Osasunak berdinketa oparitu dio Teneriferi

Tenerife 2-2 Osasuna|Garaipena ia eskura zuela bi puntuk ihes egin diote Osasunari. Izan ere, 93. minutuan sartu du Tenerifek berdinketaren gola. Etxekoek bi eta bikoa ezarri baino lehenago, Ninok hirugarren gola egiteko aukera ezin garbiagoa huts egin du.  Bederatzi jokalariekin -Alberto egotzi zuen epaileak eta Nanok zelaia utzi behar izan zuen buruan kolpe bat zela eta- berdinketaren gola lortu izanak utzi du hainbesteko aho zapore mingotsa. 40 urte irauten zuen madarikazioa amaitzeko aukera paregabea galdu zuen talde nafarrak.

Iñaki Berastegi Goikoetxea (@IBerastegi)

2015102520230254103

Madarikazioak hurrengo urtera arte, gutxienez, bere horretan iraungo du. 1976az geroztik Tenerifen irabazi gabe zegoen Osasuna. Adelante ligan, lehenengo mailan eta errege kopan, 39 urte horietan, hogei neurketa jokatu zituzten bi taldeek asteburuko partida lehiatu aurretik: hamasei porrot, hiru berdinketa eta garaipen bakarra talde nafarrarentzat. Iaz ere bi eta bat galdu zuen talde gorritxoak. Atzoko partida, denboraldi hasierako bolada ona baliatuz gero, madarikazio horrekin amaitzeko momentu egokia zela ematen zuen. Denboraldi hasieran ere beste bi madarikazioa apurtu izanak konfiantza sortzen zuen Enrike Martinen jokalariengan.

Partida itxita zegoela ematen zuenean, eta bi jokalari gehiago zituela, bi puntu galdu zituen Osasunak. Neurketa goraberatsua ikusi ahal izan zen Heliodoro Rodriguez Lopez futbol zelaian, joko dizdirarik gabekoa. Gol aukerak ere faltan bota zituzten zaleek. Markagailuak, baina, aldaketa franko jasan zituen. Bi taldeen neurketa kontrolatzeko nahiak ezerezean gelditu, eta norgehiagoka lehiatua, fisikoa, bilakatu zen. Neurketa egon ziren kolpeengatik gogoratuko da bereziki. Miguel Flañorekin talka egin zuen Tenerifeko Dani atezainak; bost sutura puntu eman behar izan zizkioten bekainean. Tentsio momentuak, baina, Nanoren talka eta gero bizi izan ziren. Unai Garciarekin batera egindako jauzi batean buruan kolpea hartu eta gero konortea galdu eta erietxera eraman behar izan zuten. Geldikako jokaldiei, beste behin, zuku izugarria atera zion talde nafarrak; bi golak estatregia jokaldietan etorri ziren. Puntuak aho zapore txarra utzi zuen arren, Kordobaren porrota baliatuta, Adelante Ligako lider bakarra da Osasuna momentu hauetan.

Hamaikakoan iragarritako aldaketak ere bete ziren: Mesa eta Pucko Olavide eta Berenguerren ordez. Neurketa hasi bezain pronto, ezustekoan, Enrike Martinen taldea markagailuan aurretik jarri zen. Leganesen aurka egin bezala, Roberto Torresek falta jaurtiketa bat maisuki bidali zuen sareetara. Badirudi Osasunak baduela aspalditik aurkitu ezinda zebilen falta jaurtitzaile bikaina. Denboraldiko seigarren gola da Arreko jokalariarentzat. Torresen golak partidaren moldea apurtu zuen, edo hala ematen zuen behintzat. Laugarren minutuan, Osasunak markagailua bere alde jarri zuenetik aurrera, kalitatezko futbol gutxi ikusi ahal izan zen. Aukerak ere, beste horrenbeste. Markagailuan atzetik joateak Teneriferengan utzi zuen neurketaren erantzukizuna. Kanariar Uharteetakoak ziren gehien saiatzen zirenak, aukerak, ordea, erruz sortzen zituzten. Aukerak sortzeko ezintasun horrek jokatzeko era ere aldatu zuen: bi taldeak luzean jokatzen hasi ziren. Ordurako neurketaren interesa txikia izaten ari bazen, jokatzeko era horrek are aspergarriga bihurtu zuen. Osasuna, baina, hein batean bada ere, eroso zegoela ematen zuen. Eraginkorra izaten ari zen lehenengo zatia; markagailuan aurretik erasoan ezer gutxi eginda eta defentsan zailtasunik pasatu gabe.

Faltek eta kolpeek ere partidaren erritmo baxua erabat mozten zuten. Monotonia hori apurtzeko, baina, Roberto Torres azaldu zen. Arreko erdilariak area kanpoan baloi bat hartu eta, ezker oinarekin, eskuadrara bidali zuen. Ordura arte erakutsitako jokoa dela eta, bi goleko errenta, akaso, alde handiegia izango litzateke. Neurketako lehenengo zatia amaitzear zela, merezita edo merezi gabe, Tenerifek banakoa ezartza lortu zuen. Eskuinetik egindako erdiraketa batean Nauzetek zalantza egin zuen. Tenerifeko jokalari batek zalantza izpi hori baliatu, eta baloia gaizki jota atzeratu bazuen ere, Cristoren hanketara iritsi zen, eta honek barrura bidali zuen.

Bigarren zatia, azken 10 minutuak salbuetsita, lehenengoaren monologo bat izan zen; joko eta aukera gutxi. Borroka, etengabea. Hainbesterainoko antza zuten bi zatiek, lehenengokoa bezala, bigarren zatiko hasiera ere ezinhobea izan zela Osasunarentzat. Merinori ukalondoarekin aurpegian emandako kolpe bat zela eta epaileak txartel gorria erakutsi zion Tenerifeko Albertori. Bigarren gola, baina, berriz ere geldikako jokaldi batean etorri zen. Torresek jaurtitako korner batean Oierrek defentsa guztiari aurrea hartu zion, eta burukada bikain baten bitartez baloia sareetara bidali zuen 64. minutuan. Berehala mugitu nahi izan zuen aulkia Enrike Martinek: Olavide sartu zuen alde batetik baloiaren jabetza eskuratzeko eta Puckok Berenguerren abiadura eta freskotasunari lekua utzi zion.

Hirugarren gola egitear

Zelaian bat gehiago izanagatik ere Osasunak ez zuen neurketaren kontrola lortu. Ezintasun horrek hegalak eman zizkion Teneriferi; fedea berreskuratzeak hauspoa eman zion  etxeko taldeari. Tarteka Osasunak eraso jokaldi onen bat ere antolatu zuen: Javier Flaño area barruan sartu zen baina ez zuen azken pasean asmatu. Hirugarren gola egin eta partida ixteko zorian egon zen talde nafarra: Nino eta Berenguer Daniren aurrean bakarrik geratu ziren. Verako aurrelariak pasea egin zezakenean aurrera jarraitzea erabaki eta baloiak ihes egin zion. Tenerifek ez zuen esperantza galdu eta 93. mintuan gol modura jaso zuen saria. Erabakita zegoen partida batean bi puntu galdu zituen Osasunak.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s