Nino, zilarrezko jokalaria

Larunbatean aurrelari almeriarra zilarrezko mailan partida gehien jokatu dituen jokalaria bilakatu zen. Kategoriaren historiako goleatzailerik onena ere bada, 163 golekin. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@Elspipi)

Larunbateko derbia partida zaila izan zen Ninorentzat. Alavesek eginiko defentsa lan sendoaren ondorioz, Verakoa oso gutxi sartu zen jokoan. Eta baloia ukitu zuenean, zelai erdian ukitu zuen, bere gogoko eremutik urrun. Baina berdegunean gertaturikoak albo batera utzita, Mendizorrotzakoa partida oso berezia izan zen almeriarrarentzat. Izan ere, zilarrezko mailan bere 426. neurketa jokatuta, kategoria honetan partida gehien dituen jokalaria bilakatu zen. Horrela, Lugoren aurkako norgehiagokan Bartzelona B, Merida, Salamanca eta Terrassan aritutako Quique Martinen 425 partiduko marka berdindu ostean, iragan asteburuan errekor berria ezarri zuen. Eta ez da Almeriakoak duen errekor bakarra, 163 golekin kategoria honen historiako golegilerik oparoena ere bera baita.

Bidea, dena den, ez da ez erraza, ez laburra izan. Bigarren mailan debuta bere bihotzeko taldea den Elx-ekin egin zuen, 18 urte eskasekin, eta geroztik 12 denboraldi jokatu ditu zilarrezko mailan, aipaturiko zenbakietara iritsi arte. Gehienak (7) Elx-en bertan jokatu zituen, eta denetan zein denetan maila aparta eman zuen. Lehenengo denboraldia salbu, beste seietan ez zen 10 goletatik jaitsi, eta partida kopuruari dagokionez ere erritmo izugarrian aritu zen –sasoi gehienak 40 neurketa inguru jokatuta amaitu zituen–. Gauzak horrela, 256 partidatan 86 gol zeramatzala, Levanteren eskutik Lehen Mailara egin zuen jauzi. Bertan, ordea, bere mailatik urrun samar ibili zen –19 norgehiagoka jokatu, eta gol bakarra sartu zuen–, beraz, denboraldi amaieran Teneriferekin fitxatu eta bere kategoria kutunera itzultzea erabaki zuen.

Horrela, bada, irletako taldean berriz ere bere bertsiorik onenean aritu zen. Guztira lau denboraldi eman zituen bertan, hiru Bigarren Mailan eta bat Izarren Ligan. Eta zilarrezko kategorian jokatutako hiruetan zenbaki apartak lortu zituen: 121 partidu jokatu, eta 64 gol erdietsi zituen. Ondoren Lehen Mailan zegoen Osasunak fitxatu zuen, eta lehen denboraldian nahiko ongi aritu bazen ere –6 gol sartu zituen–, ondorengo bietan futbolaren alderik itsusiena ezagutu zuen. Bere kirol ibilbideko unerik latzenak 2013ko udatik aurrera igaro zituen, belaunean lesio larri bat izan ondoren hainbat hilabetez zelaietatik kanpo egon behar izan zenean.

Asko jada almeriarra lurperatzen hasiak ziren, eta Osasunatik irtetear ere egon zen, baina talde gorritxoak –kategoriaz jaitsi berria zenak– beste aukera bat eman zion, batez ere kontuan hartuta bigarren mailan bere zenbakiek gora egiten dutela. Eta bete betean asmatu zuela esan daiteke, iragan denboraldian taldeko jokalaririk onenetariko bat izan baitzen –golegile nagusia izan zen, 41 partidatan 11 gol sartuta–. Aurtengo denboraldiari golari bizkarra emanda ekin zion, baina azken jardunaldietan hobera egin duela esan daiteke, Zaragoza eta Lugoren aurka gol bana eginda. Martinen eskeman funtsezko papera jokatzen du, beraz, ondo bidean, historia egiten jarraituko du.

Begirada atzera bota, eta egindakoaz harro sentitzen naiz”

Taxoaren gaur goizean emaniko prentsaurrekoan adierazi du lortutako markak poz handia eragiten diola, zenbaki horien atzean lan handia dagoela azpimarratzeaz gainera: “Marka honen atzean sakrifizio eta lan handia dago. Profesional bezala 18 denboraldi daramatzat, une on eta ez hain onekin. Begirada atzera bota, eta egindakoaz oso harro sentitzen naiz”. Verakoaren esanetan, orain arteko erdietsi dituen lorpen guztiak ezinezkoak ziratekeen alboan behar bezalako babesa izan gabe. Bestalde, bere nahia errekorra garaipen batekin ospatzea zela aitortu du: “Mendizorrotzan galtzea pena handia izan zen. Nire marka pertsonalarekin oso pozik nengoen, baina partida galtzeak amorru handia eman zidan”.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s