Eraginkortasunaren bidetik

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@Elspipi)

Osasuna 1- 0 Albacete| Gorritxoek garaipenaren bideari heldu diote berriro ere, Albaceteri Sadarren irabazita. Larunbatean gaztela-mantxarren aurka lortutako hiru puntuei esker, talde nafarra Bigarren Mailako liderra izango da beste aste batez. Zernahi ere, garaipena lortzea ez zen arrosa bidea izan; neurketa oso orekatua izan zen, eta fase askotan kanpoko taldeak Osasuna estu hartu zuen. Liderra, baina, zerbaitegatik da lider: Ninoren zertzelada bat eta Nauzeten erreflexuak aski izan zituen norgehiagoka irabazteko. 

Futbolean dena ez da ongi jokatzea. Baloiaren jabetza edukitzeak ez du punturik ematen. Aurkariak baino abagune gehiago izateak usuki ezer gutxirako balio du. Eraginkortasunak, aitzitik, partidak irabazten ditu. Galde diezaiotela bestela Martini. Orain arteko bederatzi jardunaldietan, salbuespenak salbuespen, Osasuna ez da aukera andana sortzeagatik ezaugarritu, baina ate aurrean asmatu, eta atzean behar bezala lan egiteak lidertza eskuratzea ahalbidetu dio; eraginkortasunaren bidetik iritsi da dagoen tokira. Horrela, bada, partidak irabazteko metodo hori muturrera eraman zuen iragan zapatuan Albaceteren aurka: etxean jokatuagatik ere, aurkariarenak izan ziren baloiaren jabetza zein gol abagunerik garbienak, baina azkenean Nino eta Nauzeten zertzelada banari esker hiru puntuak etxean gelditu ziren.

Edozelan ere, gorritxoengandik zertxobait gehiago espero zen. Gauza bat da eraginkortasuna ardatz izatea, eta beste bat, nahiko desberdina, Sadarren sailkapeneko beheko postuetan den talde bat minutu askotan nagusi izatea. Osasuna Mendizorrotzan hiru eta huts galtzetik zetorren, beraz, taldeak itxura ona eman eta garaipen lasai bat erdiestea espero zen. Finean, partida irabazi irabazi zuen, baino neurketak lasaitik gutxi izan zuen. Izan ere, Albacetek hasiera hasieratik garbi utzi zuen ez zela hiru puntuak oparitzera etorri. Luis Cesar Sampedrok zelai erdi indartsua atondu zuen, bi euskarri eta hauen aurretik beste gizon bat jarrita. Hori izan zen norgehiagokako gakoetako bat, marrazki taktiko horrekin Martinek zelairaturiko zelai erdia deskonektatu baitzuen. Horrela, talde nafarrak jokoa sortzeko zailtasun handiak izan zituen.

Minutu asko igaro behar izan ziren etxeko taldea neurketan sar zedin. Lehenengo 15-20 minutuetan, baloi jabetza eta aukerak Albaceterenak izan ziren. Osasuna, bien bitartean, gozakaitz zebilen, aurkariaren areara hurbildu ezinda. Harik eta Roberto Torresen abagune batek taldea berpiztu zuen arte. Kontraeraso batean Arrekoa lehen gola egitear izan zen, eta hortik aurrera gorritxoek partida osoan izan zituzten minuturik onenak iritsi ziren. Hegalez baliatuz, aurkariaren areara geroz eta usuago iristeari ekin zioten. Horrela, 24. minutuan markagailuan aurretik jarri ziren, Ninok Javien Flañoren jokaldi gogoangarri bati erremate itzela eman zionean. Ordura atera erremate bakar bat egin gabeak ziren, baina hegalari eta aurrelariaren arteko konbinaketa bat aski izan zuten bat eta hutsekoa egiteko.

Kolpe gogorra izan zen gaztela-mantxarrentzat, eta horrek taldearen erritmoan eragina izan zuen: baloiaren jabetzari ez zioten muzin egin, baina erasoa sortzerakoan ez zuten hasierako minutuetan zuten freskotasunik. Horrela, lehen zatiko azken hogei minutuetan ezer gutxi jazo zen berdegunean. 36. minutuan Torres bakarkako jokaldi batean bigarren gola egiten saiatu zen, defentsa bati izkin egin eta baloia indarrez jaurtita; atezainak, baina, ongi erantzun zion. Bestelakoan, gol abagune garbirik ez. Gorritxoak bat eta hutsekoarekin iritsi ziren atsedenera, golaz geroztiko minutuetan eroso jokatuta.

Barearen ostean, ekaitza

Lehen zatiko azken minutuetako barea ekaitz bilakatu zen bigarren zatiaren hastapenean. Izan ere, 58. minutuan epaileak Osasunaren aurkako penaltia adierazi zuen. Ez zegoen zalantzarik: Miguel Flañok Ruben Cruzi elastikotik tira egin zion area barruan. Penaltia Ruben Cruz berak jaurti zuen; baita gaizki jaurti ere. Urduritasunaren ondorioz, baloiari indarge eman zion, eta hor zen Nauzet, baloia harrapatzeko. Kanariarra berriz ere taldeko jokalaririk nabarmenetariko bat izan zen, eta ez soilik penaltia gelditzeagatik. Izan ere, lehen zein bigarren zatian meritu handiko bizpahiru gelditu egin zituen. Geroz eta seguruago, geroz eta liderrago, atezaina da Osasunaren arrakastaren giltzarrietako bat.

Gauzak horrela, 11 metrotatik huts egin ostean, Albacetek gora egin zuen. Berdinketa horren gertu ikusirik, ez zuen aukera alferrik galdu nahi. Modu horretan, baloiaren jabetza bere egin, eta pixkanaka talde gorritxoa bere zelaian sartzen joan zen. Gorritxoek aurkariaren area geroz eta urrutiago ikusten zuten, horrek dakarren arriskuarekin. Defentsan, gainera, ez ziren orain arte Sadarren erakutsitako sendotasuna transmititzen ari. David Garciak lerro horretan daukan eragina izugarria da, eta bere ausentzia dezente nabaritu zen. Beraz, hortzak estutu beharrean zen Osasuna. Azkenean, baina, partida bat eta hutsekoarekin amaitu zen. Neurketa aurretik uste zena baino gehiago sufrituta, baina gorritxoek beste garaipen bat patrikaratzea lortu zuten. Eraginkortasunaren bidetik lorturiko hiru puntu, lidertzan jarraitzeko.

Enrike Martinek haztegiaren alde apustu egiten darrai

Garaipenaz landa, larunbateko partidak beste albiste pozgarri bat utzi zuen: Javi Martinez eta Antonio Otegiren debuta. Otegi bigarren zatiko 17. minutuan zelairatu zen, Olavideren ordez; Javi Martinezek, bere aldetik, azken 10 minutuak jokatu zituen, 39. minutuan Ninoren ordez sartuta. Horrela, lehen taldearekin euren lehen minutuak jokatu zituzten.

Askorentzat Taxoareko harribitxia den Otegiri –17 urte besterik ez ditu– dagokionez, entrenamendu zein deialdietan ohiko bilakatu da, baina oraindik partidu ofizialean jokatu gabea zen. Honenbestez, larunbatean jokatuta talde gorritxoan arrakasta lortzeko lehen urratsa jadanik emana du. Javi Martinez ere jubenil adinean da –18 urte ditu–, eta larunbatera arte lehen taldearen deialdietatik kanpo geratua bazen ere, Albaceteren aurkako partidarako deitua izan, eta bere lehen minutuak jokatu zituen.

Modu horretan, Arrizabalagako entrenatzaileak, zigorrak zigor –ez da ahaztu behar Osasunak soilik 18 fitxa profesional izan ditzakela, eta horietatik gutxienez 7 uneoro berdegunean izatera derrigorturik dagoela–, Taxoareko jokalari gazteen aldeko apustua egiten jarraitzen du.

Advertisements

One thought on “Eraginkortasunaren bidetik

  1. Pingback-a: Hitzometroa| Osasuna-Albazete | Taxoareko Hitza

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s