan min egiten hasi ziren nafarrak, eta hori ikusirik, Mallorca soilik erasoan zentratzeari utzi, eta  atzealdea zaintzen hasi zen. Horrek, garbi dago, eragina izan zuen kanpokoen eraso emarian. Arrisku sentsazioa geroz eta txikiagoa zela, azkenean emaitza arazo handirik gabe mantendu zuen talde nafarrak.

Honenbestez, gorriak sailkapenaren gorenean dira berriz ere. Perspektiba, dena den, ezin daiteke galdu: Mallorcaren aurka irabazi baino lehen, zalantza eta kezka jada ernatuak ziren Sadar aldean, eta gorrien jokoak inor gutxi konbentzitzen du. Taldearen egoera, ezbairik gabe, amets baten gisakoa da, Osasunarentzat lidertzan izatea, finean, hori batia: ametsa. Haatik, halako kasuetan esan ohi den moduan, zailena hor irautea da; sailkapenaren  estua ikustea (Cordobarekin berdinduta dago, eta play-off postuetako lau taldeak hiru puntu eskasera ditu) besterik ez dago. Beraz, nafarrei oinak lurrean eduki eta lan egiten jarraitzea dagokie. Jardunaldiz jardunaldi, partiduz partidu joatea, ametsa errealitate bihurtzeko dagoen bide bakarra.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s