Dinamika aldaketa, geroz eta nabariagoa

Osasuna 0-1 Girona| Gorritxoek estropezu egin zuten Sadarren denboraldian aurrenekoz. Kanpokoak jaurtiketa ikusgarri batekin jarri ziren aurretik, eta ondoren markagailua arazo handiegirik gabe mantendu zuten. Bigarren zatian Martinen jokalariek zuten guztia eman zuten gola lortze aldera, baina kataluniarren defentsa amarauna ezin izan zuten apurtu, neurketa esku hutsik amaituz. Horrenbestez, sei jardunaldiz lidergoan izan ostean, Cordobak sailkapenean aurrea hartu die.  

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@Elspipi)

w_900x700_01191758image

Gorritxoak goitik behera doaz. Momentuz ez larritzeko moduko erritmoan –sailkapenean bigarren dira–, baina beherantz, finean. Dinamika aldaketa geroz eta nabariagoa da. Azken partidetako datuak argigarriak dira: Lugori lau eta huts irabazi ziotenetik, nafarrek garaipen bat, berdinketa bat eta bi porrot pilatu dituzte, aurretik zekarten martxatik urrun. Baina emaitzez landa, azken lau neurketetan erakutsitako jokoa ere joera aldaketaren lekuko da. Mendizorrotzan Alaves markagailu zein berdegunean gainetik pasa zitzaien, eta geroztik gozakaitz, dizdira galduta aritu dira. Denboraldi hasieran zuten freskotasunik gabe. Emaitza dena delakoa izanda ere, berdegunean deseroso sentitu dira. Horren adibide da Albaceteren aurkako partida: neurketa irabazi irabazi zuten, baina gorriak eta bi ikusi ostean.

Gorritxoek Teneriferen aurka jokatu aurretik esan genuen bezala, lidergoak txarretik ere badu, talde guztiek begirada liderraren jokatzeko modura zuzentzen baitute. Hori da aipatu dinamika aldaketaren eragile nagusienetariko bat: talde guztiek jada badakite nafarrek nola jokatzen duten eta, era berean, nola egin ahal zaien min. Egoera horretan, Martini taktikoki aldaketak egitea dagokio, baina momentuz bederen ez du halakorik egin. Teneriferen aurkako partidarako aldaketak aurreikusten ziren, baina azkenean betiko eskema bera erabili zuen; eta hala egin zuen iragan igandean ere, Gironaren aurka. Horrela, azken neurketa horretan argi eta garbi ikusi zen bezela, jokatzeko modu bera mantenduta zaila da arerioa ezustean arrapatzea.

Katalanen kontra, lehenengo 45 minutuetan Osasunak jaurtiketa bakar bat egin zuen atera. Zelai erdiko lerroa ez zen gai izan neurketaren gidaritza hartzeko, ez eta jokoari erritmoa emateko ere. Roberto Torres salbu, aurreko gainontzeko jokalariak arriskua sortu ezinda aritu ziren. Girona, bere aldetik, defentsan nahi bezala zebilen, intentsitate eta oldarkortasunaren bidez gorritxoen eraso saiakerak ezerezean utziz. Erasoan erakustaldirik ez zuten eman; ezta beharrik ere. Izan ere, 23. minutuan Adrian Cruzek laprast egin, Alcarazek baloia hartu, eta urruneko jaurtiketa batekin bat eta hutsekoa egin zuen. Gauzak aldapa gora jarri zitzaizkien gorritxoei, eta ondorengo minutuetan ez zitzaien erreakzio-zantzurik somatu. Soilik azken bost minutuetan sortu zuten arriskua: lehenik eta behin hamaikakoko ezusteetako bat izan zen Javi Martinezek baloia Becerraren eskuetara errematatu zuen, eta ondoren Roberto Torres falta jaurtiketa batekin saiatu zen.

Nahi eta ezin

Bigarren zatian gorritxoek jarrera aldaketa nabarmena izan zuten. Lehenengo zatiko joko goibela alde batera utzi, eta berdinketa erabakimenez bilatzeari ekin zioten, baloia hartu eta arerioaren zelaian jokatzen hasita. Alabaina, baloiaren jabe ziren arren, gol abaguneak nekez sortzen zituzten. Gironak, markagailua mantentzeko asmoz, urrats bat eman zuen atzera, eta bere zelaian sarturik, harresi bat paratu zuen area ertzean. Horrela, gorritxoak katalanen areara hurbildu bai, baina ondoren ez ziren gai Isaac Becerra atezaina estutasunetan jartzeko.

Egoera horretan, nafarrak itsu-itsuan berdinketaren golaren bila zebiltzala, Gironak espazioak probestu, eta kontraeraso azkarrak antolatzeari ekin zion. Horrela, bipahiru abagune izan zituen bigarrena egin eta partida erabakita uzteko. Ez zuen hala egin, baina beldurra sartu zuen zale zein jokalarien gorputzetan. Gorritxoak tentu handiagoz jokatzen hasi ziren, atzean erraztasun handiegirik ez emateko, eta fisikoki behera egitearekin batera, Gironari arriskua sotzea geroz eta zailagoa suertatu zitzaien. Berdinketa lortzeko aukeraren bat edo beste izan zuen –garbiena Berenguerrek 84.minutuan izanikoa, ate aurrean bakar bakarrik zela buruz gaizki errematatu zuenean–, baina esan beharrekoak jada esanda zeuden. Osasunak neurketa eta lidergoa galdu zituen.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s