Zalantzak uxatzeko, garaipena bezalakorik ez

Elx-Osasuna| Lehen Mailako usaina darion partida Martinez Valeron jokatuko dena. Osasunak etxetik kanpo hiru puntuak lortu eta berriz ere sentsazio positiboak transmititzea bilatuko du. Horretarako sailkapenean 13. den Elx hartu beharko du mendean. Uda ezin aztoratuago baten ostean, Alacanteko taldeak itxura oso irregularra eman du orain arteko 11 jardunaldietan.

Azken lau jardunaldietako Osasuna ez da denboraldi hasierakoa izan. Lehen jardunaldietako dizdira eta freskotasunaren arrastorik ez zaie antzeman Alaves, Albacete, Tenerife eta Gironaren aurkako neurketetan. Azken hau bereziki mingarria izan zen, Gironak gorritxoen gotorleku zen (ordura arte etxean galdu gabeak ziren) Sadarren irabaztea lortu baitzuen. Enrike Martinek pisua kendu dio porrotari, esanez iragan igandean galdu izanak ez ziola loa kendu; areago, aurtengo denboraldian horren lasai lo egin gabea ei zen. Arrizabalagakoaren adierazpenon zintzotasuna zenbatekoa den ezin daiteke jakin, baina bera ustez lasai badago ere, kontua da zaleei (eta, nork daki, menturaz jokalariei ere) zalantzak sortzen hasi zaizkiela.

Taldearen egungo egoera ez da artega egoteko modukoa, pozik egoteko modukoa baizik. Gorritxoak uneon bigarren dira sailkapenean, haztegiko jokalariak bikain ari dira erantzuten, eta harmailetan ilusioak hartu du lehengo urteko atsekabearen lekua. Haatik, denboraldiaren laurdena baino ez da igaro, eta igoerarekin amesten jarraitzeko nafarrek derrigorrezko izango dute gorabehera nabarmenik ez edukitzea. Egoera horretan, taldea azken aldian balazta sakatuta dabilela ikusirik, zaleak taldearen gaitasunaz zalantza egiten hasi dira: Osasunak goiko postuetan irauteko mailarik badu? Berriz ere ongi jokatzen eta emaitza onak lortzen hasteko gai izango da?

Horrela, bada, gorritxoak igande honetan Elxen aurka irabazi eta zalantzak uxatzen saiatuko dira. Sailkapenak dio nafarrak direla garaipena lortzeko faborito, beraiek bigarren diren bitartean Elx 13. postuan baitago. Bigarren Mailan, baina, sailkapeneko aldeak gutxitan islatzen dira berdegunean. Talde bat gaizki sailkatua egoteak ez du esan nahi trabarik jarriko ez dizunik (iragan igandean Sadarren jokatu zen partida horren adibide). Partidarik gehientsuenak oso berdinduak izaten dira, eta ziur aski Osasuna Elxen artekoa  ere hala izango da. Egoera horretan, bi elementu erakutsi beharko lituzke talde nafarrak: segurtasuna defentsan, eta sakontasuna erasoan. Azken jardunaldietan ez du ez bata ez bestea erakutsi, beraz, hiru puntuak lortu nahi baditu badu zertan hobetu.

Horretarako, aitzitik, Arrizabalagakoak ez du marrazki taktikoan aldaketarik egingo. Alegia, hobekuntza azkenaldian eraginkortasuna galdu duen 5-1-2-2 eskema mantenduta lortu nahi du. Ikusiko da zer emaitza ematen duen, baina geroz eta gehiago dira Martinek jokatzeko modua aldatu beharko lukeela dioten aburuak. Eskeman ez, baina hamaikakoan fitxak aldatuko ditu: Mesa, Olavide eta Puckok Merino (Gironaren aurka bostgarren txartel horia ikusi zuen), Adrian Cruz eta Martinezen lekua hartuko dute hurrenez hurren. Bestelakoan ez dirudi iragan jardunaldiko hamaikakotik Martinek ezer aldatuko duenik. David Garcia bueltan da, baina ziurrenik Tano, Miguel eta Unai izango dira hasierako hamaikakoan.

Elx, erregulartasuna lortu ezinik

Uda biziki aztoratua izan dute Alacant aldean. Jaitsiera administratiboa pairatu ondoren, taldearen bizkarrezurra osatzen zuten jokalariak (Jonathas, Adrian, Damian Suarez, Pasalic…) beste nonbaitera joan dira.  Egoera horretan, denboraldiko lehen laurdenean itxura kaskarra eman dute, igoerarako hautagai bati eskatzen zaion mailatik urruti. Lau partida irabazi, eta beste horrenbeste galdu dituzte, horietako bitan itxura negargarria emanda (4-1 galdu zuten Llagosteraren aurka, eta 1-4 Mirandesen aurka Martinez Valeron)

Modu horretan, uneon 13. dira sailkapenean, 15 punturekin, denboraldi hasieran xede zuten igoeratik baino jaitsieratik gertuago daudela. Nolanahi ere, sailkapenean aldeak oraindik oso estuak dira (bigarren den Osasunak bost puntu besterik ez dizkio ateratzen), beraz, igandean garaipena lortu eta goiko postuetara ahalik eta azkarren gerturatzea bilatuko du.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s